Zarautzen jokatu du Bera Berak ZKEk sortu zeneko 50. urteurrena dela eta. Aritzbatalden jendetza elkartu da donostiarrak animatuz, baja ugarei aurre egin behar izan duten egunean. Múgica eta Zugarrondoz gain, Ana Martínezk ezin izan du bizkarrean duen mina gainditu, Amaia Azanzak txorkatila bihurritu zuen bezperaz eta Elorza aulkian egon da baina ez pista sudurra babeste aldera. Hortaz, azken orduan, Tati Garmendiak Maialen Husillos deitu du, 18 urteko jokalaria.
Partida hasiera erabakiorra izan da. Núñez eta Menéndez erdian, Pinedo eta Arrojeria ondoan eta Etxeberria eta Ziarsolo hegaletan, Bera Bera sendo ezarri da defentsan eta gainera Tempranok asko lagundu du. 3. Minutuan Patri Alonsori penaltia gelditu dio eta Bera Berak ez zuen zalantzarik egiten korrika egiteko, batez ere Ziarsoloren bidez.
Donostiarrak 7-3 aurreratu dira. Susana Parejak partida gelditu du eta Menéndez bi minutu kanporatu dutenez Canyamelarrek ondo aprobetxatu dute, gainera Etxeberriak eta Pinedok kontraerasoak huts egin dituzte. Halere, etxeko jokalari Menéndezek moztu du bolada txarra eta Bera Bera atsedenaldira aurretik iritsi da: 14-8.
Baja ugari zirela eta, Pinedo eta Ziarsolo ia partida osoa jokatu dute, aurrenekoa lehenengo lerroan. Menéndez eta Arrojeriak ere zama handia jasan izan dute, Núñez eta Etxeberria bezala baina hauek Ederra eta Ezkurdiaren laguntza izan dute.
Bigarren zatian, Bera Berak berdin jarraitu du. Hasierako minutuetan baloiak galdu dira alde batean zein bestean baina kontraerasoak gauzatzen jarraitu dute gipuzkoarrek, Ezkurdiak ondo baino hobeto aprobetxatu ditu baloi luzeak. Gaur ere Montse Puche lagun aulkian, Tati Garmendiak Maialen Husillos sartu du ohorezko mailan debuta eginez.
Fitxa: Bera Bera 29, Canyamelar Valencia 19
Bera Bera 29 (14+15): Temprano, Etxeberria, Menéndez (3), Núñez (5), Pinedo (6), Arrojeria (3) eta Ziarsolo (8) –titular- Ederra (1), Ezkurdia (3), Arizaga eta Husillos. Deialdian: Elorza eta Udane Rodríguez (o.a.).
Canyamelar Valencia 19 (8+11): Aguas, Bravo (2), P. Descalzo (2), Segura (5), Esterri, Alonso (3) eta Payá (5) –titular- E. Descalzo (1), Cañavera, Amo, Herreros (1) eta Gutiérrez (o.a.)
Epaileak: Javier Gutiérrez –kantabriarra- eta Sergio Elordui –euskalduna-. Kanporatuak: Menéndez (2), Núñez, Arrojeria, Ederra eta Arizaga Bera Beratik eta Amo eta Herreros Canyamelar Valenciatik.
Partzialak: 3-2, 6-3, 7-5, 10-6, 12-6, 14-8 –atsedenaldia- 15-9, 17-12, 20-12, 21-14, 25-16 eta 29-19
Azkenean Maite Zugarrondo ez da deialdian izango eskuin sorbaldako errehabilitazioarekin jarraitzen duelako. Ondorioz, Alcobendasen bezala, Udane Rodríguez izango da bigarren atezaina. Bestalde, zerrendan izango da Uxue Ezkurdia hegalekoa.
