Lehengo larunbatean Lasesarren, Bera Bera Eskubaloiko kapitaina Matxalen Ziarsolok emakumezkoen eskubaloiko ligan mila goleko langa gainditu zuen. Espainiako federazioak datu historikoak eskaintzen ez dituenez, Garako kazetari Juan Carlos Elorza da iturria.
Jaso dituen datuen arabera, Matxalen Ziarsolo 996 golekin sartu zen Lasesarrera. Kazetariak kapitainari sei gol apuntatu zizkioen –aktaren arabera, zazpi baina askotan izaten dira horrelako gorabeherak- hortaz badira 1.002 gol, Esme López jokalari ohiak ligan ezarri zuen markatik oso gertu (1.014) baina oso urruti du Tati Garmendiarena (1.709).
Guztira, Ziarsolok 1.306 gol daramazki lau lehiaketa kontutan hartuta: Liga, Kopa, Superkopa eta Europakoak, Bera Berako bigarren golegile nagusia delarik, Esme Lópezek baino 37 gol. Tati Garmendiak 2.157 sartu zituen.
16.000. gola
Larunbat honetan (19etan) Bera Berak Leongo Carobels Cleba taldea hartuko du Bidebietan. Donostiarrek 23 sartzen badituzte ligan 16.000 gola suposatuko luke. 2013ko urrian Maitane Etxeberriak taldeko 23. gola sartu zuen Bidebietan Porriñoren aurka, 15.000. egiten zuela eta beste 23 gol batekin Eli Pinedok 14.000. egin zuen, Bidebietan ere bai, Alcobendasen aurka, 2012ko apirilean.
Asteburuko emaitzen artean azpimarragarrienak izan ziren euskal ligako taldeen garaipenak. Kadete eta jubeniletan, Aloña Mendi gainditu zuen Bera Berak, aurrenekoek 19-25 eta gol bakar batez jubenilek (16-17). Bestetik, senior taldeak 25-21 irabazi zion Asador Basusta Pulpo K.Eri.
Fase amaieran, Bera Bera kadete hirugarrena izan da bere multzoan; Bera Bera jubenil taldea seigarrena gelditu denez, hurrengo faserako promozioa jokatuko du asteburu honetan Bilbon.
Infantil mailan, neskek 8-37 galdu zuten Egia 1 taldearen aurka; mutilek, 17-19, Ereintza D taldearen aurrean eta lurralde mailako kadete taldeak 18-19 Egia Reformas Pablo Vegaren aurka.
Lehengo larunbatean Barakaldon lorturiko garaipenarekin, Bera Bera Eskubaloiak Bidebietatik at liga hasiera onena gauzatu du, erreskadan sei norgehiagoka irabaziz. Nagusitasuna adieraziz, gainera, Valentzian gol bakar batez irabazi bazuen ere, gainontzekoetan hamar goleko aldea gainditu dute gipuzkoarrek.
Aurreneko itzuliko egutegia ez da oso zaila izan, egia esanda, izan ere, Bera Berak azken lau sailkatuen pistetatik hirutan izan da: Vivelafruta.com- E. Castelldefels, Adesal Córdoba eta Clínicas Rincón Málaga Costa del Sol. Baina pista zailak ere bisitatu ditu: egun laugarrena den Valladolid, arestian aipaturiko Valentzia eta lehengo larunbatean Lasesarre, non Zuazok jokaturiko partidak bereganatu zituen.
Bera Berak joera aldatu du, betidanik Bidebieta izan baita indargune nabarmena. Partidako ia 32 gol daramazki kanpoan, etxean baino zortzi gol gehiago; aitzitik, 19 gol jasotzen ditu partidako. Ligaz aparte, denboraldi honetan etxetik kanpo jokaturiko partida guztiak irabazi ditu, bederatzi guztia, Salernon EHFko kanporaketako bi eta Kopakoa Kordoban, alegia.
Orain arte, 1994-95 denboraldian, Mario Hernándezekin, Bera Berak egungo zenbakiak errepikatu zituen liga hasieran, hau da, hamar garaipen, berdinketa eta porrot bana. Leganesen atera zuen puntua azaroan eta ondoren txapelduna izan zen Mar Ositoren aurka galdu zuen Bidebietan (27-32). Hurrengo urtean Mar Osito izan zen donostiarrak gainditzen bakarrak aurreneko hamabi jardunaldietan eta 1997-98 denboraldian, Jorge Dueñasekin, Bera Bera bost garaipen jabe egin zen etxetik kanpo baina L’Elianan berriro galdu zuen. Iazko denboraldian, Imanol Álvarezekin, Alacanten (25-23) galdu zuen 12. jardunaldian, etxetik kanpo seigarran partidan, alegia.
Etxetik kanpoko boladei dagokionez, Reyes Carrere entrenatzaile zela 2011-12 denboraldian Bera Bera azpitxapelduna izatea lortu zuen aurreneko aldiz. Orduan, irailean Lizarran eta azaroan Elxen galdu zituen partidak baina handik aurrera Bidebietatik at guztia irabazi zuen, bederatzi norgehiagoka, hain zuzen. Hurrengo urtean, aurreneko liga eskuratu zuen denboraldian, Reyes Carrereren taldeak sei partida jarraian irabazi zituen etxetik kanpo. Eta iaz, Imanol Álvarezekin bost partidako bi bolada izan zituen Bera Berak.
