Jarraian Bera Beraren harrobiko taldeek pasa den asteburuan izandako emaitzak errepasatuko ditugu.
Infantiletan aurpegia eta gurutzea izan genituen. A taldeak sekulako garaipena lortu zuen Elgoibarren Federoptikos Ikus Elgoibarren kontra, 20-21 emaitzarekin. Bera Bera Bk bestalde ezin izan zuen emaitza onik lortu Gipuzkoako Txapelketaren azken jardunaldian, eta Usurbilen Udarregi 2 txapeldunaren kontra galdu zuen.
Bestalde, Bera Berako kadeteek euren ibilbide bikainari jarraipena eman zioten Gipuzkoako Kopan, eta laugarren garaipena jarraian batu zuten. Oraingoan Ereitza menderatu zuten Errenterian 13-27 emaitzarekin.
Seniorrek eta jubenilek Oñatin jokatu zuten larunbat arratsaldean, eta hemen ere denetarik izan genuen. Egia-Bera Berako jubenilek garaipena lortu zuten 16-18 emaitzarekin Aloña Mendiren kontra. Seniorrek ordea 28-21 galdu zuten Aloñaren kontra baita ere.
Nahiz eta nagusiek euren liga amaitu, Bera Beraren harrobiko taldeek oraindik gauza asko dituzten egiteko. Asteburu honetan partidu berriak jokatuko dituzte, non espero dugun euren helburuetara hurbilduko dituzten emaitzak lortzea.
Lehenak jokatzen Bera Bera Bko infantilak izango dira, arratsalde honetan bertan arituko baitira Usurbilen 17:30etatik aurrera Oiardo Kiroldegian. Gipuzkoako Txapelketaren azken lehia izango da, eta arerioa Udarregi 2 txapelduna izango da. A taldekoek ere ez dute lan erraza izango bihar, 10:00etan Elgoibarren Federopticos Ikus Elgoibar indartsua izango baitute arerio.
Bihar baita ere, baina 16:00etan, Egia-Bera Berako jubenilek Oñatik jokatuko dute Aloña Mendiren kontra, lehen fasetik ederki ezagutzen duen aurkaria. Kanpoan jokatuko dute baita ere kadeteek, kasu honetan Errenterian. Bera Bera Gipuzkoako Kopako liderrak dira, eta euren lidertza sendotzeko asmoarekin aterako dira kantxara 17:30etan Ereintza arerio izanik.
Ordu berean, 17:30etan, eta jubenilen partidua amaitu eta berehala, Oñatiko Zubaiko Kiroldegian ere jokatuko dute seniorrek. Aloña Mendi izango dute arerio Gipuzkoako Kopa honetan, printzipioz euren multzoko aurkari samurrena.
Bera Bera Eskubaloi Taldeak bihar 20:00etan 10/11 denboraldiari agur esango dio Mar Saguntoren kantxan. Donostiarrek denboraldiko azken partidua jokatuko dute hirugarren sailkatuaren kontra. Konpromezu zaila izan arren, irabazten saiatuko dira garaipenaren zaporearekin amaitzeko, denboraldiarentzat amaiera bikaina litzatekeena.
Rene Marigil Udal Kiroldegian gertatzen dena gertatzen dela, donostiarrek ABF Liga 5º tokian amaituko dute, eta honenbestez EHF Kopa jokatuko dute hurrengo denboraldian. Saguntok bestalde, 3º bukatu lezake denboraldia irabazten badu. Horretarako ordea, era berean Eldak Las Palmasen galdu beharko luke jaitsi berria den Ro Casaren kontra.
Hau guztia alderatuta, Bera Berak nekeak ahaztu eta Liga behar bezala amaitzen saiatuko da, sentsazio onekin. Azken porrotek ez dute egindako lan ona ilundu behar, baina hobe garaipenaren zapore gozoarekin agur esatea.
Helburua lortzeko Reyes Karrerek Anna Punko eta Eider Rubioren bajak izango ditu, biek esgintze gogorrak baitituzte txorkatilean. Honenbestez, bi hutsune garrantzitsu izango ditu taldeak, eta lana gogorragoa izango da.
Karrere entrenatzaileak badaki ez dela lehia erraza izango, baina ez du dudarik taldearen erantzunaren gainean. “Oso kantxa zaila da. Sagunto talde bikaina da, eta argi dago bertan irabazteko eskubaloi ederra jokatu behar dugula. Baina gure betebeharra bertan irabazten saiatzea da. Gugatik. Gure denboraldiak merezi duelako”.
Nahiz eta azkeneko partiduak galdu, argi dauka “taldeak beti aurpegia eman duela. Beti lehiatu gara, beti garaipena lortzen saiatu gara, nigandik hasita azken jokalariraino. Gauza da, egoerak ez digula lagundu, eta zirkustantzia bereziak egon direla. Ezin izan dugu lortu, baina talde honek ez ditu besoak jaitsi”.
Biharko partiduaren ostean, taldeak lanean jarraituko du hilabete honetan zehar, denboraldian eginiko akatsak zuzendu, eta beste alderdi batzuk hobetzeko. Ekainetik aurrera merezitako oporrez gozatzeko aukera izango dute, eta lanera gutxi gora-behera abuztuaren 1ean itzuliko dira. Hori bai, denboraldia noiz hasten den kontuan hartuta, data hau aldatu egin daiteke.
