Bihar larunbata, goizeko 9etan, Bera Bera Eskubaloia Bidebietatik irtengo da autobusez Alcobendaseruntz, bigarren postua ligan matematikoki eskuratzeko aukera jokatuko duen partida helburu.
Bera Berak ligan hirugarrena den BM Alcobendas izango du aurrez aurre, Champions atarian uzten duen bigarren postua kendu diezaiokeen talde bakarra, alegia, arerio zaila Kopako final-erdietan ikusi zen bezala.
Aurreneko lerroa arriskutsua du Alcobendasek, Arderius zuzentzen du taldea, Ferrer eta Mirella González dira laterak, horrez gain, eskuin hegal goleatzailea da Marta López eta atean Ciobanu Bera Berako jokalari ohiak oso Kopa ona burutu zuen Altean.
Horrez gain, asteazkenean menisko ebakuntza egin zioten Reyes Carrere entrenatzaileari eta ezin izango du taldea zuzendu. Horrela, Tati Garmendiak ordezkatuko du Reyes eta Amaia Ramírez presidentea taldearekin egingo du bidaia.
15 minutu zoragarri
Ligako azken bi partidatan, Castro Urdiales eta Sagunto taldeen aurka, hain zuzen, Bera Bera Eskubaloiak pistan dituen minutu onenak behar izan zituen, 40. eta 55. minutuak, alegia. Pachi Torre kiroldegian, defentsa bikain bati esker Bera Berak 3-6 partziala lortu zuen. Bidebietan, aldiz, Mar Saguntori 8-4 sartu zion une horretan, partida bideratuz.
Bera Berak bigarren zatietan lortu ditu partzial onenak, Lizarrerian Itxakok eta Bidebietan Elche Mustang (zazpi goleko abantaila zuen atsedenaldian) taldeek baino ez dute gainditu.
Donostiarrek onena ateratzen dute 15 minutu hauetan, bigarren zatiko 40 eta 55. minutuen arteko unean, alegia. 17 aldiz arerioa baino hobea izan da Bera Bera aurtengo ligan, hirutan berdinketa eman da (Castro Urdiales, Bidebietan; Mar Alicante eta Cleba León) eta, esan bezala, Itxako eta Elche Mustang aurrean, galdu.
Bereziak eta garrantzitsuak izan dira Bidebietan Mar Alicante taldearen aurka lortutako partziala (6-2); Leonen (5-7), puntu bat urratu zuena; Sagunton (6-8) abantaila handitu zuena; Kanarietan (5-10) garaipena ziurtatu zuena, Bidebietan Eldari ezarri zion 9-4 partziala; Murtziako 3-8 eta aipatutako azkenak, Castro Urdialesen (3-6) eta Saguntoren aurkakoa (8-4).
Bera Berak jokatutako partidatan beti eman den datua da 55. minutuan behin iritsita markagailua ez dela irauli amaieran.
Ea bada bihar Alcobendasen (18 etan, Ametsen Pabiloian) Kopako finalerdietan eman zena berriro gertatzen den, hau da, minutu horietan donostiarren aldea bitik bostera zabaltzea, bigarren postua berretsi eta, ondorioz, ligan historian zehar eman den sailkapen onena lortu eta Champions jokatzeko aukera izan datorren denboraldian.
Bera Berako entrenatzaile Reyes Carrerek ezin izango du larunbatean Alcobendasen taldea zuzendu, asteazkenean Gipuzkoa Poliklinikan menisko ebakuntza dela kausa.
Bere ordez, jokalari eta entrenatzaile ohia Tati Garmendiak Reyes Carrereren lana beteko du larunbatean (18etan) Alcobendaseko Pabellón de los Sueños kiroldegian. Norgehiagoka honetan berdinketa bat lortuz gero, Bera Bera matematikoki bigarren postuaren jabe egingo litzateke, ondorioz, historian zehar ligan posturik onena eskuratuko lukete donostiarrek eta Champions jokatzeko aukera, alegia.
Egun, Tati Garmendia senior preferente mailako Egia Bera Bera taldeko entrenatzailea da, aurten euskal ligara igoera lortu duena.
Alcobendaseko partidaren “garrantziaz” jabetzen da Garmendia. Madrildarrak hirugarrenak dira sailkapenean eta Bera Berak Kopan final-erdietan kanporatu zuena, hain zuzen. Horrez gain, ligan Itxako gainditu duen talde bakarra izan da. Iaz Reyes Carrereren bigarren entrenatzaile izan zen Tati Garmendiak adierazi du “konfidantza osoa dut jokalariengan, denboraldi bikaina betetzen ari baitira”.
Bestetik, Bera Bera Eskubaloiko presidente Amaia Ramirezen ustez “oztopoak gainditzeko prest gaude” eta, horrez gain, “konfidantza osoa dut taldean, baliabide guztiak ondo erabili behar ditugu eta horietako bat Tati bera da”.
Entrenaldietara
Bestetik, taldea gaur goizea itzuli da entrenaldietara, atsedenerako hiru egun izan ostean, beharrezkoak arlo fisiko nahiz psikologikoan. Taldea ondo aritu da Bidebietan, une zehatzetan intentsitate handiz, horren ondorioz, Alba Menendezek eta Anna Punkok elkarren artean talka egin dute.
