Intentsitatea eta joku erritmoa maiz aipatu ditu aste honetan Montse Puchek. SUPER AMARA Bera Berak gauzak nola egin lantzen ditu, bidea zainduz helburua lortze aldera. Gaur gauean (21,05ean) Guerreras Iberdrola Ligako txapelduna sorta liteke, bosgarren aldiz azken sei urtetan.
Emozioak kontrolatzeko eta antsietatea kudeatzeko modurik eraginkorrena da zereginetan arreta jartzea. Aurkariaren baliabideei nola erantzun, pibotaren posizioa saihestu, hegaleko jokalarien mugimenduetara adi egon, kanpoko jaurtiketak, barneraketak… Hori guztia atezainarekin bat eginda. Eta erasoan, hasteko, defentsa ondo irakurri, eta patxadez prozedurak agindu, hori bai, mugimendu bakoitzari abiadura emanez.
Montse Puche entrenatzaile denetik Ligak etxetik kanpo erabaki dira. Aurten ere bai. SUPER AMARA Bera Berak bere esku du Liga aldez aurretik oso partida erabakiorrak irabazi dituelako Telden eta A Guardan eta hortaz gain, Xixon, Granollers eta Valentzian sufritzen jakin zuelako. Izan ere, Guerreras Iberdrola Ligako bisitari onena da, partida bakar bat galduz.
Gipuzkoarrek Barakaldo gehitu nahi dute leku esanguratsuen zerrendara: L’Eliana (2007an), Monóvar (2009an), Porriño (2012an eta 16an), Alcobendas (2014an) Kopan izan ziren eta Castro Urdiales (2013an), Telde (2015an) eta Bidebieta (2014an eta 16an) Ligan.