Pasa den asteburua emozioz beteriko izan zen, non Bera Beraren harrobiko taldeek partidu pila jokatu zituzten. Denetarik egon zen, eta emaitzen laburpena hauxe da.
Infantiletako Bera Bera B taldeak agur esan zion Gipuzkoako Txapelketari Egiari modu ezin hobean irabazi ondoren. Emiatza 31-16koa izan zen. Gure neskek sailkapenaren erdian amaitu dute, talde guztiak estuasunetan jarri ondoren. Bera Bera Ak bestalde, ezin izan zuen punturik lortu Feropticos Ikus Elgoibar indartsuaren aurka. 12-21 galdu zuen.
Benetan bikaina izan zen Bera Bera kadete taldearen asteburua, bi partiduak garaipen ederrekin bukatu baitzituen. Larunbatean 20-32 irabazi zion Bartolo Jatetxeari, eta igandean Lauko Elgoibar gainditu zuen 25-21 emaitzarekin. Honela, Gipuzkoako Kopan hirutik hiru partidu irabazi ditu.
Egia-Bera Berako jubenilak ordea txanponaren beste aldea izan ziren, bi lehiak galdu zituelako. Lehenbizi Usurbilen porrota jaso zuten larunbatean, eta igandean ere galdu egin zuten, kasu honetan Donostian eta Leizaranen aurka, 21-23 estu batekin.
Bukatzeko, Bera Bera senior taldeak ezin izan zuen ezer egin Atez Ate Usurbilen kontra, Euskadiko talde onenetakoa dena, eta 15-39 emaitzarekin galdu zuen.
Hau guztia gutxi balitz, Bera Beraren Eskolako mutilek eta neskek primerako goiza pasa zuten larunbatean Larramendi Txapelketan. Generazio berriak ilusioz eta gogoz gainezka datoz.
Bidebietako kiroldegian bihar 19:00etan denboraldi honetako azken partidua jasoko du, ligako azkenaurrena. Bera Berak Vicar Goya jasoko du, lehen mailan bere jarraipena jokatzen ari den taldea, baina donostiarrek ere badauzkate gauzak jokoan. Taldeak Europan jokatzeko txartelari dirdira eman nahi dio bere zale fidelei garaipena eskainiz.
Denboraldia neurri batean luzea egiten ari zaio Bera Berari, baina hala ere urtea bikaina izatean ari da. Bi jardunaldi faltan Europarako txartela ziurtatu du matematikoki, eta orain helburua ahalik eta gorenen bukatzea izango da, sariak desberdinak izan baitaitezke.
Horretarako ezinbestekoa da bihar Bidebietan jokoan jarriko diren puntuak lortzea. Klubak partidua euren zaleentzat eta taldearentzat festa bat izatea nahi du, baina horretarako beharrezkoa da Bera Berak lehia irabaztea. Ilusioz beteriko denboraldi bati agur esateko modu ezinhobea litzateke. Reyes Karrere entrenatzaileak argi duena da “taldeak ez du porrotaren zaporearekin denboraldia bukatzea merezi. Taldeari dagokion moduan amaitu behar dugu. Gainera irabazten amaitzeak sendotasun sentsazioa ematen du”.
Helburua bete egin da, eta Karrererentzat honek taldeari liberatzeko balio behar dio: “orain arte presiopean jokatu dugu beti. Helburua beteta, gure beharra da beste freskotasun bat erakustea, poztasun eta sakontasun gehiagorekin jokatzen lagunduko digun erlaxazioa edukitzea. Etxeko lanak eginak edukitzea ona izan behar da taldearentzat”.
Egutegia oso gogorra izaten ari da Bera Berarentzat, jokoan gauza asko dituzten taldeen kontra aritzea tokatzen ari baitzaie. Duela zazpi egun Ro Casa izan zen, eta orain Vicar Goya, sekulako beharra duen beste talde bat. Bi partiduek duten parekotasunagatik galdetuta, Bera Beraren entrenatzaileak uste du “diferentzia nagusia etxean arituko garela da, non oso indartsuak garen. Argi dago gure intentsitate maila askoz ere handiagoa izan behar dela, eta espero dut Kanarietan jasotako egurrak ikasteko balio izana”.
Karrerek Vicar “erasokorra” espero du. “Ez dute beste aukerarik. Dena ari dira jokatzen. Defentsan joku modu asko dituen taldea da, alternatiba asko dauzka. Alesia Kurchankova da taldeko liderra, gidaria nolabait. Garrantzitsua izango da hau gelditzea. Baita gure jokalari ohia Ana Petrinja, kanpoko jaurtiketa bikaina duena, eta taldeari sakontasuna ematen diona”.
Ea Bera Bera duen onena emateko gai den, horrela zaleei garaipena eskaintzeko. Ziur bihar Bidebietara hurbiltzen diren guztiek primeran pasako dutela, eta bertan egongo den festa ez dutela ahaztuko. Europara ez da egunero joaten.