Pasan den larunbatean Zumaian, Bera Beraren kadete taldeak Gipuzkoako Kopako hiruko finala jokatu zuen. Gure neskek denboraldi osoan zehar erakutsitako maila onean aritu ziren berriro ere, nahiz eta txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan.
Lehen azterketa ondo gainditu zuten, Elgoibar garaituz. Baina partidu erabakiorrean, ezinezkoa izan zen Zarautz indartsuari irabaztea, nahiz eta Bera Berak partidu txukuna egin eta saria jasotzeko merituak batu. Zarautz izan zen honenbestez Kopako txapeldun, baina bigarren geratzeak ere nahiko poziko utzi zituen Bera Berakoak. Zorionak!
Nahiz eta denboraldia bere amaierara iristen ari den, oraindik Bera Berako harrobiko taldeak entrenamenduetan jarraitzen dute. Kasu honetan, Maria Acuña, Uxue Ezkurdia, Olatz Ramon eta Nora Azurmendi jubeniletako Gipuzkoako Selekzioak egingo duen entrenamenduan parte hartzeko deituak izan dira berriro ere, hurrengo igandean, maiatzaren 29an, ospatuko dena.
Gure neskak etxean sentituko dira, Bidebietako kiroldegia izango baita geralekua. Entrenamendua 10:00etan hasi eta 12:00etan amaituko da gutxi gora-behera. Beti bezala gure neskak aukera honetaz gozatzea espero dugu. Zorionak
Bihar Bera Berako kadeteek final hirukoitza jokatuko dute Gipuzkoako Kopa irabazteko. Multzoko fasean lehenengo geratu diren hiru taldeak elkarren artean jokatuko dute Zumaiako Lubaki Kiroldegian. 16:30etan Elgoibarren kontra arituko da Bera Bera, eta 17:10etan Zarautzen kontra. Bukatzeko gure bi arerioak ere elkarren aurka arituko dira. Hiru partidu hauetan talderik onena denak eramango du Gipuzkoako Kopa. Zorte asko eta jo ta ke neskak!
Gure lurraldeko selekzioak maila guztietako taldeekin entrenamenduak antolatzen jarraitzen du. Kasu honetan Bera Berako Maitane Etxeberria eta Anne Valle izan dira deituak hurrengo asteazkenean, ekainak 1, Usurbileko Oiardo Kiroldegian 19:00etan ospatuko den entrenamenduan parte hartzeko. Gozatzera neskak!
Bera Bera eskubaloi taldeak entrenamendutako azken faseari helduko dio, merezitako oporrak hartu baino lehen. Pasa den astean lortu zuten Euskadiko Kopak opor hauek gozotuko ditu, ezbairik gabe. Finalean Barakaldoko Zuazo taldea izan zuten arerio, eta bizkaitarrak 29-38ko emaitzarekin ganditu zituzten donostiarrek. Horrela Bera Bera Euskadiko talderik onenaren saria jaso zuen. Denboraldi on honi amaiera polita emateko modua izan da.