SUPER AMARA Bera Berako Alicia Fernándezez ezker belauna konpontze aldera bihar arratsaldean egingo diote ebakuntza Madrideko CEMTRO klinikan. Esther Arrojeriak ez bezala, galizarrak ez du lotailua apurtuta, halere, César Flores medikuaren diagnostikoaren arabera belauna ez dago sendo eta ebakuntza behar du.
Alicia Fernándezen ezker belaunean ezegonkortasuna Espainiako selekzioak buruturiko azken konzentrazioan antzeman zioten, bi talde nagusiek jokaturiko partida ostean, gainera SUPER AMARA Bera Berako zentralak bikain jokatu zuen.
Alicia Fernándezen ezker belaunean hutsunea sortu da eta edema, ebakuntza da konponbidea eta jokalariak ahalik eta azkarren egitea erabaki du, izan ere, hausturarik egon ez arren bajan sei hilabete inguru egon behar baitu.
Hortaz, SUPER AMARA Bera Berak Alicia Fernández ere galduko du aurtengo denboraldirako. Arrojeria eta Martínezekin batera, denboraldi hasierako lehenengo lerroa galdu du Montse Puchek, albiste on bakarra da Ana Martínezi medikuak alta eman ziola lehengo larunbatean, orain ordea aste batzu falta dira taldekideekin bat egiteko.
Gaur bezalako egun batean, 2007ko martxoaren 29an Valentziako L’Eliana herrian Kopako XXVIII. edizioa jarri zen martxan zortzi taldeekin, horien artean Akaba Bera Bera.
L’Elianan izan ziren orduan: Michaela Ciobanu eta Llanos Trigueros atezainak, Esme López, Matxalen Ziarsolo, Verónica Valverde, hegaleko jokalariak; Zulai Agirre eta Izaskun Arruzazabala pibotean; Tati Garmendia, Patri Pinedo, Raphaelle Tervel, Ana Petrinja, Ixone Mínguez, Natasha Krnic eta Svetlana Obucina lehengo lerroan. Libe Altuna lesionaturik egon zen ia denboraldi osoan. Entrenatzaile moduan Tati Garmendia (entrenatzaile eta jokalaria), Ane Karrere eta Amaia Ramírez.
Final-laurdenetan, donostiarrek finalerdietarako txartela Itxakoren aurka jarri zuten jokoan. Akaba Bera Berak gol bakar batez irabazi zien nafarrei (29-28) Ziarsolok zortzi gol egin zuelarik, Esme López eta Tervel (egun Bessançoneko entrenatzailea) jokalariek seina, Patri Pinedok lau, Garmendiak hiru eta Zulai Agirrek, bi.
Hurrengo egunean atsedena hartu zuten baina Tati Garmendiak hotelean ohean gelditu behar izan zuen neumoniak jota, finalerdia eta finala galduz. Martxoaren 31n, Akaba Bera Berak partida bikaina jokatu zuen Eldaren aurka (28-34), orduan Eider Rubio eta Susana Fraile gipuzkoarrak bertan zirela, Federazioko egungo zuzendari teknikoa Ángel Sandoval entrenatzaile zela. Atsedenaldian 13-15 aurretik zen Akaba Bera Bera eta bigarren zati erdialdean tartea ireki zuen markagailuan. Patri Pinedo eta Tervel jokalariek zortzina gol egin zuten; Zulai Agirrek, sei; Ziarsolok, bost, Esme Lópezek, Verónica Valverdek eta Ana Petrinjak, bina eta Natasha Krnic jokalariak, bat.
Eta finalean, Ribarroja, orduko Ligako eta Kopako txapelduna, azken hau Leonen Akaba Bera Beraren aurka (26-27). Donostiarrentzat Kopako bosgarren finala zen: Pinton 1993an, Donostian 1996n, Eldan 1997an eta arestian aipaturiokoa, Leonen 2006an.
Akaba Bera Berak partida irauli egin behar izan zuen, atsedenaldiko 14-10, alegia. Eta Ciobanuren geldiketei esker egin zuen, izan ere, bigarren zati bikaianak burutu zuen atezainak, hiru penalti geldituz, besteak beste, eta finaleko MVPa lortuz. Horrez gain, Petrinja, Patri Pinedo eta Tervel eraginkorrak izan ziren sei metroetan, Agirre pivotean eta Esme López eta Ziarsolo, hegaletan.
45. minutuan, donostiarrek menperatzen zuten norgehiagoako (18-20), baina Ribarroja gerturatu zen 21. minutuan (20-21). Petrinjak penaltiz sartu zuen gola, ondoren Ziarsolok kontraerasoan; Patri Alonsok –egun Canyamelar Valencian- tartea murriztu zuen eta bi minutu baino gutxiago falta zela eta jokalari bat gutxiagorekin Esme Lópezek trebezi handiarekin gola sartu zuen (21-24). Finalak ezin zuen ihes egin Marta Manguek gola sartu arren, Esme Lópezek erantzuna eman ziona 22-25 markagailuan jarriz eta Kopan Valentziarren hegemonía apurtuz, bigarren ediziotik irauntzen zuena. Golegileak: Esme López, Tervel eta Petrinja (5), Agirre (4), Ziarsolo (3), Pinedo (2) eta Krnic (1).
