Frograri begira, Aitor Etxaburuk Peñafielen Valladolideko Aula Cultural taldearen aurka jokatu zutenak deitu ditu eta zerrendan Udane Rodríguez atezainak María Akuña ordezkatuko du. Udane lehenengo taldearekin lehen aldiz aritu zen Barakaldon, abuztuaren 16an, 18 urte bete zuen egunean, hain zuzen.
Peñafielen bezala, Elorza defentsan bakarrik arituko da, eskuin sorbalda mina duenez, jokalarien artean minutuak banatuko ditu eta entrenaldietan landu dutena pistan agerian utzi nahi du entrenatzaileak.
Biharko partidan, dohainik izango dena, irailaren 13an hasiko den denboraldi berrirako abonamendua eskatzeko aukera izango da Bidebietako bulegoetan.
Datorren astean Bera Berak hiru lagunarteko izango ditu bata bestearen atzetik. Orion ospatuko den Kilometroak egitasmoa dela eta, abuztuaren 27an, Karela kiroldegian 18etatik aurrera donostiarrek Aiala Zarautz izango dute aurrean, Zilarrezko mailan dagoena eta aurten Martin Larrañaga zuzenduko duen taldea. Hurrengo egunean, Elgoibarren, 19etatik aurrera, Valladolideko Aula Cultural izango da aurkaria eta agian Aitor Etxabururi erreferentzia gehien emango dion norgehiagoka Egiako txapelketan burutuko dena izango da, izan ere, abuztuaren 30ean, larunbata 12,30etan Bera Bera eta Frantziako Mios Biganos taldeak elkarren aurka arituko dira.
Etxaburuk bi arlo nabarmendu ditu. “Fisikoki taldea ondo dago, lan neketza betetzen ari da, zama handikoa baina ondo erantzuten ari dira jokalariak eta hirugarren astea amaitzear gaude”. Horrez gain Unibertsitate mailako mundiala dela eta beranduago etorri ziren jokalariak “fisikoki ondo etorri dira”.
“Aitzitik, -entrenatzailearen ustez- taktikoki asko falta zaigu, hobetzeko denbora izan arren”. “Bi lagunarteko jokatu ditugu –Zuazo eta Aula gainditu ditu Bera Berak- non fisiko arloa nabarmendu den, eta arlo taktikoa ia ez da agertu, baina ohikoa da aurredenboraldian eta kontzeptuak gutxinaka barneratu behar ditugu” azaldu du.
Lan horretan “guk ezarri nahi dugun joku estiloa landuko dugu orain, rolak azaltzen, errotazioak eta pixkanaka pixkanaka partidetan agerian utziz”.
Etxaburuk uste du, halere, “aldaketa handiak ez dira egin behar” nahiz eta aipatu “dena findu behar da, orkestra batek entseatzen duen bezala, guztiak batera joan gaitezen”. “Orain arte ez dugu lan horri lehentasuna eman, asko falta zaigu baina jakin badakigu jokalariek kontzeptuak segituan barneratzen dituztela”.
Bera Berako entrenatzaile berriak ez du nahi Superkopaz hitz egin nahi oraindik, irailaren 6an Rocasaren aurka Guadalajaran ospatuko dena. “Jakina dela gure aurreneko helburua baina egun gauzak ondo egiten saiatu behar dugu eta datozen lagunartekoei begira (hurrengoa larunbatean 18,15etan Bidebietan Zuazoren aurka) gauzak aldatzen joango gara, zorrotzagoak izango gara” dio Etxaburuk.
Taldea “itxitzat” jotzen du entrenatzaileak, halere komunikabideei adierazi die “gurekin Zarautz taldeko Andrea Zaldua dago entrenatzen”. Jubenil mailako internazionala da, 18 urteko albokoa, proiekzioarekin baina baita ere minutuak pistan behar dituena. “Gure asmoa da ahalik eta akordiorik onena lortzea, bai Andrea Zalduarekin, bai Zarautzekin”.