Bera Bera eskubaloi taldea Murtzi bidean da jada, joan den astean Castroren kontra jasotako porrotak utzi zuen zapore txarra kentzeko helburuarekin. Ucam Murtziak plater hautsiak ordaindu beharko lituzke, eta erreibindikatu egin nahi den talde baten amorrua pairatu. Bihar 19:00etatik aurrera, ez da opari gehiagorik egongo.
Bidebietan denboraldiko lehen porrota jasotzeak min eman dio taldeari, normala denez. Batez ere taldeak badakielako ez zela halakorik gertatuko astero erakusten duten maila erakutsi izan balute larunbatean ere. Galtzetik zerbait positiboa ateratzearren, Bera Bera amorruz eta dena ematera irtengo da Ucam Murtziaren kontra.
Reyes Karrerek hautatzeko dituen jokalari guztiak eraman ditu Murtziara, Alba Menendez lesionatua ezik. Astean zehar donostiarren entrenatzaileak taldearen lan defentsiboan eta kontzentrazioan aritu da lanean batez ere, pasa den larunbatean bertan egin baitzuten kale.
Murtziako San Basilio Kiroldegian, Ucam pimentoneroa dago zai, behealdean dabilen taldea, baina behetik gora datorrena. Beren hasiera zaila izan zen, baina pixkanaka altxa egin dira, eta irabazten zaila den taldea bihurtu dira. Lehen itzuliko partiduan argi utzi zuten hau Donostiara egin ziguten bisitan, noiz bi golengatik bakarrik galdu zuten.
Azken hiru partiduetatik bi irabazi dituzte, etxean Castro garaituta eta Alcobendas bere zelai zailean. Talde honek oso gutxitan galdu du gol askogatik, beraz, defentsako lana inoiz baino gogorragoa izan beharko da, partidua gol gutxirengatik erabaki baitaiteke.
Partiduaren garrantzia handiagoa da hurrengo astean Kopa dagoela kontuan hartuta. Emaitza txar batek gehiegi iraungo luke, beraz, ez da komeni sustorik egotea. Bost zentzuak partiduan jarrita, Bera Bera bi puntuak Donostiara ekartzen saiatuko da, sailkapeneko hirugarren postua berreskuratzeko, Saguntok asteazkenean Itxakoren aurka galdu baitzuen.
Bera Beraren harrobiko infantil A eta senior taldeek hurrengo aste bukaerako konpromezuak prestatzen ari dira dagoeneko. Beste ekipo guztiek atsedena izango dute, ligako fase berriak hasten diren bitartean.
Infantilek Foru Aldundiaren Trofeoari hasiera emango diote larunbatean Andoainen. 12:00etatik aurrera Leizaran Aren kontra arituko dita Allurralde polikiroldegian. Fase berri honetan, Bera Bera faborietako bat da, horregatik, lehen partidu honetan irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke gauzak behar bezala bideratzeko.
Seniorrak bere aldetik, bolada bikainean dabil, eta jarraipena eman nahi dio igandean 10:15etatik aurrera Zarautzeko Aritzbatalde polikiroldegian. Aiala izango dute arerio. Teorian behintzat, donostiarrak talde indartsuagoa dira, eta garaipenaren bila joango dira sailkapeneko bigarren postuarengatik borrokan sartzeko.
Aste bukaera honetan Bera Beraren harrobiko taldeek ez dituzte partidu asko jokatu, bi besterik ez, baina biak ere kalitate handikoak izan ziren, non gure neskek euren onena eman zuten eta bi garaipen zoragarri lortu zituzten.
Larunbatean Ohorezko Mailako neskak Bidebietako kantxara irten baino lehen, seniorrak Pulporen aurka jokatu zuten. Donostiarrek partidu zoragarria jokatu zuten, lehen zati bikain batekin. Markagailuan errenta ederra lortu ondoren, bigarren erdian asko gozatu zuten 30-13ko markagailuarekin irabazten bukatzeko. Bera Berak jarraian lortzen duen laugarren garaipena da, lehen postuetako borrokan bete-betean sartuz.
