Gauean Gipuzkoa Poliklinikan egin zioten erresonantziaren arabera ez du hausturarik, bai ordea bihurritu gogorra. Nitsan ostegunean berriro entrenatzen saiatuko da eta ostiralean Poloniara egingo du bidaia.
Ostiralean, Poloniara
Bera Bera Cup Winners Cupeko kanporaketa prestatzen ari da dagoeneko. Danimarkan topo egin zuen Poloniako txapeldun Vistal Laczpol Gdynia izango du aurrean, Viborgen Champions Leagueko multzoen fasea jokatzeko txartela eskuratzeko kanporaketan poloniarrak izan ziren nagusi, partida hura aurretik Bera Bera berriak lau norgehiagoka baino ez zituen jokatu. Viborgek gainditu zuen Vistal hurrengo egunean eta, donostiarrak bezala, Errekopara pasatu ziren poloniarrak, non HC Gomel gainditu zuten. Final zortzirenetako zozketak elkartu ditu berriro ere Bera Bera eta Vistal Laczpol.
Horrela, bihar arratsaldean Usurbilgo gizonezkoen taldea gerturatuko da Bera Berarekin entrenatzera. Reyes Carrere eta Martin Larrañaga entrenatzaileek era honetan eraso jokoa landu nahi dute Poloniarren defentsa gogorra gainditze aldera.
Taldea ostegun goizez itzuliko da entrenaldierata eta ostiralean Poloniara egingo du bidaia. Goizeko 5,15etan hartuko du autobusa Bidebietan eta, Gdynia helburu, hegazkinez Bilbao-Munich-Gdanks ibilbidea burutuko dute donostiarrek. Joaneko partida igandean, otsailean 3an, 17,30etan izango da eta itzulikoa, otsailaren 10ean, Gaskan, 12,30etan.
Infantil mailan lidergoa izango dute jokoan orain arte puntu guztien jabe egin diren taldeak. Usurbilgo Udarregi C taldeak Bera Bera Egia Infantil Bi hartuko du 10,30etan Oiardo kiroldegian.
Irabaziz gero, María Graciaren jokalariek urrats garrantzitsua emango lukete. Izan ere, hurrengo astean CDB Leizaran B izango dute aurrean, bi puntu besterik ez dituena eta asteburu honetan Bera Bera Egia Infantil Bat taldea hartuko duena larunbatean 10,45etan Andoaingo Allurralde kiroldegian.
Euskal liga
Bestetik, larunbateko arratsaldea garrantzitsua izango da Bidebietan. Ohorezko mailan bigarren itzuliari ekingo diete Bera Berak nahiz BM Porriñok (19,30etan) eta, aldiz, Bera Bera Egia jubenil taldeak Estatuko sektoreak helburu izango duen hurrengo faserako txartela jokoan izango du.
Tati Garmendiaren jokalariek Zuazo Barakaldo gainditu behar dute 17,30etan hasiko den partidan. Bi puntuak lortu ezean, erronka zaila izango litzateke Galdona Burdindegia Pulpo KE taldeak punturik gabe dagoen Aloña Mendiren aurka jokatuko baitu. Andrea Arellano baja izango da. Belaunean erresonantzia egingo diote jakiteko zer nolako lesioa duen.
Bidebietako larunbat beroa Bera Bera Egia kadete taldeak irekiko du 15,45etan lidergoa jokoan duen Zuazo Barakaldoren aurka.
Senior mailako Egia Bera Berak atsedena hartuko du asteburu honetan eta Bera Bera Egia kadete 2 taldeak hurrengo asteburuan beste txapelketa bati ekingo dio.