Bera Bera Eskubaloiak eta Errumaniako HC Danubius Galati taldeak adostu dute Cup Winners’ Cup lehiaketako hirugarren txandari dagokion kanporaketa Donostian jokatzea azaroaren 10 eta 11n.
Horrela, larunbata 10ean Josean Gasca kiroldegian izango da joaneko partida, 17,30etan eta lehengo larunbatean bezala ETBKSATek eskainiko du norgehiagoka zuzenean.
Itzuliko partida, aldiz, hurrengo egunean izango da Bidebieta kiroldegian, igandea 11an, eguardiko 12etan. Akordio honekin, Bera Bera Eskubaloiak lehiaketan jarraitzeko aukerak indartzeaz gain bidaiak sortzen dituen gastuak ekidin ditu. Gainera, Reyes Carrerek ia astebete izango du Leongo partida prestatzeko, liga eten aurretik azkeneko norgehiagoka, aurten Serbian jokatuko de Europako txapelketa izango da arrazoia.
Castelldefels
Horrela, emakumeen eskubaloi ligari dagokion bederatzi jardunaldia aurreratuko da eta Bera Berak eta Castelldefels taldea hartuko du Bidebitan azaroaren 6an, asteartean, 18etan. Ondorioz, donostiarrek bederatzi egunetan lau partida jokatuko dituzte: Alcobendas (azaroak 3), Castelldefels (6) eta Danubius Galati (10 eta 11).
Errekopako kanporaketa honetan 24 talde daude, Errumaniarrak gaindituz gero Bera Bera adi egongo litzateke azaroaren 20an egingo den zozketarekin. Sailkatuko diren 12 taldekin batera Champions Leaguen aritzen diren beste lau talde elkartuko dira zozketan, multzo bakoitzeko hirugarren sailkatuak, hain zuzen, egun taldea hauek: Randers, Zvezda, Dinamo Volgograd edo Krim. Final zortzirenak otsaileko aurreneko bi asteburuetan ospatuko dira.
Vero Cuñari bihar egingo diote ebakuntza
Verónica Cuña central galiziarrari Gipuzkoako poliklinikan egingo diote bihar ezker belaunean lotailu gurutzatua sendatzeko ebakuntza. Bera Berako jokalariak sei hilabete jokatu gabe egon beharko du, ondorioz, ia denboraldi osoa galduz.
Serbian abenduaren 4tik 16ra bitartean ospatuko den Europako txapelketari begira Jorge Dueñas hautatzaileak gaur ezagutzera eman duen deialdian dira Bera Berako jokalari Eli Pinedo eta Patricia Elorza.
Horrela, Eli eta Patrik azaroaren 19an Pinton egon behar dute Espainiako selekzioak prestatu duen konzentrazioan. Halere, oraindik Bera Berarekin bost partida garrantzitsuei aurre egin beharko diete: larunbatean Alcobendasen aurka, asteartean (azaroak 6) Bidebietan Castelldefelsen aurrean, azaroaren 10 eta 11n Donostian Errumaniako HC Danubius Galati hartuko du Bera Berak Cup Winners’ Cupen eta azaroaren 17an Leonen.
Dueñasek burutu duen zerrendan Barbosa eta Nerea Pena dira nobedadeak Londreseko Joku Olinpikoetan brontzeko dominak lortu zuen taldearekin konparaturik.
Espainiako selekzioak lau lagunartekoak jokatuko ditu Serbiara abiatu aurretik eta abenduaren 4an debuta egingo du Alemaniaren aurka.
Era berean, Israelgo selekzioak ere Nitsan Dunay gaztea deitu du azaroaren 22rako.
Orokorrean ez da asteburu ona izan Bera Bera Eskubaloiko harrobiko taldeentzat. Izan ere, kadete eta jubenilek galdu zituzten partidak eta infantil mailako Bi taldeak baino ez zuen garaipenik lortu. Azpimarratzekoa da, orain arte, senior mailako Egia Bera Bera betetzen ari den ibilbidea.
Mauge Gezalak zuzentzen duen taldea Zumaian agertu zen Esther Arrojeria, Nagore Arizaga eta Alba Menéndez jokalariak gabe, hirurak Reyes Carrere behar zituen, nahiz eta zarautzarrak txorkatilan bihurdura izan zuen eta baja izan zuen Valenciaren aurka.
Halere, Asador Basusta Pulpori 20-24 irabazi zion, bost partidak irabazi ditu eta lidergoan bakarrik da Egia Bera Bera. Gainera, partida hasi aurretik, Vero Cuña eta Nora Azurmendi animoak bidali zizkieten. Bi jokalariek belaunean lotailu gurutzatua apurtu zuten, galiziarrari asteazkenean egingo diote ebakuntza eta donostiarrari ostiralean. Hortik aurrera, sei hilabete baja izango dira bata zein beste.
Euskal Ligan, kadete eta jubenil taldeak Zarautzen jokatu zuten. Nora Azurmendi eta Anne Valle baja garrantzitsuegiak ezin ziren Egia Bera Bera jubenil taldearentzat, Aialaren aurrean 28-13 aise galdu zutelarik. Kadete taldeak, berriz, ondo jokatu arren 23-20 galdu zuten.
Beste porrota Bidebietan iritsi zen, Bera Bera Egia kadete 2 taldeak 12-18 galdu zuen Urnieta Mecanizados Kamox taldearen aurka Gipuzkoako txapelketan.
Infantil mailan, Bera Bera Egia Infantil Bi taldeak 20-6 gainditu zuen Ereintza Aguaplast baina Bera Bera Egia Infantil Bat galdu zuen berriro ere 13-20 Egia Bera Bera B taldearen aurka.
