2026ko ekainean, Bera Berak 40 urte beteko ditu. Lau hamarkada igaro dira ordutik, eta gaur egun kluba errugbia baino askoz gehiago bada ere, bere jatorria hor dago: baloi obalatu batean, lagun talde batean eta zerbait propioa sortzeko gogo handian.
Bera Beraren sorrera Alde Zaharrean, Aitzaki Elkartean egindako bilera batean izan zen. Bertan proposamen xumea bezain ausarta egin zen: errugbi talde berri bat sortzea
, mahai inguruan zeuden askok inoiz errugbian jokatu ez bazuten ere. “Taldea sortu zen, eta lehen entrenamenduetan baziren beroketan zelaiari buelta bat ere emateko gai ez ziren kideak”, gogoratu du Fernando Díez ‘Pirulok’, gaur egun klubeko presidente denak.
Ideia lagun batzuengatik sortu zen, Burgos Aparejadoresen ikasketak egin eta han errugbia ezagutu zutenengatik hain zuzen ere. Donostiara itzultzean beraz, elkarrekin jokatzeko talde bat sortzea erabaki zuten. Lehen hiru urteetan, talde hura Atlético SSen hirugarren taldea izan zen, Bera Bera izenarekin —auzoaren izena—, eta izen horrek eman zion gero nortasuna 1986an sortu zen klubari.
Hasieratik, ilusioa ez zen falta izan. “Garrantzitsuena egunero entrenatzeko gogoa eta kirol berri bat ikasteko ilusioa zen”, azaldu du Pirulok. Ezagutza gero etorri zen, aurretik jokatutakoek gainerakoei irakatsita. Giroak ere berebiziko garrantzia izan zuen: entrenamenduak, asteroko afariak eta ia ohartu gabe sortu zen talde-sentimendua. “Jatorri eta adin askotako jendea ginen, baina berehala egin genuen taldea”.
Haztea, baina funtsa galdu gabe
2000ko hamarkadaren hasieran belaunaldi berri bat iritsi zen klubera. Beñat Gorrotxategi —bere anaia bikia den Jokinekin batera— 15 urterekin sartu zen, errugbia bere ikastolara iritsi zenean. “Errugbia erakustera etorri ziren ikastetxera eta probatzea erabaki nuen. Garai hartan kluba Lehen Mailan zegoen”, gogoratu du. Hasierako jakin-min hura 17 urteko ibilbide luze bilakatu zen jokalari gisa.
“Kirola gustatu zitzaidan, lagun oso onak egin nituen, eta horrek bertan jarraitzea ekarri zuen”, laburbildu du Beñatek. Bere garaian, klubak momentu onak eta zailagoak bizi izan zituen: kategoria jaitsierak edota Covidaren ondorengo urteak. Taldeak eta jendea mantentzea bereziki zaila izan zen orduan. Hala ere, oinarrizkoa ez zen inoiz galdu. “Lan gogorra, sakrifizioa eta adiskidetasuna”, horrela definitu du Berarentzat Bera Bera izan dena.
Gaur egun ez du modu erregularrean jokatzen, baina lotura bizirik mantentzen du, noizean behin tokatetara igotzen baita. Denborak apurtzen ez duen harreman horren isla da. “Hemen asko ikasi dut, jokalari bezala ez ezik, pertsona gisa ere. Hori betirako geratzen da”.
Batzen dakien kluba
Bera Berak 40 urte betetzea posible izan bada, egokitzeko eta batzen jakiteko gaitasunari esker izan da, zalantzarik gabe. “Errugbi klub hutsa izatetik hainbat sekzio barneratzera pasa gara, beti kirol gutxituak zaintzeko ideiarekin”, azaldu du Pirulok. “Familiaren lelopean, lagun talde bat izatetik erreferente den klub bat izatera iritsi gara”.
Hazkunde horrek balioen aldeko apustu argia ere ekarri du. Gaur egun, Bera Bera lehiakorra den arren, batez ere, hezkuntza-proiektu bat da. “Emaitzetatik harago, balioak transmititzen dituen kluba da, bai eskolan baita seniorretan”, azaldu du Alazne Larrazak, emakumezkoen senior taldeko jokalari eta eskolako entrenatzaile denak.
Aniztasuna gaur egungo nortasunaren parte da. “Balio handiena da adin txikietatik taldeak izatea eta sexu-aniztasuna egotea, bai jokalarien bai entrenatzaileen artean”, azpimarratu du. Eskolako talde guztietan daude emakumeak, jokalari zein entrenatzaile, eta hauxe da etorkizuneko proiektua sendotzen duen errealitatea.
Ikusten ez den lana
Etapa guztietan elementu komun bat agertzen da: itzalean lan egiten duen jendea. “Dirurik jaso gabe kluba egiten duen jendearen lana funtsezkoa izan da”, dio Beñatek. “Haiek gabe, Bera Bera ez litzateke gaur egun dena izango”. Pirulok ere bat egin du: giltza beti izan da ateak zabalik dituen kluba izatea, sartzen den jendea irteten dena baino askoz gehiago izanik.
Gaur egun, erronka funtsean bera da, nahiz eta eskala handiagoan izan: oinarri sendoa mantentzea, harrobian jokalariak heztea eta ikasketak, lana eta bizitza pertsonala errugbiarekin uztartzen dituen amateur proiektu bati eustea.
Atzera begiratu, aurrera egiteko
Alde Zaharrean egindako bilera hartatik berrogei urte igaro direnean, Bera Beraren esentzia oraindik ere antzematen da. Errugbi klub hutsa izatetik, sekzio eta proiektu berriak gehituz joan da, ideia argi batekin: batzea. “Hitz bakar batekin definitu beharko banu, integrazioa litzateke”, laburbildu du Pirulok. “Kirol egokituan, gaitasun desberdinak dituzten pertsonengan, adin eta profil askotariko jendearen artean. Beti filosofia berarekin: denek izan dezatela lekua”.
Izenak, zelaiak edo kategoriak aldatu egiten dira, baina espiritua ez. “Pertsonak aldatzen dira, baina funtsa ez”, dio Alaznek. Familia-sentimendua, konpromiso kolektiboa eta kirola ulertzeko modu oso berezia.
Bera Berak 40 urte beteko ditu. Hazi egin da, dibertsifikatu eta eboluzionatu. Baina jatorria ez du inoiz ahaztu: duela lau hamarkada ideia xume batetik sortu zen sugarra du oinarri. Eta ez da itzaliko, errugbian eta jendearengan bizirik dirauen bitartean.











