Bera Bera Rugby Taldean belaunaldi, ibilbide eta bizitzako une oso desberdinak uztartzen bizi dira. Batzuek baloi obalatuarekin lehen urratsak ematen dituzte; beste batzuek, berriz, hamarkadak daramatzate errugbia azalean sentitzen.
Klubaren ekosistema berezi horretan, entrenamendu eta partidak baino askoz gehiago diren bi talde daude: Blasfemmes eta beteranoen taldea, Gurdizaharrak.
Bi errealitate ezberdin. Espiritu bera.
Gurdizaharrak, errugbiarekiko maitasun hutsa
Joaquín Pagések —Juako lagunentzat— irribarre egiten du taldearen izenaz galdetzen diotenean. Gurdizaharrak hitzak “zaharkituak” edo “karrozak” esan nahi duela azaldu du, baina umore handiz hartzen dute.
“Izena klubaren aspaldiko istorioetatik dator”, dio. “Eta ironia handia dauka. Begi bistakoa da noiznahi Sei Nazioetan debuta egiteko prest gaudela”, gehitu du barre artean. “Karrozak terminoa aurkaria lasaitzeko estrategia besterik ez da.”
Baina umoretik harago, Gurdizaharrak klubaren memoria bizia da.
Juako 2019an tokata saioetara joaten hasi zenean, taldeak urte asko zeramatzan martxan eta nazioarteko hainbat txapelketa jokatu zituen dagoeneko. Bazen ibilbidea, baziren bidaiak, hirugarren denbora luzeak eta zelai barruan eta kanpoan sortutako erlazioak.
Azken urteotan, jende berria batu da; agian denbora batez jokatu gabe egon diren beteranak, baina errugbia berezko sentitzeari utzi ez diotenak. “Berpizkunde moduko bat izan da”, dio Juakok. “Jende gehiago, jarraikortasun handiagoa eta ilusio berritua.”
Ostegunero, 20:15ean, hitzordua ia sakratua da: tokata Puion. Euria egin ala hotz handia izan, bertan elkartzen dira, nahiz eta eguna neketsua izan. “Gure liturgia da”, dio. “Botak janzten dituzu eta ordu batez berriro 15 urte izango bazenitu bezala sentitzea.”
Ez dago lehen bezala entrenamendu egituraturik, ezta deialdien lehia ere. Baina konpromisoa badago. Nahi duenak, bere kabuz prestatzen du entrenamendua. Taldea bestelako oinarri batean sostengatzen da, beraz, elkartzeko borondatean.
Noizean behin beteranoen partidak edo txapelketak jokatzen dituzte. Eta zelaira ateratzen direnean, lehiakortasuna agertzen da oraindik. Inork ez du galdu nahi. Hori ez da aldatu. Baina lehentasuna bai.
“Emaitzaren gainetik, denok osorik eta onik iristea nahi dugu hirugarren denborara”, azaldu du. Horregatik egokitzen da jokoa: ez da kontra-ruckik egiten, ez da altxatzen touchean eta jokaldi arriskutsuenak murrizten dira. Errugbia da, baina beste kontzientzia batekin.
“Orain jokatzea desberdina da. Ez zara ezer demostratzera ateratzen. Kirolarekiko maitasunagatik eta elkarrekin denbora eta pasioa partekatzeko jokatzen duzu.”
Juakorentzat errugbia ez da sekula erabat desagertzen. “Bizitza osorako lagunak sortzen dira. Betiko oroitzapenak. Eta barruan geratzen diren balioak: errespetua, elkartasuna eta taldekidetasuna.”
Belaunaldi berriez ari denean, nostalgia baino gehiago desioa adierazten du: “Hogei edo hogeita hamar urte barru gauza bera senti dezatela. Klub hau bere etxe sentitzen jarrai dezatela. Eta hemen egindako lagunak betiko izan daitezela.”
Gurdizaharrak ez da ostegunetan jokatzen duen talde bat bakarrik. Klubarekiko lotura bizitza osorako izan daitekeela gogorarazten duen taldea da.
Blasfemmes, energiaz beteriko taldea
Puion Gurdizaharrak jarraipenaren irudia bada, Blasfemmes aurkikuntzarena da.
