Denboraldi honetan, Bera Bera Eskubaloi taldeak Etxebarriko Kukullagaren aurka bi lagunarteko partidak jokatu ditu eta mutilen taldeen aurka hainbat norgehiagoka ere bai.
Halere, beste kirol modalitateak frogatzeko aukera izan dituzte, esate baterako, Gabonetan girotutako areto futbol partidak jokatu dituzte eta eskubaloia gurpil-aulkian ere ibili dira behin.
Gabon oporrak hartu aurretik, Bera Bera Eskubaloi taldeak Mundialean ziren Eli Pinedo eta Dara Carvalho eta Anna Punko eta Nagore Arizaga lesionatutako jokalariak izan ezik, Haizea gaztearen bisita izan zuten.
Eskubaloia asko maite duen doneztebetarrak ohorezko mailako jokalariekin partita jokatu zuen gurpil-aulkian izeneko modalitatearen araupean, besteak beste, atearen neurria 1,20 metrotan kokatuz. Haizeak Bea, Yamiley, Libe, Alba eta Antonella izan zituen taldekide, argentinarra oso fin aritu zen atea zaintzen. Beste aldean, Campa atean, Darly –sarritan saiatu zena gola sartzen lortu gabe baina-, Matxalen, Eider, Melinda, Verónica eta Reyes. Ikus eskubaloia gurpil-aulkian bideoa
Hasieran, jokalariek oztopoak antzeman zituzten, batez ere, paseak emateko eta mugitzeko garaian. Salto Bera Beran saskibaloi taldean aritzen den Haizeak aholkuak eman zituen eta blokeatzen erakutsi ere bai.
Partida amaieran –launa gelditu ziren- Bera Berako jokalariek eskertu zuten Haizearen bisita. “Gurpil-aulki batek dituen mugitzeko oztopoak somatu ditugu eta era berean, Haizeak erakutsi digu arazoei aurre egiten eta inoiz pentsatutako gauzak egin ditugu” adierazi zuten Bera Berako jokalariek.
Bera Berako jokalaria selekzioko kapitaina izan da “talde honen buru izatea oso atsegina izan da”. “Presioa handia sufritu dugu baina taldeak gauzak ondo egin ditu, gure artean zegoen batasunak partidak aurrera ateratzen lagundu digu” aitortu du Darak.
Izan ere, Brasil Mundialean partida bakarra galdu du, Espainaren aurka final-laurdanak, hain zuzen ere, Eli Pinedoren gola tarteko. “Bai, partida hori gogoan izan genuen baina ez hainbeste, xehetasunek erabaki zuten norgehiagoka eta Espainiak zorte ona izan zuen”. Pasa den ostegunean, Eli Pinedok aitortu zuen Darak esan ziola “taldekideak kritikatu zutela Bera Beran elkarrekin jokatzen dugulako”.
Sailkapen onena
Partida horren ostean, Brasileko kapitainak dio “azkar errekuperatu ginen eta bostgarren postua lortzea izan zen hurrengo erronka eta Brasilek Mundialean izan duen sailkapenik onena eskuratu genuen, burua tente eta herri osoa gure ondoan, hori da, azken finean, politena eta diruak ematen ez duena”.
Bestetik, bere buruarekin “gustora” ibili da Dara. “Mundialak gauza asko eman dizkit, nire lanarekin pozik nago, era orokorrean, baina batez ere Japon, Boli Kosta eta bosrgarren postua eman zigun Rusiaren aurkako partidan erasoan nahiz defentsan oso ondo aurkitu nintzen”.
“Errusiarrak ez dira gaindiezinak”
Otsailean Bera Bera Eskubaloiak Rusiako Lada Togliatti taldearen aurka jokatuko du EHF Kopako kanporaketa. “Errusiarrak onak dira baina ez gaindiezinak, partida ona egin dezakegu han eta etxean irabazi dezakegu, defentsa ona egin behar dugu, baloi gutxi galdu erasoan, defentsa ona dute eta kontraerasoan sendoak dira” azaldu du.
