Helvetia Alcobendasek aise gainditu zituen Aiala Zarautz, Canyamelar Valencia, Elche Mustang, Clínicas Rincón Málaga, Jofemesa Oviedo eta duela bi aste arazoak izan zituen BM Porriñoren aurrean, gol bakar batez atera baitzuen norgehiagoka (28-27).
Partida hauetan etxean batez beste 28 gol baino gehiago sartu ditu eta 21,5 gol jaso. Félix García entrenatzailearen taldea gainditzeko Bera Berak Bidebietan Carobels ULE Cleba León taldearen aurkako jokua erakutsi beharko du.
Donostiarrek 16 eta 15 gol jaso dituzte azkeneko partidetan Zuazo eta Leongo taldearen aurka, hortaz, defentsa eta atepean sendo dira. Erasoan azken norgehiagokan erakutsitako joku bizia izango da erabakiorra.
Talde gaztea da Helvetia Alcobendas, Ciobanu salbu -42 urte- Prieto eta Alba García dira beteranoenak. Joku azkarra erabiltzen du kontraerasorako Teresa Francés edo Aramendia nafarrarekin eta posizionalean Boada edo Prietoren gidaritzapean hutsuneak aurkitzen saiatzen dira Mónica Ausàs edo Gandulfo argentinarraren jaurtiketak baliatzeko, Alba García pibotea topatzeko edo hegaletara baloiak irekitzeko. Defentsan, protagonismo handia hartzen du Nora Azurmendi donostiarra, Bera Berako harrobitik irten zena.
Prosetecnisa Zuazo Barakaldo eta Carobels ULE Cleba León taldeen aurkako zerrenda bera osatu dute Puche eta Rubiok. Entrenatzaileek jakin badakite partida zaila izango dela eta plantillan mezu hori utzi dute.
Azken urteetan, halere, Alcobendas pista ona izan da Bera Berantzat. Iaz 28-32 irabazi zuen Tati Garmendia eta Montse Puche –aurreneko aldiz- eserlekuan; Imanol Álvarezekin bigarren Liga eskuratzeko urrats handia eman zuen (23-31) liga amaitzeko bi partida gelditzen zirenean; Reyes Carrererekin ligarako hautagai bihurtu zen (28-35) eta 2011-12 denboraldian Bera Berak ligako bigarren lekua ziurtatu zuen.
Iazko denboraldian Maite Zugarrondok ezin izan zuen taldekideohien aurka jokatu. Bidebietan eserlekuan igaro zuen partida osoan eta Alcobendasera bidaiatu arren, harmailetik ikusi zuen partida Castelldefelsen aurkako norgehiagokan sorbaldan mina hartu zuelako. “Arantza gelditu zait, oso berezia da niretzako, nire etxea izan zen lekura bueltatzeko eta taldekide ohiak ikusteko irrikan nago” adierazi du nafarrak.
Helvetia Alcobendasek hasiera ezinhobea eman dio urteari Porriño eta Barakaldon Zuazo gaindituta eta zazpigarren postutik laugarrena salto eginez. “Orain moralki oso ondo egongo dira” adierazi du Zugarrondok. Madrildarrek baja garrantzitsuak izan dituzte iaztik hona. Sans bera, Arderius –Aula Valladolid-, Estela Carrera –Guardés-, eta Ferrer edo De la Cruz. “Betikoa egin dute, jokalari gazteak fitxatu eta dagoenarekin osatu taldea, horrela, talde ona dute Aramendia, Mónica Ausás, Alba García, Prieto eta Boada edo Gandulfo argentinarraren fitxaketarekin eta Ciobanuren itzulera, gazteak dira, kementsuak eta arriskutsuak”. Horregatik, taldeari eskatzen dio “ehuneko ehuna eman behar dugu hasieran partida konplikatua izango delako, estu-estua, ikusteko polita, jokatzeko irrikan goaz finala delakoan, jakinda bolada onean dagoen taldea izango dugu aurrean”.
Alcobendasen egindako urtean, Judith Sans eta Nora Azurmendi lagun minak egin ziren. Donostiarra, Bera Berako jokalari ohia Madrilen hirugarren denboraldia betetzen ari da. “Bakarrik esan dit bideoa ikusi behar zutela, ezer gehiago baina badakit gure partida iristeko zain daudela eta gainera urteari oso ondo ekin diote, hortaz, guztia ematera irtengo dira eta motibatuak” adierazi du Sansek. Pibote kataluniarrak onartzen du “irrikan nago berriro Pabellón de los Sueñosen jokatzeko, taldekide ohien aurka, ondo egongo da”.
Pista horretan ez ditu partida errazak izan Bera Berak eta Judith Sansek Zugarrondorekin bat egin du “guztia ematera irten behar dugu defentsan, erasoa moldatu eta Ciobanuren aurrean jaurtiketetan asmatu, partida asko ateratzen ditu eta”.
Rocasa eta Mecalia Atlético Guardésekin, Helvetia Alcobendas da etxeko partida guztiak irabazi dituen Loterías Ligako hirugarren taldea. Partida, larunbatean 17etan Alcobendaseko Pabellón de los Sueños.