Ligaren itzuleran Bera Bera Eskubaloiak partida “zailak” ditu aurrez aurre, arerio zuzena horietako aurrena, larunbatean, BM Alcobendas –sailkapenean Bera Berarekin bat eginda dagoena- alegia. Darly Zoqbik argi du “irabazi beharreko norgehiagoka da”. “Beti hurrengo partida izango behar da helburu” dio brasildarrak, Itxako “gertuago” ikusten duena, “halere Liga ez dago gure esku, nafarrek partidarik ez baitute galdu”. Horregatik, “gure lana egitea” eskatzen du “bigarren postua lortzeko lehian buru-belarri sartu garelako”.
Bere esanetan, “partida guztiak dira zailak” eta oso garrantzitsua da “irabazteko presio handiagoa dugun Bidebietan punturik ez galtzea”. Hau da, “gure erritmoa ezarri behar dugu eta gure eskubaloia jokatu, defentsa ona eta kontraerasoak gauzatu” adierazi du.
Bera Bera da ligan gol gutxien jaso duen taldea. Darlyk ez du meritorik nahi “taldean egindako lanaren eraginez delako”. “Egia da, defentsan oso emaitza onak ditugu, moldaera azkarra izan da eta egunero indarguneak sendotzeko eta ahuleziak leuntzeko lan dexente egiten dugulako”.
Brasildarrak intentsitate handiz bizi ditu partida guztiak. Hala, Darlyren konzentrazio prozesuak bere taldekideak daramatenarekin ez du zer ikusirik. Halere ez du hortaz hitz egin nahi. “Norgehiagoka bakoitza desberdina da eta partida ahalik eta gehien bizitzea bilatzen dut”. Jokuan behin sartuta “defentsarekin lan egitea gustoko dut, asko hitz egin hobetzeko”.
Eta Darlyk arerioen jaurtiketak nahiz barneraketak gelditzeko behar duen inspirazioa aurkitzen du normalean. “Ohorezko mailako jokalariak jaurtiketa ezberdinak egiteko gai dira, ondorioz, partidan erabat sartuta egoten naiz eraginkortasuna lortzeko”.
Azkenenko partidan, Mar Saguntoren aurka, Darly bikain aritu zen. “Asko maite dut kluba hori eta niretzat partida berezia zen, ongietorri ona eman zidaten eta norgehiagokarekin pozik nago, talde bezala ere ondo ibili ginen hainbeste aldiz jokatu dudan pistan”.
Brasildarrak telebistaz jarraitu zuen eskubaloi Mundiala. “Txapelketa handia izan da eta Brasilek edozein taldea gainditzeko gai dela frogatu egin du” adierazi du. Bere ustez “Espainiak xehetasunak alde izan zituen, horrela galtzea tristea da nahiz eta Eli Pinedorekin poza hartu” dio hasperen eginez.
Hirugarrenak
Bera Bera ABF ligan hirugarren postuan kokaturik dago une honetan, partidarik galdu ez duen Itxako eta Mar Sagunto atzetik, azken jardunaldian donostiarrak valentziarrak gainditu arren. Adina puntuekin BM Alcobendas dago, larunbateko arerioa, alegia. Mar Alicanterekin batera bigarren postua helburu duten taldeak dira laurak, Itxako hitz potoloa baita gaur egun. Horretarako, Bera Berak Bidebieta izango du alde, izan ere, madrildarrak eta valentziarrak Donostiatik pasatuko dira, nafarrak bezala.
Sei garaipen
Bera Bera Eskubaloiak etxean partida guztiak irabazi ditu (Kukullaga, Mar Alicante, Porriño eta Castro Urdiales), Leónen berdindu zuen, Gijónen eta Sagunton irabazi eta Itxako eta Elx taldeen aurka, galdu. Alcobendas jaso ondoren, lehenengo itzulia amaitu bitartean Kanarietako Rocasari bisita egingo dio, Elda Prestigio Bidebietan izango da urtarrilaren 18an eta San Sebastian egunean Murtziaruntz abiatuko dira larunbatean jokatzeko. Hilabetea amaitzeko Itxako jasoko du Donostian, ondorioz, bost jardunaldi jokatuko ditu urtarrilean.
262 gol
Bederatzi norgehiagoketan 262 aldiz zulatu du arerioen atea, bataz beste partidako 29 gol baino gehiago, lehiaketan gol gehien sartu dituen hirugarren taldea, Itxako eta Mar Sagunto atzetik, hain zuzen ere. Bigarren zatiak hobeak izan dituzte donostiarrek, 24 gol gehiago sartu baitituzte aurreneko 30 minutuetan baino. 43 golekin Mundialean brontzeko domina lortu zuen Eli Pinedo da taldeko golegile nagusiena, ostean, Bea Fernández (36), Eider Rubio (35) eta egun lesionaturik dagoen Anna Punko (33). Ondoren, agertzen dira Berta (27), Carvalho (25), Ziarsolo (24) eta Cuña (22).