Ligan Bera Bera estu hartu zuen lehenengo taldea izango dute aurrean gipuzkoarrek. Izan ere, donostiarrek Valentzian partida irauli egin zuten, azken jokaldian erabaki zena, Pinedoren hegaletik sartutako golari esker. Horregatik, barneratuta dago Canyamelar Valencia taldeak lanak emango dituela eta defentsan nahiz erasoan estutuko dute Bera Bera. Horrez gain, Aritzbatalden aritzeak zalantzak sortu ditzake baina zaletuek asko bultzatuko dutela ez dago zalantzarik.
Etxetik kanpo bederatzi partida jokaturik, Canyalmelar Valencia taldeak hiru irabazi ditu: Granollers, Málaga eta Alcobendasen eta Leonen berdidu zuen. Bataz beste 28 gol baino gehiago jaso ditu eta 25,6 sartu. Bestetik, Bera Berak Bidebietan 26 gol baino zertxobait gehiago daramazki eta 20 baino gutxiago jaso.
Gipuzkoan geldituko da Montse Puche
Tati Garmendiarentzat pistatik taldea zuzenduko duen azken partida izango da biharko. Alcobendasen bezala, Montse Puche izango du lagun –Canyamelar Valencia taldeko entrenatzaile Susana Parejaren taldekidea izan zen-. Bera Berako entrenatzaile berria larunbatean iritsiko da Donostiara eta bertan geldituko da, hau da, datorren astelehenean Bidebietan aurreneko entrenaldia zuzenduko du eta taldeko ardura hartuko du.
Zarautz Kirol Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da denboraldi honetan eta Bera Berari Europa mailako partida eskatu zion. Talde donostiarrak Jomi Salernoren aurkako kanporaketa proposatu zion baina Zarautz taldearentzat data ezegokian. Ostean Muratpasaren aurkako final-zortzirenetako partida telebistazko balditzek galerazi zuten, hortaz, Bera Berak ligako partida eramatera nahi izan du.
Komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean ZKEko eskubaloi arduradun Inma Saezek adierazi du “antolaturiko ekintzen artean eskubaloi partida onak hartu nahi genituen eta eskerrak eman nahi dizkiegu Bera Berari gurekiko izan duten arreta, jakin badakigulako ligako partidak zure pistatik ateratzea ezohikoa dela”.
Egun Bera Beran hiru zarauztar daude: Alba Menéndez, Maialen Múgica –belaunean izandako ebakuntza dela eta errehabilitazioan dago- eta Andrea Zaldua –Aiala Zarautzen utzita- eta, horrez gain, Matxalen Ziarsolo, kostako herrian bizi dena.
Inma Saezek azpimarratu du “partida ere kanpoan ibilitako jokalariei omentzeko nahi dugu”. “Zarautzen ikusmira eragin du norgehiagokak, gure zalegoek beti bezala erantzungo dute eta esperientzia ona izatea espero dut” amaitu du.
Tati Garmendiak eskertu dio Zarautzi “gurekin pentsatzeagatik” eta ez du zalantzarik zarauztarren erantzunarekin “ziur gaudelako etxean bezala izango garela, espero dut ondo jokatzea eta partidaz gozatzea”.
Alba Menéndez jokalariarentzat “oso partida berezia da nire kiroldegira bueltatzen naizelako” halere, era berean, dio “arraroa da ligako partida etxean delako eta Bidebietatik kanpo gaude”. Bere ustez norgehiagoka “oso interesgaria izango da, han estu joan zen partida –gol bakar batez irabazi zuen Bera Berak- eta ehuneko ehuna eman behar dugu liga irabazteko bi puntuak behar ditugulako”. “Gure esku dago eta badakigu Zarauzko zalegoaren laguntza izango dugula” esan du zarauztarrak.
Bestetik, Zarauzko kiroletako zinegotzi Aser Lertxundik “publikoa Aritzbataldera joatea animatzen dugu puntako partida ikusteako” eta era berean “eskubaloiaren alde lan egin duen kluba” zoriondu du”.