Igandean kadeteen txanda izan zen. Urdaneta zen arerioa, Bizkaiako txapelduna. Lehia hau fase berri bati hasiera eman baino lehen jokatu zen, maila honetako txapeldunen txapelduna zein zen jakiteko. Kasu honetan, Bera Berak sekulako jokoa erakutsi zuen berriro ere eta 24-18ko emaitzarekin irabazi zuen Egian. Euskadiko Txapelketara beraz, euren mailako txapeldun bezala iritsiko dira. Txapelketa otsailaren 26ean hasiko da.
Bukatzeko, nabarmendu beharra dago Bera Bera-Castro partiduaren atsedenaldian eta bukaeran egon zen giro ona. Izan ere, Bera Bera Eskolako txikiek Egiaren kontra lagunarteko partidutxo bat jokatu zuten, eta jendeak primeran pasatu zuen. Txikiek ere sekulako esperientzia bizitu zuten.
Bera Bera Eskubaloi taldeak bihar Castro jasoko du etxean (19:00), garaipenaren bidean jarraitzeko asmoarekin, pixkanaka sailkapenean jarraitzen dietenekin zuloa egiteko. Europara bueltatzearen helburua gero eta gertuago dago, baina horretarako taldea erakusten ari den maila, etxean batez ere, mantendu beharra dago.
Jardunaldia bikaina izan liteke irabazita, astean zehar zuzeneko arerioen artea bi partidu egon baitira. Eldak izerdi patsetan irabazi zion Alicanteri (31-30) eta Saguntok partidu gogo batean Elche garaitu zuen baita ere (27-28). Honenbestez, sailkapenean haustura bat egon liteke lehenengo lauen eta besteen artean, baina horretarako Bera Berak bere lana egin behar du.
Castro arerio zaila izan ohi da Bera Berarentzat, nahiz eta denboraldi honetan bertan euren kantxan garaitu zuten gol bakarragatik. Kantabriarrek sailkapenak dioena baino maila hobea dute, horregatik Bera Berak azken partiduotako maila mantendu beharko du. Horren ustean da baita ere Reyes Karrere entrenatzailea “Beraiek espero zena baino beherago daude sailkapenean, baina egia esan ez dute zorte handirik izan. Lesio asko, bost berdinketa, gol bakarragatik behin baino gehiagotan galdu...”
Bere jokalarien maila oso kontuan du “atezain bikaina dute. Gainera beste jokalari on batzuk ere baditu, Erika pibotea edo Jessika bilbotarra kasu, maila honetan euren kalitatea ederki asko erakutsi dutenak. Orokorrean kalitatea duen taldea da, oso jokalari onekin”. Karrerek partidu fisikoa espero du “bai. Partidu gogora espero dut, non beraiek defentsa gogorra edukiko duten. Gure garaipenaren bidea, defentsa indartsu batean hasi behar da, eta hortik erasoak antolatu”.
Garaipena lortzen saiatzeko, Reyes Karrerek Azenaide Danilo fitxaketa berria izango du, aste honetan bertan iritsia. Ziur elastiko urdinarekin debuta egiteko aukera duela. Bere entrenatzaileak dioenez “potentziala du, eta gure joku estiloan ederki moldatu daitekeen jokalaria da”. Beste jokalari guztiak, Alba Menendez lesionatua salbu, Karrereren aginduetara egongo dira.
Sentsazioak oso positiboak izaten ari dira azken partiduetan, horregatik Bera Berak batez ere etxeko lehietan erakutsitako maila mantendu nahi du. Taldeak erosoago jokatzen du Bidebietan, denbora hobeto antolatuz. Gehiegizko konfiantzak bakarrik ekar dakieke porrota donostiarrei, baina ziur Reyes Karrerek bere jokalariei ez diela inungo erlajaziorik izaten uzten. Laugarrenaren bila.
Gipuzkoako kadeteen selekzioak, jokalariak aukeratzen jarraitzen du, eta horregatik beste entrenamendu bat antolatu du hurrengo igandean, hilak 13, Usurbilen goizeko 10:15etan. Bertan egoteko Bera Berako lau jokalari deitu dituzte: Anne Valle, Udane Rodriguez, Lide Lucas eta Maitane Etxeberria. Lehen hirurak ordea, ezin izango dute joan, egun horretan bertan partidu ofiziala baitute Bizkaiako txapeldunaren aurka, Urdaneta.