Biharko nobedadea Bea Fernández izango da. Frantziako Fleury taldean hiru urte t’erdi igaro ondoren Bera Berara itzuli da kantabriarra. Donostian bi urte egin zituen internazionalak, azken denboraldian Bera Bera Kopako finalera iritsi zen Altean eta aurreneko aldiz Ligako azpitxapeldun gelditu zen, bi kasuetan Itxako izan zuten aurretik gipuzkarrek.
Hortaz, Ziarsolo eta Múgica salbu, Puchek aurreneko plantillako 13 jokalari ditu prest oso txapelketa ona burutzen ari den Prosetecnisa Zuazo Barakaldoren aurka. Bera Berarekiko puntu bakar batera, zazpi garaipen lortu dute, Mecalia Atlético Guardés taldearen aurka berdintzea lortu zuten eta Zarauzko Aritzbatalden eta Barakaldon Rocasaren aurka galdu zuten.
Ainhoa Hernández Mundiala jokatu duen pibotea, Oihane Gil eta Elizegi jokalariei gehitu zaie aurten Steinbach alemaniarra, Castellanos atezaina eta Nogales zentrala, ondorioz, Zuazo talde arriskutsua da, Bera Berarekin eman diren azken emaitzak adierazten baino gehiago.
Donostiarrek, berriz, jakin badakite ezin dutela akatsik egin eta Rocasa presionatzen saiatuko dira. Kanariarrek Challenge Cupean egingo dute debuta eta Valentzian jokatuko dute jardunaldia urtarrilaren 13an. Antza, gipuzkoarrek ondo hartu dute etenaldia, lagunartekoetan eta Euskal Kopan abiadura berreskuratu dutela antzeman da eta orain baliabide gehiago dute.
Astebururako harrobiko beste partidan, senior taldeak Egia hartuko du igandean 12,15etan Bidebietan.