2024ko otsaila. Puioko taberna. Ama batzuk zain daude seme-alaben entrenamendua amaitu arte. Horietako batek, Brendak, lanetik iritsi berritan, barrara gerturatu eta ia pentsatu gabe galdera bat bota zuen:
—“Errugbian jokatzera animatuko zinatekete?”
Barreak entzun ziren. “Benetan ari zara?” begiradak ere bai. Baina bazegoen zerbait gehiago: jakin-mina.
“Hasieran klubeko jokalarien amak ginen”, gogoratzen du Brendak. “Gehienok seme-alabak edo anai-arrebak ikusita baino ez genuen ezagutzen errugbia. Batzuek inoiz ez genuen talde kirolik egin. Ez genituen arauak ere ondo ezagutzen!”
Maiatzean, ordutegi ezinezkoak bateratzeko dozenaka mezuren ondoren, zazpi emakume elkartu ziren lehen aldiz zelaian. “Lehen egun hartan nik ezin izan nuen entrenatu, lanagatik; hirugarren denborara bakarrik iritsi nintzen. Baina guztiak hunkituta zeuden. Zerbait berria sortu zen une hartan”
Izena ia berez etorri zen. Blas eta Mikel, klubeko beterano eta aita direnak, hasieratik entrenatzeko prest agertu ziren. “Blas” izenarekin egindako hitz-jokoak primeran funtzionatu zuen. Horrela jaio ziren Blasfemmes.
Zailena ez zen baloia atzerantz pasatzen ikastea edo defentsan kokatzea. Benetako erronka kontziliazioa izan zen. “Zalantzarik gabe, logistika izan da konplikatuena: lana, familia, ordutegiak…”, aitortu du Brendak. “Baina aurrera eraman gintuena taldearen energia izan zen.”
Pixkanaka hobera egin zuten. Klubak bere lekua eman zien. Kamisetak egin zituzten talde moduan identifikatzeko. Esperientzia zuten jokalari batzuk batu ziren, segurtasuna emanez. Eta ia ohartu gabe, esperimentu izatetik talde izatera pasa ziren.
Gaur ia hogei dira.
“Blasfemmes izatea dena da guretzat”, dio Brendak zalantzarik gabe. “Taldea gara, lagunak gara eta, batez ere, gure espazio propioa gara. Gure unea.”
Entrenamenduek badute zerbait terapeutikoa. Ariketa dinamikoekin hasten dira, barre asko egiten dute, eta amaieran iristen da gustukoenetako bat: “agarrata”. Tokata moduko bat da; ez da plakajerik egiten, baina jokaldia gelditzeko aurkaria ukitu ordez heldu egin behar zaio. Kontaktua handiagoa da, intentsitatea ere bai, baina plakajearen kolperik gabe. “Ume txikiek bezala gozatzen dugu”, aitortzen du.
Noizean behin partidak eta topaketak ere jokatzen dituzte beste talde batzuen aurka. Baina emaitza ez da helburua. Garrantzitsuena eraiki dutena da.
“Erabat aldatu da errugbia ikusteko dugun modua. Orain barrutik ulertzen dugu. Beste modu batera bizi dugu”, azaldu du Brendak. Eta taldearen espiritua islatzen duen mezua utzi du: “Inoiz ez da berandu. Adina edozein dela ere, seme-alabak izan ala ez, behar den gauza bakarra gogoa da.”
Belaunaldiak batzen dituen kluba
Blasfemmes eta Gurdizaharrak ez dira talde berdinak, baina gauza beraren parte dira.
40 edo 50 urterekin hutsetik hasteko aukera ematen duen kluba.
Lehia urteak igaro ondoren itzultzeko aukera ematen duen kluba.
Errugbia markagailua baino askoz gehiago dela ulertzen duen kluba.
“Gure etxea da, beti itzultzen garena”, dio Juakok.
“Harro sentitzen gara honen parte izateaz”, gehitu du Brendak.
Bera Beran errugbia ez da inoiz erabat uzten. Batzuetan taberna batean hasten da, seme-alaben zain zaudela. Beste batzuetan hamarkadak geroago jarraitzen du, egutegiak aurrera egin arren gogoa bizirik dagoelako.
Forma aldatzen da.
Emozioa ez.











