Zarauzko hegala hilabete darama taldearekin entrenatzen, askotan arreta handiz baina egunez egun biziago. Horregatik Reyes Carrerek Cleba Leon taldearen aurka jokatzeko 14ko zerrendan sartu du Alba.
Bera Bera Eskubaloiak horrela beteko ditu Dara Carvalhok eta Antonella Menak utzitako hutsuneak, Joku Panamerikarretan debuta bihar egingo dutelarik.
400 kilometro
Taldea goizeko 11etan autobusez irtengo da, Burgoseko Olmillos de Sasamonen bazkaldu ostean Leongo udal kiroldegira iritsiko da arratsaldeko 4,30ak aldera, donostiarrek guztira 394 kilometro beteko dituzte. Cleba Leonen aurkako partida bi ordu beranduago hasiko da, etxean lortutako hiru puntuekin dago Leongo taldea, Kukullagari irabazi eta Elda Prestigiorekin berdindu esker.
Aitzitik, ez du punturik lortu etxetik kanpo Itxako eta Ucam Murciaren aurka. Biharko partidari begira, Juceli Aparecida pibotea baja izango da ezker eskuin metatartso bat puskatu eta gero.
Honen aurrean, Bera Bera Eskubaloiak ezin du lasaitu, izan ere, iaz berdinketa baino ez zuen lortu eta pasa den larunbatean Mar Alicanteren aurka gehiegi sufritu zuen Bidebietan.
Hutsune horiek betetzeko Reyes Carrerek Olatz Ramón jubenila eramango du Leonera. Lanez gainezka dago Olatz, lehenengo taldearekin hainbat saioetan izan da, atzoko jai eguna Faduran eman zuen Euskadiko selekzioekin, larunbatean Leonera egingo du bidaia eta igande eguardian jubenil mailako taldearekin Urnietakoren aurka jokatuko du Bidebietan.
Honen aurrean, Olatz “pozik eta gustora” dago lehenengo taldearekin bidaiatuko duelako, alegia. “Ezagutzen ditut denboraldiaurrea beraiekin egin dudalako eta hainbat entrenamenduetan izan naizelako” azaldu du pibote donostiarrak. Olatz maila ezberdinen aldeaz “jabetzen naiz, batez ere, abiadura handiko jokua delako eta erritmo aldaketa eta indarra behar direlako”.
Autobusez egingo duten bidaiaren aurrean “ilusionaturik” dagoela dio, nahiz eta onartu ere lehenengo taldeko jokalariek adarra jotzen diotela.
“Defentsan nahiz erasoan gustora” aurkitzen da Olatz jubenil mailako taldea presente duena. “Asteazkenean –atzo- jokatu behar genuen baina, azkenean, igandean dugu partida”. Autobusatik jaitsi, ohean sartu eta esnatu bezain pronto, Bidebietara.
Bera Bera Egia kadete 2 taldeak, aldiz, ez du arazorik izan Eibar Eskubaloia gainditzeko. 31-9 izan da emaitza kolore urdina nagusitu den norgehiagokan.
Datorren asteburuan, Ereintza Aguaplast izango da Bera Bera Egia kadete 2 taldeko arerioa, hain zuzen larunbatean Errenterian jokatuko den partidan eta lehenengo urteko kadeteek Oñatin jokatuko dute.
Kukullaga, Itxako, Gijon eta Mar Alicante taldeen aurka jokatu ostean, Bera Bera Eskubaloia da gol average delakoa onena duena. Donostiarrak gol gutxien jaso duen taldea da eta Itxakorekin batera golegile nagusienak ohorezko mailan, nafarrak baino bi gol gutxiago sartu dituztelarik.
Bera Bera Eskubaloiak 83 gol jaso ditu, partidako 21 gol baino gutxiago. Reyes Carrere entrenatzaileak etengabe eskatzen ari zaiena jokalariei, hau da, defentsa sendoa izatea, hain zuzen. Darly Zoqbi atezaina bermatzen du berau.
Bestetik, Eider Rubio da taldeko golegi nagusiena 19 golekin; Bertak 17 sartu ditu; Carvalhok, 16; Bea Fernández eta Eli Pinedok, 15 eta Punkok, 14.
Goiz-arratsaldez entrenatu dira gaur Carvalho eta Mena piboterik gabe, izan ere, Brasilgo eta Argentinako selekzioekin daude Joku Panamerikarretan parte hartzeko. Bera Bera Eskubaloiko jokalariek jai izango dute bihar eta ostegunean nahiz ostiralean lanera itzuliko dira Leongo partida prestatze aldera.