Azkenik, Dara Carvalhok aitortu du “Bera Berako taldekideekin egoteko gogoa dut, taldeak dituen erronkei ekiteko eta horrekin Londreseko Joku Olinpikoetara begira ahalik eta ondoen prestatzeko, Brasilgo eskubaloiarentzat oso garrantzitsua izango baita”. “Atsedena hartuta, urtarrilaren 2an Bidebietan izango naiz indar guztiekin” dio.
Aurtengo denboraldian orain arte gertatutakoa laburtzen saiatu gara bideo honetan. Bera Bera Eskubaloia osatzen dugun familia osorako 2012. urtea ahaztezina izango dela konbentzituta gaude eta gonbidea luzatzen dizuegu erronka hauei elkarrekin ekitera.
Eli “nekatuta” etorri da eta “opor garai hau ezin hobeta datorkit indarrak berreskuratzeko” onartu du. Lortutakoarekin “oso pozik” dagoela aitortzen du “intentsitate handiko Mundiala izan da, batez ere, Brasilen aurkako partida, publikoak dena eman zuelako bere taldea animatzeko”. Norgehiagoka amaitzeko 15 segundu falta zirela, hain zuzen ere, Eli Pinedok sartutako gola, Espainia finalerdietan kokatu zuena, oso komentatuta izan zen txapelketan. “Egia esanda, momento horrretan ez nintzen konturatu gol horri esker partida irabaziko genuela, gainontzeko jokalariak saltoka ikusi nituenean erreakzionatu nuen eta une horren garrantziaz jabetu nintzen”. “Logikoki nire kirol ibilbideko golik garrantzitsuenetako bat izan da” adierazi du gau horretan twitteren TT izan zen Bera Berako hegalak.
Norvegiaren aurkako finalerdiari buruz galdetuta, Eli Pinedok aitortu du “ezinezkoa izan zen, Norvegiari irabazteko oso gaizki jokatu behar du eta, horrez gain, guk oso ondo eta hori Brasilen ez zen gertatu”. Brontzezko domina eman zuen Danimarkaren aurkako norgehiagokaz Amurriokoak “bagenuen euren jokuaren berri" azaldu du. "Defentsa irekia, Silvia Navarroren inspirazioa eta bigarren zatian erasoan gehiago asmatu genuelako irabazi genuen partida” azpimarratu du.
Errusiari buruz –otsailean EHF kopan Bera Berako arerioa izango den Lada Togliattik zazpi jokalari zituen selekzioan- Eli Pinedok aitortu du “potentzial ezberdina du, oso zaila izango da baina Mundialean guk brontzezko domina lortzea inork gutxik espero zuen”.
Azkenik, Eli Pinedok azpimarratu du “gauza bat nabaritu dugu, audientzi onak eman dira gure partidatan eta uste dut emakumeen eskubaloiara jende gehiago hurbildu dela”. “Orain atsedena hartuko dut baina taldearekin egoteko gogoa daukat, badakit oso ondo jokatu eta entrenatu direla egun hauetan Ligara eta Europara indartsu itzultzeko”.
"Bera Bera, harro"
Bestalde, Bera Bera Eskubaloi taldeko presidente Amaia Ramirez “harro” sentitu da Mundialean “gure jokalariek egin duten lanarekin, Elik lortu duena sekulako balentria da baina azpimarratzekoa da ere Dara Carvalhok Brasilekin eta Antonella Menak Argentinarekin egindakoa”. Horrez gain, “ezin ahaztu, Patri Pinedo eta Nely Carla urte askotan izan direla Bera Beran eta hori pozgarria da niretzat”.
Eli Pinedo eta Bera Bera Eskubaloi taldeko gainontzeko jokalariak urtarrilaren 2an itzuliko dira entrenaldietara ligari urtarrilaren 7an berriro ekitera, oraingo honetan BM Alcobendas taldearen aurka, alegia.