Bera Bera ez da bakarrik egongo Barakaldoko Lasaesarre kiroldegian. Taldearen zalegoaz gain, Erreka Laranja peñak bidaia antolatu du. Bidebieta kiroldegitik irtengo da 17,30etan eta partida ostean, 19,45etan hasiko dena, itzuliko da.
Peñaren kide direnak dohainik izango dituzte sarrera eta bidaia. Bestalde, bazkide ez direnak baina partida ikusi nahi dutenek 15 euro ordainduko dute helduen kasuean eta gazteak, 10 euro.
Bihar, irailak 28, Bera Berako kadete eta jubenil taldeek Bidebietan egingo dute debuta Euskal Ligako aurtengo denboraldian.
Aurrenekoek, Maria Graciak zuzentzen duen taldeak 16etan hartuko du Errotabarri kadete taldea eta Veronica Valverderen jubenilek 18etan Ermuko talde bera izango dute aurrez aurre.
Bestetik, Bera Bera senior taldeak jokatu behar zuen partida bertan behera gelditu da, aurkariak eskaturik.
Bera Bera Eskubaloia bihar arratsaldean Barakaldoko Lasesarre kiroldegian azkeneko hiru partidatara eraman duen deialdi berarekin agertuko da, Superkopan eta Liga bi norgehiagokakoak, alegia.
Bera Berak jokatuko du bihar hirugarren jardunaldia Prosetecnisa Zuazo Barakaldo taldearen aurka bi puntuak bereganatzeko asmoaz eta zortzi asteetan hamalau partidetako ibilbideari hasiera ona emateko.
Imanol Álvarezek ezin du Vero Cuña erabili, ondorioz, Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria gazteak osatuko dute deialdia. Halere, partida serioa egin nahi du Bera Berak Lasesarren, Zuazok gauzak zailak jarriko dituelako.
Datorren larunbatetik aurrera Bera Bera Eskubaloiak burutu behar duen ibilbide mamitsua Bizkaian hasi eta bukatuko du. Barakaldon irailaren 28tik eta Etxebarrin azaroaren 23an bitartean, donostiarrek Ligako zortzi partida eta Champions Leagueko multzon faseko sei norgehiagoka izango dituzte parez pare.
Hau da, datorren larunbatetik aurrera, Bera Berak lau egunean behin partida bati ekin beharko dio. Donostiarrak Gaskan arituko dira igandeetan Championsen (urriak 6 eta 20 eta azaroaren 17an), ondorioz, Ligako jardunaldi horiek, Bidebietan jokatuko direnak, asteazkeneetara aurreratuko dira (urriak 2 eta 16, azaroak 6 eta 13an).
Irteerei begira, Bizkaira birritan joateaz gain, Bera Berak Valentziara egingo du bidaia urriaren 10etan ostegun horretan Canyamelar taldearen aurka jokatzeko, Valentzian lo egin eta gero Bartzelonatik Zagrebera bidaiatuko du eta larunbatean, urriak 12 (18etan), Prodavka Vegetaren aurka jokatuko du Championseko bigarren jardunaldian.
Handik hiru asteetara, Bera Bera Castelldefelsen arituko da urriaren 31ean, azaroaren 1ean Bartzelonatik Oslora egingo du bidaia eta Larvik izango du aurrean azaroaren 2an 19,30etan.
Eta Bidebietan Elche Mustang hartu ostean (azaroak 6, asteazkenean 19etan) Mazedoniako Skoje hirira egingo du bidaia igandean, azaroak 10, Vardarren aurka jokatzeko. Horren ostean, Aula Cultural azaroaren 13an eta Prodavka Vegeta azaroaren 17an hartuko ditu Donostian eta ia aste osoa izango du Etxebarrin, azaroaren 23an, Kukullagaren aurkako partida prestatzeko.
Eta orduan etenaldia iritsiko da, jokalariek ondo hartuko dutena. Ohikoa da garai hauetan Liga etetzea nazioarteko mailako txapelketa medio, kasu honetan, Serbiako Mundiala.
Bidebietan pasa den larunbatean ospatu zen Bera Bera eta Rocasaren arteko partidaren atsedenaldian, Mariscos Bruñok emandako itsaski kaxa zozketatu zen eta saritutako 140. txartela Pacok atera zuen.