Bera Berak Superkopako finalean lortu arren, ez da egiten erraza ikustea talde batek 40 gol baino gehiago lortzea partida batean. Ohorezko mailako Ligan donostiarrek beste behin lortu dute balentria, duela ia 18 urte. Kopan, Europan eta Superkopan beste lau aldiz eman da datua, azkena lehen aipatutakoa, denboraldia ireki zuen partida Bidebietan, Bera Berak Itxakori 42-19 Superkopa irabazi ziolarik.
Gascan larunbatean Valencia Aicequipen aurka eman zen 42-23 emaitzarekin, Bera Berak denboraldi honetako marka hautsi du, orain arte Alcobendas eta Cleba Leonen esku zegoena, biek Castelldefelsi 36 gol sartu baitzioten.
Garako Juan Carlos Elorza kazetariak bildu dituen datuen arabera, 1994-95 denboraldiko partida batean sartu zituen Bera Berak 40 gol baino gehiago. Norgehiagoka 1994ko abenduaren 4ean jokatu zen Disnorte Bilbao igo berri zen taldearen aurka. Donostiarrek 46-24 irabazi zuten, besteak beste, Oliva Auta nigeriarraren bederatzi golei esker. Horrez gain, Marga Garcíak zazpi egin zituen, Amaia Ugartemendiak, bost; Tati Garmendiak, hiru eta Reyes Carrerek, bi.
Beste lau partidak Ligatik kanpo: Europan Holandako HV Beeker Fusie Club taldearen aurka (42-17) eta iaz 44-14 gainditu zuen Belgikako DHW Antwerpen Bera Berak. Kopan, aldiz, Monóvarri (41-22) 2009ko final laurdenetan eta aipatutako Superkopa.
Elorzaren arabera, Valencia Aicequip taldearen aurkako 400. garaipena zen Bera Berarentzat 1990tik.
Erasoan eta defentsan sendo aritu da Bera Bera lehenengo zatian eta horri esker Valencia Aicequip taldearen aurkako partida erabakita zegoen aurreneko 20 minutuetan. Elxen jasotako porrota hórrela mendekatu dira donostiarrak.
Valentziarrak hamaika minutu besterik ez diote eutsi Bera Berari. Zazpina markagailuan Reyes Carrere entrenatzailearen hutsarte batek jokalariak bizitu ditu eta hurrengo 13 minutuetan Bera Berak 10-0 partzial ikaragarria ezarri dio Valencia Aicequipi. Morskova entrenatzaileen jokalariek bi gol baino ez dizkiote sartu Yamiley Rodriguez –gaur bera izan da titular- azkeneko 19 minutuetan.
Josean Gasca kiroldegira bi bajekin etorri da Bera Bera. Alde batetik, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtuta duen eta sei hilabete baja izango den Vero Cuña eta, bestetik, Alba Menéndez txorkatil batean bihurdura du eta atseden hartzea erabaki dute. Horrela, Eider Rubio, Nitsan Dunay eta Patri Elorzak osatu dute lehen lerroa. Halere, beste behin, Eli Pinedo izan da valentziarrei golei erantzun duena, izan ere, aurreneko bederatzi goletatik sei sartu ditu internazionalak.
Ezker hegalak golak sartzeari utzi duenean hasi da Bera Bera tartea zabaltzen. Orduan Nitsan Dunayren barneraketak iritsi dira –bost gol-, Altuna edo Ziarsoloren kontraerasoak edo Elorzaren jaurtiketak.
Hortaz gain, atzean eroso aritu da Bera Bera, 5-1 defentsa ia gaindiezina zen Valenciarentzat. Estefanía Monros eta Mireia Paya ondo hasi dira baina Yamiley Rodriguezek atea itxi du 11. minutuaz geroztik. Horrela, atsedenaldian 23-9, Bera Berak Elxen baino gol gehiago zeraman.
Bigarren zatian, Zoqbik Yamileyren lana borobildu du eta Reyes Carrerek Nagore Arizagari eman dio agintea. Bera Beraren abantaila geroz eta handiago zen Ziarsolo, Altuna, Arizaga, Castro eta Ederra jokalarien golei esker.
Partida amaitzeko hiru minutu falta zirela Bera Bera Eskubaloiarekin debuta egin du lehen lerroan aritzen den Esther Arrojeria. Elxen deialdian sartu zen usurbiltarra eta gaur minutuak izan ditu, besteak beste, Eider Rubio eta Eli Pinedoren artean.
Datorren jardunaldian –azaroak 3, larunbata-(18etan)- Bera Berak arerio zuzen bat izango du aurrez aurre, Alcobendas, alegia.
Fitxa: Bera Bera 42, Valencia Aicequip 23
Bera Bera 42 (23+19): Yamiley, Altuna (5), Rubio (5, 1p), Dunay (5), Elorza (4), Núñez (2) eta Pinedo (7) –titularra- Ziarsolo (7), Castro (2), Arizaga (3), Ederra (2), Zoqbi (o.a.) eta Arrojeria.
Mar Valencia Aicequip 23 (9+14): Aguas, Monros (6), Descalzo (1), Esterri (2), Paya (4), Segura (2) eta Álvarez (1) –titularra- Bravo (2), Gómez (1), Mestre (3), Herreros (1), Morell, Gimeno (o.a.) eta Lozano
Epaileak: Gregorio Muro (Madril) eta Alfonso Rodríguez (Valentzia)
Kanporaketa: Elorza (2), Dunay, Castro eta Arizaga Bera Berarik eta Esterri eta Segura Valencia Aicequip taldetik.
Partzialak: 3-3, 7-5, 11-7, 15-7, 18-8, 23-9 –atsedenaldia- 25-11, 31-14, 34-15, 36-17, 39-21 eta 42-23