SUPER AMARA Bera Berak Ainhoa Etxeberria, 21 urteko gipuzkoarrarekin itxi du 2019-20 denboraldiko plantilla, ondorioz, Imanol Álvarezek 16 jokalariekin egingo du lan Superkopa, Liga, EHF eta Kopari ekiteko.
Ezker alboko oiartzuarra Bera Berako harrobikoa da eta duela hiru urte Bilbora joan zen Medikuntza ikasketak osatze aldera. Eskubaloiari lotuta jarraitu nahi izan zuen eta horregatik zilarrezko mailako San Adrian taldearekin aritu da Zilarrezko mailan, erreferentziazko jokalaria izanik. B multzoko bosgarren golegile nagusiena izan da, partidako 5,76 golekin aurreneko denboraldiko zenbakiak hobetuz.
Apirilean, behin Zilarrezko maila amaiatuta, Ainhoa Etxeberria SUPER AMARA Bera Berarekin entrenatu zen Bidebietan, eta duela egun gutxi matrikula Donostian baieztatuta, alboko jokalariak lekua izango du Imanol Álvarezen plantillan.
Jokalariak uztea
Bera Bera Eskubaloiko harrobiko jokalariak doan lekuan eskubaloian aritzeko ahalmena agerian da. Bidebietan jubeniletan erreferentzia zena, San Adrian taldean eskarmentua hartu du Zilarrezko mailan eta orain, ekainean 21 urte beteta, eskubaloi elitean esperientzia bizitzeko aukera izango du. Ainhoa Etxeberriak bezala, ikasketak tarteko, bere garaian ere Eider Lizarbek aukera izan zuen Suedian jokatzeko Erasmusen zegoela, Nora Azurmendik leku garrantzitsua izan zuen Alcobendasen eta egun, Elene Vázquez KH7 BM Granollersen da –iazko denboraldian lotailu gurutzatua apurtu zuen- eta Nerea Álvarez Beti-Onak taldean, Zilarrezko mailan, aurredenboaldia Donostian hasiko duena.