Glasgow hirian izandako bileran erabakita, Txapeldunen Ligako sailkatze fasearen egitura iragarri du EHFk, Vienan ekainaren 27an egingo den zozketari begira.
Europako Federazioak egindako taldeen banaketaren arabera, laugarren mailan kokatu dute SUPER AMARA Bera Bera, Serbiako txapelduna ZORK Jagodina taldearen pare, hortaz ez dute elkarren aurka jokatuko. Laugarren multzoko taldeek rankingaren arabera faborito nagusien aurka jokatu behar dutenez, gipuzkoarrek aurrean izango dute finalerdian EHF Cupeko egungo txapeldun eta Errumaniako azpitxapeldun SCM Craiova edo Alemaniako azpitxapeldun SG BBM Bietigheim, talde oso indartsua, iaz Txapeldunen ligako Main Roundera iritsi zena eta, besteak beste, plantillan aurten Holandako jokalari internazionala Rozemalen, Smeets, Malestein eta Wester atezainaz gain, Gascan jokaturiko partida Alemaniarekin golegile nagusia Schulze pibota eta Danimarkako eta Poloniako internazionalak Woller eta Kudlacz-Gloc ere dira.
EHFk bigarren maila batean kokatu ditu Lublin eta Podravka, hau da, bietako bat izango da donostiarren sailkatze fasean eta Poloniako eta Kroaziako txapeldunek finalerdian hirugarren mailan kokatu dituzten Italiako Jomi Salerno edo Turkiako Muratpasa izango dute aurkari. Hortaz, multzo bakoitzatik talde bat aterako dute zozketan, lau taldez osaturiko bi atarikoak sortuz, irailaren 7tik 9ra bitartean jokatu behar direnak. Vienan ekainaren 27an (11etan) izango den zozketan antolaketan lehentasuna izango duen taldea ere aterako da.
Sailkatze faseko bi partidak irabazten duen taldeak baino ez du izango lekua Txapeldunen Ligako multzoen fasean; norgehiagoka bakarra irabazten duten taldeek EHF Cupeko hirugarren kanporaketari ekingo diote azaroan (10 eta 17an) eta biak galtzen dituenak EHF Cupeko urriaren 13 eta 20n helduko diote kanporaketari.