Dara Carvalhoren hutsunea nabaria zen, pibotea Brasilgo selekzioarekin Austrian dago Joku Olinpikoak prestatzen eta larunbatean Madrilen elkartuko da Bera Berako taldekideekin.
Bera Bera goizeko 9etan irtengo da autobusez, Lerman bazkalduko du eta partida ostean itzuliko da.
Apirilaren 20tik 22ra, hau da, ostiraletik igandera bitartean, Bera Bera Egia kadete 2 taldeak Euskal ligaren finala jokatuko du Bide Onera Zuazo, IMH Elgoibar eta Zarauzko Aiala taldeekin batera, Barakaldoko Lasesarre eta Gorostiza kiroldegietan.
Horrela, ostiralean, arratsaldeko 6etatik aurrera, Bera Bera Egia Zuazoren aurka egingo du debuta Lasesarren; larunbatean Gorostizan 16,30etan, Elgoibar izango du aurrean eta igandean, goizeko 10,30etan Zarautz Lasesarren.
Bestetik, Bera Bera Egia kadete 1 taldeak Bidebieta larunbatean 16,30etan, Zalla Taberna Pulpo hartuko du Foru Aldundia txapelketaren baitan. Egia Bera Bera gainditu dute Bidebietarrek (21-22) bertan behera gelditu zen norgehiagokan eta partida baten faltan bigarrenak dira, Oñatin jokatu behar duen Urnietako KE A liderra puntu bakarra duelarik.
Bera Bera Egia Infantil B taldeak, berriz, larunbatean goizeko 9,15etan Andoainen jokatuko du CDB Leizarenen aurka eta Bera Bera Egia Infantil A taldeak, igandean Bidebietan, goizeko 10etan Pizzeria Marina Pulpo KE. taldearen aurrean.
Atzo Altean ospaturiko Kopako finala osteko prentsaurrekoan, Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile Reyes Carrerek onartu zuen “aurrean izan dugun taldea gu baino hobea izan da gaur, oso talde handia da, titulu ugari lortu dituena azken urte hauetan eta iaz Championseko finala jokatu zuena”.
Bera Berako prestatzaileak, halere, “pozik” zegoen “taldeak egin duen lanarekin, ezin izan dugu Kopa irabazi parez pare arerio handia izan dugulako”. “Europako talde onenetariko bat gainditzeko ondo jokatu behar dugu, oso konzentraturik, eta akatsak egin gabe, Itxakok oso ondo aprobetxatzen dakielako” adierazi zuen.
Lehenengo zati amaieran Bera Berak finala berdintzeko aukera izan zuen baina hurrengo jokaldian Eider Rubio bi minutuz galdu zuen eta 1-5 partzialari esker, Itxako (11-16) bost goleko aldearekin iritsi zen atsedenaldian. Reyes Carrerek onartu zuen “guk galdutako baloiak oso ondo aprobetxatu ditu Itxakok.
Bigarren zatian Bera Bera saiatu zen. “Jokalariak duten guztia ateratzen saiatzen naiz. Arriskuak hartu ditugu, batzuetan ondo ateratzen da eta besteetan, ez” onartu zuen.
Azkenik, Altean burutu den Koparen inguruan, Bera Berako entrenatzaileak “gustora” egon gara dio, “ez ditugu gauza gehiegirik eskatu baina horiek izan ditugu eta antolakuntza zoriondu behar dugu ondo egon delako”.
Datorren urteko taldeaz galdeturik, Reyesek onartu du “lehentasuna pibotea da”. “Halere, ahalik eta talde onena osatzen saiatuko gara, egungo ardatza harturik eta kirol eta ekonomikoki orekatua” azpimarratu zuen.
Bestetik, Eli Pinedoren ustez “Itxakok oso ondo jokatu du, gu baino talde hobea da eta, ondorioz, Bera Berak irabazteko aukera bakarra da gu oso ondo aritzea eta beraiek, gaizki”. “Hobeto jokatu dute eta partidaren kontrola Itxakorena zen” onartu du ezker hegalak.
Saiatu arren, Bera Bera Eskubaloiak ezin izan du Asfi Itxako gainditu gaur goizean Altean ospatu den Kopako finalean (26-35). Ondorioz, nafarrek hirugarren aldiz jarrain txapeldun izendatu dituzte.
Bera Bera 26 (11+15): Zoqbi, Altuna, Punko (2), Cuña (2), Bea Fernández (6) , Carvalho (3) eta Eli Pinedo (4) –titularra- Rubio (5), Ziarsolo (1), Campa eta Berta (3).
Itxako: 35 (16+19): Navarro, Egozkue (5), P. Pinedo (4), Begoña Fernández (3), Barnó, Barbosa (11) eta Jessica (1) –titularra- Milenkovic (o.a.), Agirre (2), Aguilar (2), Tervel (1), Martín (4), Zebic (2) eta Annet
Epaileak: Ignacio García eta Andreu Marín (Catalunya)
Kanporaketak: Bera Bera: Altuna, Rubio eta Carvalho eta Itxako: Barnó eta Barbosa
Partzialak: 1-3, 2-5, 4-6, 7-10, 11-16,–atsedenaldian- 13-18, 15-20, 17-23, 19-26, 22-29 eta 26-35.