Penaltiz, 21 gol
Guztira, 27 jaurti ditu, ondorioz, %77a baino gehiagoetan gola da. Eider Rubioren ardura da, nahiz eta Verónica Cuña eta Bea Fernández ere zazpi metroetara hurbiltzen diren. Oraindik gogoan dute Itxakoren aurka Eiderrek huts egindako penaltia, partida amaiatzeko bost segundu falta zirenean Bera Berak puntu bat urratzeko aukera ederra galdu zuelako. Errebotea Eiderren eskuetara iritsi zen baina denboraz kanpo sartu zuen gola donostiarrak.
Aitzitik, zazpi metroetatik ematen diren hamar jaurtiketatik Bera Berak hirutan galerazten du gola. Azpimarratzekoa da bederatzi partidatan hamaika penalti gehiago izan dituztela aurka.
190 gol jaso dituzte
Gol gutxien jaso duen ligako taldea da Bera Bera, bataz beste, 21,1 gol. Zentzu honetan Reyes Carrere entrenatzaileak eskatutakoa betetzen ari da, “beti irabaziko dugu 24 gol baino gutxiago jasoz gero”. Partzialetara begira, taldeak lau gol gehiago jaso ditu bigarren zatian lehenengoan baino. Egungo erronka da defentsan ematen diren errekuperazioak erasoan jaurtiketetan bihurtzea.
24 gol jasoz gero, ez da arazorik
Eta horrela gertatu da irabazi dituzten partidatan. Eta jaso dituztenean, sufritu dute. 24 gol baino gehiago jasota, Bera Berak Lizarrerian eta Elxen galdu eta Leonen berdindu (26) zuen. Partida horietan lehenengo nahiz bigarren zatian 14 gol edo gehiago jaso zituen.
Horrez gain, hiru aldiz iritsi da galtzen atsedenaldietara, batean berdinduta eta gainontzeko bostak irabazten. Azpimarratzekoa da bigarren zatiko partzial guztiak irabazi dituela Itxakoren aurkako partidan izan ezik (14-12). 14 gol horiek berriro ere…
Partida hauetako partzialei so eginez gero antzematen da Bera Berako jokalariek partidei lasai ekiten diete aurreneko bost minutuetan. Kukullagaren aurkako debutean izan ezik (4-1) gainontzeko markagailuak estu-estuak izan dira. Era berean, ikus daiteke azkeneko bost minutuetan ez dela markagailuan inolako iraulketarik eman.
43 kanporaketa
Batez beste, partidako ia bost alditan jokalari bat galdu du Bera Berak bi minututarako. Mingarriak izan ziren ikusitako bi txartel gorriak. Batetik, Eli Pinedok Leonen protestatzeagatik ikusi zuena, etxeko taldeari partida berdintzeko aukera eman ziona. Eta bestetik, Dara Carvalhok azken minutuan Elxen ikusi zuena, ondorioz Saguntoren aurkako partida jokatzen galerazi ziona brasildarrari egutegi xelebre honek kalte egin ziolarik. Internazionalak dira kanporaketa gehien jastzen dituzten taldekideak, bederatzina, hain zuzen.
15 jokalari
Izan dira Reyes Carrere entrenatzaileak erabili dituenak. Alba Menendezen errekuperazioa azpimarratzekoa da, izan ere, Castro Urdialesen aurka ikusi genuen berriro pistan. Bestetik, aipatzekoa da Olatz Ramon jubenila Leonen aurkako partidako deialdian sartu zela, Carvalho eta Mena Joku Panamerikarretan zirelako.
Egunko erronka da Anna Punkoren baja betetzea, EHF kopako kanporaketara iristeko oso zaila duena. Europako bi partida hauek gehituta Bera Bera Eskubaloiak zortzi norgehiagoka jokatuko ditu hilabete batean, denboraldi honetan jarritako helburuak berretsiko dutelakoan.
Lehiaketa honetan arlo garrantzitsuenetariko bat prestaketa fisikoa izan ohi da, egutegiari so eginez gero kontutan hartzekoa, izan ere ia bi hilabeteko etenaldi ostean hemendik aurrera atsedenik gabeko bost hilabeteri ekingo diotelako.
Iker Fernández da lan hori betetzen duena, Bera Bera Eskubaloiko ohorezko mailako taldeko prestatzaile gisa bigarren urtea betetzen ari dena, hain zuzen ere. Iraunpena, indarra eta ahalmena, abiadura eta prebentzioa bezalako arloak definitzen ditu denboraldi osoan zehar jokalariek jarduera ahalik eta ondoen gauzatze aldera.