Datorren larunbatean Leongo Carobels Cleba taldea Bidebietan hartu eta gero, hurrengo partida segituan da, Granollersen otsailaren 3an (20,30etan), EHFko kanporaketa dela eta aurreratuko den partida.
Barakaldoko Lasesarre kiroldegian lehengo larunbatean Rocasaren aurka azaldu zuen inertziarekin gainditu zuen Bera Berak Prosetecnisa Zuazo, etxean jokaturiko bost partidan irabazi zuen taldea.
Pinedo, Etxeberria eta Múgica bezalako baja garrantzitsuak izan arren, Bera Berak Zuazoren joku azkarraren aldeko apustuari eutsi dio hasieran. Menéndezen aurreneko gola sartu arren, bizkaitarrak 2-1 aurretik jarri dira, partidan izan duen abaintzaila bakarra, izan ere, Bera Berak ondo baino hobeto gauzatu ditu kontraerasoak Núñez, Azanza, Martínez eta Ziarsolo jokalarien bidez. Zuazok ahalik eta azkarren iritsi nahi zuen Tempranorengana, Elorzarekin defentsa-eraso aldaketak baliatuz. Baina minutuak pasa ahala, donostiarren aldea handitzen joan da.
Bide azkarra erabili gabe ere Bera Berak hutsuneak aurkitu ditu bizkaitarren defentsan. Taldea zuzentzeaz gain, Esther Arrojeriak hiru gol egin ditu. Gipuzkoarren 6-0 defentsak neurria hartu dio bizkaitarren lehenengo lerroari, Oihane Gil, Bonilla eta Sandra Gil osatua, Ahedo, Yañez eta Elizegi hirukoteak ordezkatu dueta baina ezer gutxi egin dute Tempranoren aurrean. Azkeneko 16 minutuetan Zuazok hiru gol besterik ez ditu egin, donostiarrek, aldiz, bederatzi. Atsedenaldian 11-19 Bera Bera aurretik, nagusitasuna adieraziz.
Etxaburuk 6-0 defentsaren aldeko apuestua egin du, Elorza eta Núñez erdian jarriz, ondoan Menéndez eta Martínez, Ziarsolo eta Azanza hegaletan eta Temprano atepean. Bizkaitarren erritmo altuari erantzuteko jokalari guztiek minutuak izan dituzte.
Bigarren zatian, partidak gidoi berdinarekin jarraitu du baina Zuazok indar gehiago erakutsi du. Halere, orduan atepean Zugarrondorekin topo egin du eta donostiarren defentsak ez du maila jaitsi. Erasoan, Bera Berak arazo gehiago izan ditu baina aukerak kontraerasoan ez ezik Núñez eta Ederra pibotean ere aurkitu dituzte.
Lehenengo itzulia amaitzeko partida bat gelditzen denean, garaipen honekin Bera Berak Kopako zozketan zerrendaburu izango da.
Fitxa
Prosetecnisa Zuazo Barakaldo 20 (11+9): Ramírez, Álvarez (1), Bonilla (4), Oihane Gil (1), Hernández (2), Sandra Gil (2) eta Etxabe (1) –titular- Yañez (6, 3p), Elizegi (1), Ahedo, Sanz, Azaola (1), Agirregomezkorta (1), De Andrés, Aalla (o.a.)
Bera Bera 35 (19+16): Temprano, Azanza (1), Arrojeria (5), Núñez (7), Menéndez (4, 1p), Martínez (3) eta Ziarsolo (7, 3p) –titular- Elorza (2), Ederra (4), Arizaga, Ezkurdia (2) y Zugarrondo (o.a.).
Epaileak: Matías Muñiz eta Joseba Jokin Ordoki (Nafarroa)
Kanporatuak: Bonilla Zuazotik eta Menéndez, Martínez, Ezkurdia eta Ziarsolo Bera Beratik.
Partzialak: 3-5, 6-8, 8-12, 10-16, 11-19 –atsedenaldia- 13-22, 15-23, 18-25, 18-27, 19-30 eta 20-35
Sei partida jokatuko ditu Bera Berako harrobiak asteburuan. Oñatin irekiko da asteburua, euskal ligan dagokien kadete eta jubenil mailako partidekin. Zubikoa kiroldegian 16etan Aloña Mendiren aurka arituko da kadete taldea eta jubenilen txanda, 17,30etan.
Bestetik, lurralde mailako kadeteetan, Bera Berak Egia hartuko du bihar larunbata Bidebietan 18etan.
Igandean, hiru norgehiagoka Gaskan. 9,20etan infantil mailako neska taldeak Egia 1 izango du aurrean; infantil mailako mutilen taldeak Ereintza D hartuko du 11etan eta euskal ligan, Asador Basusta izango senior mailako aurkaria 12,30etatik aurrera.
Errespetua
Behin baino gehiagoetan bere partidetan, protestak eta irainak entzuten asperturik, batez ere epailei zuzenduta, lehengo igandean Bera Berako kadete eta jubenil mailako jokalariek Bidebietako pistara pankarta batekin agertzea erabaki zuten “Errespetua. Kiroltasunez joka dezagun denok! lemapean.
Horregatik, partiden hasieran, aurkariak, taldekideak eta epaileen erabakiak errespetatzeko knpromisoa hartu zuten eta, era berean, elkartu zen jendeari kiroltasunez jokatzea. Protesta txiki bat izan ezik, hartutako neurria arrakastatsua izan zen eta norgehiagokak normaltasunez jokatu ziren.
Argazkian, Bera Bera eta Aiala Zarautz taldeetako kadete taldeak.