Hortaz, Bidebietan egindako agerraldi batean Bera Berak jasotako babesa eskertu nahi izan die instituzioetako ordezkari eta Realeko bi kontseilariei. “Hauspo honen ezean ezingo genion Txapeldunen ligari heldu datorren denboraldian”.
Bera Bera RTko presidente Fernando Diez Mintegik onartu du “emakumeen eskubaloiaren inguruan etsipena zen nagusi uko egitea beste biderik ez genuelako, halere, gaur hemen elkartu gara guztiok ados jarri garelako eta eskertzekoa da instituzioen aldetik jasotako babesa eta Realarena Ligako txapeldun izanik Txapeldunen ligan aritzeko aukera ematen digutelako”.
Tati Garmendia hunkituta agertu da komunikabideen aurrean. Eskubaloiko arduradunak azaldu du “erabakia ez da erraza, asko pentsatu dugu, egoera guztietan kokatu behar gara, partidetan eta baliabide ekonomikoak aztertu eta dirutza da”. Era berean aipatu du “gure autoestimurako oso albiste ona da, pistan lortu duzunari heltzen diozun heinean”.
“Merezi dute”
Garmendia hunkituta ikusteak zeresana eman dio Kiroletako foru diputatu Denis Itxasori. “bere emozioak guztia esaten du, legez lortutako garaipena da, pistan eskuratu dutena”. Bere ustez “askotan ahoa bete zaigu berdintasunaz hitz egiterakoan baina unea iristen denean arazoak agertzen dira baliabideen aldetik kirol arloan lortu dutena egi bihurtzeko”. Horregatik, Denis Itxasok azpimarratu du “instituzioak eta Realak bat egin dugu, horrek esan nahi du Gipuzkoan elkartasunaren balorea dugula. Bera Berak, batez ere eskubaloia, Gipukoako balore horiek islatzen ditu: baloreak, harrobia eta berdintasunaz gain, adorea, kemena eta grina”. “Tatiren emozioak adierazten du guk sentitzen duguna babesle nagusi gisa” amaitu du.
Donostiako udaleko kiroletako zinegotzi Martin Ibabek azpimarratu du “egun handia da” eta behin eta berriz adierazi du “justizia egiten dugu, jokalariek pistan lortu dute eta instituzio gisa horrelakoak babestu behar ditugu”.
Bere esanetan, “klubak ez digu guri eskerrak eman, guk beraiek baizik, hiria, lurraldea eta herria kirol arloan maila internazional gorenera eraman gaituztelako”. Ibabek aipatu du “beti egongo gara behar gertu, merezi dutelako eta Donostiako, Gipuzkoako eta Euskadiko kirolaren baloreak ezin hobeto ordezkatzen dutelako”.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako kiroletako zuzendari nagusi Jon Redondok azpimarratu du Bera Berak duen “meritoa, askotan merezi duen garrantzia ematen ez diogulako”. “Klubari eskertu nahi diot egiten duen esfortzua eta instituzioei pistan lortu dutena berretsi dutelako Txapeldunen ligan egon ahal izateko”.
Redondok enpresa pribatuak ere animatu ditu “horrelako plataforma garrantzitsua” babeste aldera, “guk Euskadi Basque Country markarekin egin dugun bezala”.
Azkenik, Realeko kontseilari Alex Urangak, Bera Bera zoriontzeaz gain, aipatu du “jakin badakigu horrelako erronkarako baliabideak lortzea zaila dela”. Horregatik Realak “helburuak lortze aldera laguntza eskaini du talde hau Txapeldunen ligan jokatu ahal izateko”. “Emakumezkoen kirolean eredua da Bera Bera eta Realak ere emakumezkoen kirola babesten duelako” aimatu du.
Eskubaloia ere ezin falta eta 11etan etorkizuneko jokalarien artean partida bat jokatuko dute Donibaneko kiroldegian.
Lehiaketari dagokionez partida bakarra dago igandean bertan, infantil mailan nesketan Bera Bera Hiru eta Ereintza B taldeek jokatu behar dutena Beraungo pilotalekuan 11,30etan.
Igandeko bazkaria giroa sortuko da, jokuak ez ezik sariak ere izango direlarik.
Infantil mailako Gipuzkoako nesken selekzioa
June del Campo eta Saioa Gerendiain jokalariak deitu ditu Gipuzkoako federazioak larunbatean Oñatiko kiroldegian Korpuseko X. txapelketan parte hartzeko Gipuzkoako selekzioarekin.