Horretarako, metodologia zehatza jarraitzen du, hau da, hainbat parametro tarteko, banan-banan jokalarien profila osatuz. Hasieran, asimetriak antzematen saiatzen da, %15 eta %20a bitartean emanez gero “intentsitate gehiagorekin lantzen da gorputz adar ahulena oreka lortu arte”. Jokalariaren profilari esker “lesioak izateko aukerak zehazten dira eta prebentzioa areagotu”.
Jokalariek hainbat froga izaten dituzte, esate baterako, pesak erabiltzen dituzte norberaren ahalmena jakin ahal izateko “bakoitzak jakin dezan zer nolako pisuarekin lan egin behar duen, abiadura eta indarra orekatuz”. “Banan banan datuak jaso eta jokalari bakoitzak dituen beharrei erantzuten saiatzen gara” azaldu Iker Fernandezek.
Horretarako, hiru neurketa aurreikusten dira, aurredenboraldian, etenaldi aurretik eta bukaeran. Adierazi duen bezala “udako opor ostean bakoitzaren egoera aztertzen dugu eta hortik aurrera denboraldi osoa definitzen dugu, saioak zehaztu eta urte osoan zehar ariketak egin”.
Jokalarien maila fisikoarekin “orain arte oso pozik” dagoela dio Ikerrek. Bera Bera Eskubaloian daraman 16 hilabete hauetan “eboluzio nabarmena antzeman dugu, esate baterako, ahalmenean %20a igo dute, hau da, iaz 500 wattekoa zuten eta egun 700 wattekoa baino gehiagokoa da”.
Prestatzaile fisikoak behin eta berriz aipatzen du “moduan eragin, planifikazioa eta kontrola”. Bere helburua argia bezain zaila da, “maila fisiko hoberena lortzea, beti” egutegiak dituen oztopoak gaindituz. “Izan dugun etenaldian batez ere indarra eta ahalmena landu ditugu” dio. “Lehiaketan astean bi saio egiten ditugu eta oporretan maila fisikoa mantentzeko lantxo batzu bidali dugu” azaldu du.
Prebentzioa
Iker Fernandezek zaintzen duen beste arlo garrantzitsua prebentzioa da. “Eskubaloian lesio gehienak beheko gorputz adarrean ematen dira” azpimarratu du. “Horregatik –jarraitu du- test eta ariketa saila prestatu ditugu oinek jasan behar dituzten indarrei eusteko, esate baterako, eroriko batean, hau da, jokalariei erortzen eta galgatzen irakatsi behar diegu”.
Ariketa desberdinak egiten dituzte: hesi-saltoak, salto anitzak horizontalak nahiz bertikalak belaunaren oreka mantendu ahal izateko. “Banan banan lantzen dugu prebentzioa jokalariekin eta gorputz adar ahulena gogortzen saiatzen gara” adierazi du. Gainera, ariketa hauek abiadura eta bizkortasun zirkuitoekin bateratzen dira lasterketetan azkartasuna hobetze aldera.
Beste kirolarien prestaketa fisikoa kudeatu eta arlo honetan bloga idazten duen Iker “pozik” dago Bera Bera Eskubaloian hamasei hilabete hauetan egindako lanarekin, “batez ere, jokalariengan nabaritu aldea nabaritu dudalako eta ia lesiorik ez ditugulako”.
Aitzina erakundeak sustatzen duen ‘birziklapen solidario’ izeneko kanpainarekin bat eginiz, helburua da Alaxia-Telangiectasia gaixotasunak behar duen ikerketa sustatzea. Gaixotasuna jaio eta bi urte bitartean agertzen omen da eta eraginak latzak ditu, batez ere, giharretan eta mugimenduen koordinazioan ibiltzerako eta hitz egiteko garaian. Horrez gain, hainbat infekzio jasateko aukera gehiago dituzte, endekapenezko gaixotasuna bihurtuz, hain zuzen ere.
Gaixotasun ‘arraroa’ denez eta oso kasu gutxi emanda –Euskadin, bakarra- ikerketa oso garestia da. Aitzinaren web orrialdean azaltzen den bezala, elkartearen asmoa da “gutxieneko finantzazio lortzea ikerketa proiektuarekin hasteko, hau da 50.000 eta 60.000 euro bitartean behar ditugu”.
Eta horrek esan nahi du, apirilean hasi eta 2012ko udararte luzatuko den kanpainak 3.000 tapoi tona jaso behar dituela. Gipuzkoan Urbilen, Tolosako The Nest garagardotegian (Rondilla kalean) eta EHUko Informatika Fakultatean biltzen dira. Ur botileko tapoiak birziklaturik gabeko plastikoen bitartez daude eginda, ondorioz, gehiago ordaintzen da. Bera Bera Eskubaloi taldeko jokalariak birziklatzen dituzte; hemendik aurrera gogoratu horrelako tapoiak gordetzen ekimenarekin bat egiteko.