2007ko apirilak 1: L’Elianak emakumezkoen eskubaloi talde onenen artean kokatu zuen Bera Bera, hamarkada liluragarria osatuz 16 tituluekin: lau Liga (2013, 2014, 2015 eta 2016), bost Kopa (2007, 2009, 2013, 2014 eta 2016) eta sei Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014, 2015 eta 2016), aurten ere jarraipena eman nahi diona.
Lehengo larunbateko Ane Encina legazpiar zentralaren debutarekin, Montse Puchek lurraldeko hamar jokalari erabili ditu denboraldi honetan jokaturiko 24 partida ofizialetan, horietatik lau aurreneko aldiz aritu dira SUPER AMARA Bera Berarekin, Encinaz gain, Nagore Odriozola, Andrea Zaldua eta Estitxu Berasategi.
Lesioek eragina izan dute baina aspalditik gipuzkoarren talentoa sustatze aldera Bera Berak hainbat erabaki hartu du, besteak beste, bere garaian Zaldua fitxatu baina Aiala Zaraut taldeari utzi bi denboraldietan, horrelako zeozer egin zuen Ane Encina eta Errotabarri Ermuarekin Bidebietara entrenatzera etortzeko konpromisoarekin eta aurtengo denboraldian Estitxu Berasategirekin –Usurbilen utzita- eta Ainhoa Etxeberriarekin –Zilarrezko Bilboko San Adrián taldearekin-.
Gipuzkoar talentuaren aldeko Bera Beraren apustua Ligako txapelketekin bat izan da. 2012-13 denboraldian lehenengo Liga lortu zuenetik, 16 jokalari gipuzkoar aritu dira Bidebietan, batzuetan egoera puntualak izan ziren Olatz Ramon edo María Akuña atezainarena baina besteetan agerian da arrakastatsua izan dela, 20 urte egin berri zituela Espainiako goreneko selekzioak Maitane Etxeberria deitu du Errumanian lagunartekoa jokatzeko eta zoritxarrez Esther Arrojeria internazionalki debutatzeko aukerarik ez zuen izan.
Bera Berak eskualde ezberdinetako jokalariak ditu, bertako kluben lana goraipatuz: Ezkurdia (Egia) eta Lizarbe donostiarrak; Menéndez, Múgica, Zaldua eta Odriozola zarauztarrak; Arrojeria eta Berasategi usurbidarrak; Etxeberria Lezotik eta Encina Legazpiarra.
Era berean, Bera Berak uste du jokalari hauen maila igoko da kalitatezko entrenaldiak burutuz gero, postu berean konpetentzia sortuz, taldeki internazionalak eta liga edo Europako lehiaketa onenetan jokatuz. Horrela Estatu mailako goreneko selekzioetara iristeko aukera gehiago izango dute, azken deialdietan junior, B eta A selekzioetan parte hartu zuten Euskadiko bost jokalarietatik, lau gipuzkoarrak ziren: Etxeberria, Arrojeria, Menéndez y Berasategi.
Atzo Bidebietan Indupime Basauri taldearen aurrean lorturiko garaipenari esker (25-22), Bera Bera Euskal ligako lider berria da lehenengo fasea amaitzeko bi partida gelditzen direnean eta horrela amaituz gero igoera fasea antolatzeko lehentasuna izango luke.
Emaitzak:
Kadete neskak:
BERA BERA URDINA 31-21 USURBIL K.E. -A-
BERA BERA LARANJA 26-15 TOLOSA C.F. ESKUBALOIA B
Kadete mutilak:
BERA BERA URDINA 33-33 CB UROLA GOIERRI BUS CORAZONISTAS B 33-29 BERA BERA LARANJA
Infantil neskak
BERA BERA TXURIA 25-21 HERNANI E.T. B
EREINTZA AGUAPLAST -- BERA BERA LARANJA
Senior
BERA BERA 25-22 INDUPIME BASAURI Argazkiak Bera Bera vs Indupime Basauri
Larunbatean bere taldeak aise Gijongo Mavi Nuevas Tecnologías (27-22) Bidebietan gainditu aurretik, Esther Arrojeriari Madrideko CEMTRO klinikan ebakuntzari egin zioten Manuel Leyes eta César Flores medikuek “lotailu gurutzaturen haustura eta kanpoko meniskoaren adarrean zuen hastura txikia” konpontze aldera.
Medikuen arabera, ebakuntza ordu erdiz luzatu zen eta “tendoi iskiotibiliak erabiltzen berriro lotailu gurutzatua berregin” zuten eta hortaz gain, “kanpoko meniskoaren adar batean birgizarteratzea”.
Espainiako goreneko selekzioarekin Errumanian lehen entraldian lesionaturik, Esther Arrojeriak gelditzen dena galduko du eta hurrengo denboraldi hasiera, bajan sei edo zazpi hilabete egon beharko du.
SUPER AMARA Bera Berako zentrala Usurbilen da dagoeneko eta ezin izango du eskuin anka lurrean jarri hurrengo hilabetean.