Izan ere, bederatzi jardunaldi jarraian dira bigarren leku horren jabe, datorren denboraldian Europako Txapelketa jokatzeko aukera emango duena. Aurreneko jardunaldian golei esker Bera Bera lídergoan kokatu zen, ondorioz, Europako Txapelketako postuetan denbora gehiago eman du kanpoan baino.
Lizarrerian eta Elxen jasotako porrotek eta Leongo berdinketak Bera Bera laugarren postura eraman zuten lehenengo itzuliko erdialdean. Bidebietan larunbatean (7etan) hartuko duen Elche-Mustang taldearen aurkako partidak eragina izan zuen aldagelan. Hortik aurrera taldearen ibilbidea zoragarria izan da, azkeneko 12 partidatik 11 irabazi ditu, besteak beste, Sagunton eta Alacanten eta Alcobendas eta Elda etxean. Porrota bakarra -gol bakar batez- partida guztiak irabazi dituen Itxakoren aurka izan zen. Iaz liga osoan baino garaipen eta puntu gehiago ditu aurtengo Bera Berak
Kopan, zerrenda-buru
Bera Bera bigarren postuan urtarrilean 14an kokatu zen sailkapenean 22-33 Rocasari irabazi ostean eta Cleba Leonek Saguntori irabazi ziolako.Bi jardunaldi gelditzen ziren aurreneko itzulia amaitzeko eta Kopako zozketari begira donostiarrek zerrenda-buru zuten helburu. Horretarako, Elda Prestigioren aurka oztopo batzuk gainditzeko kapaz izan zen eta Murtziari ezin zion aukerarik eman.
Emaitza hauei esker, Itxako saihestu zuen zozketan, kasualitatez Altean lehenengo eta hirugarrena elkartu zuten, Itxako-Mar Sagunto, alegia.
Kukullagari aise irabaziz eta Itxakoren aurka galduz ekin zion Bera Berak bigarren itzuliari. Hortik aurrera, Alacanten eta Cleba Leonen aurkako garaipenak dira azpimarragarrienak.
Egun, bi puntuko alde du Mar Saguntorekiko eta bost puntu ditu BM Alcobendas eta Mar Alicante. Donostiara etorri aurretik, Mar Saguntok Itxako gaindiezinaren bisita jasoko du, ondorioz, donostiarren tartea handiago izan daiteke.
Asteburu honetan, Bera Berak mendekua hartzeko aukera du, izan ere, Elche-Mustang –Sagunton irabazi zuen- hartuko du eta, ondorioz, arerioekin abantaila mantendu, 20. Jardunaldiak sorpresa gutxi emango dituelakoan.
Emakumeen eskubaloi ligako sailkapenari so eginez gero, Bera Berak etxetik kanpo bi partida eroso izango ditu, Porriñon, larunbatean eta Castro Urdialesen, martxoaren 17an. Etxean zailago izango ditu, izan ere, Elche-Mustang eta Mar Sagunto hartuko dituelako.
Martxoaren 10eko Elche-Mustang taldearen aurkako norgehiagoka adi adi jarraituko dute. Alde batetik, Bera Berak gogoan du, oraindik ere, lehenengo itzulian jaso zuen porrota (27-24), aurreneko zati penagarri baten erruz (15-8) eta, jakina, Altean apirilaren 12an, arratsaldeko 6etan, Kopako final-laurdenetako kanporaketa izango delako.
Alacanteko taldeak, egun Bera Bearak baino bost puntu gutxiago duena, partida guztiak irabazi zituen Itxakoren aurka jokatuko du gaur. Ondorioz, donostiarrek Bidebietan irabaziz gero, bigarren postuko lehiatik at bidaliko dute Elche-Mustang taldea.
Martxoaren 17a ere garrantzitsua izango da. Izan ere, Bera Berak Castro Urdiales jokatuko du eta, era berean, sailkapena eragina izan ditzaketeen Mar Sagunto – Itxako eta Elche Mustang-Mar Alicante partidak, batez ere, aurrenekoa. Valentziarrek donostiarrek baino bi puntu gutxiago dituzte orain eta Donostiara etorri aurretik norgehiagokarik zailena izango dute orduan.
Mar Sagunto, martxoaren 31n
Eurokopa jokatzeko sailkapen fasea dela eta –Eli Pinedo eta Bea Fernández deitu ditu Dueñasek- lehiaketak aste beteko atsedena izan ondoren, partidarik erabakigarriena iritsiko da. Martxoaren 31a gorriz dago Bera Beraren egutegian, Mar Sagunto hartuko baitu. Bera Berak urrats handia eman lezake valentziarrak gaindituz gero, hau da bigarren postua berretsi Kopara abiatu aurretik. Lehenengo itzulian Saguntoko garaipenak bide onean kokatu zuen Bera Bera.
Apirilean, Kopa ostean, emozioz beteriko 23. jardunaldia biziko dugu, BM Alcobendas-Bera Bera eta Mar Sagunto-Mar Alicante partidak jokatuko baitira. Donostiarrek Rocasa eta Ucam Murcia etxean hartuko dituzte eta, erdian, Elda Prestigioren aurkako partida Alacanten.