“Baloia bota digute, gure teilatuan dago eta kontutan hartu behar dugu larunbateakoa dela denboraldiko partidarik garrantzitsuena” horrela ekin dio Montse Puche entrenatzaileak komunikabideen aurrean egindako agerraldia gaur goizean.
Izan ere, SUPER AMARA Bera Berak Guerreras Iberdrola ligako lau jardunaldietako aurrenekoari Aula Alimentos de Valladolid hartuz Bidebietan larunbatean (18etan). Rocasa eta Granollers taldeen arteko berdiketak benetazko lidergotza eman dio SUPER AMARA Bera Berari, orain bere esku dagoelako titulua, nahiz eta Mecalia Atlético Guardésekin batera egon sailkapenean, average delakoak alde baitute gipuzkoarrek. Bere esanetan, “bi puntuak lortuz gero Ligako azken txanpari ekiteko erabakiorrak izan daitezke”.
Hau da, Puchek uste du “partida funtsezkoa da, hil ala bizikoa guretzako” eta eskatu du “arreta guren jartzea, norgehiagokarik garrantzitsuena baita”.
Bere ustez “jarrera, intentsitatea, irrikan ateratzea erabakiorrak izango dira, guztia eman behar dugulako”. Zentzu honetan “zaleen babesa” eskatu du “jokalariek eskertuko dutelako harmailak beteta ikustea, zaleen animoak, bultzada.. lan asko egin dutelako, Kopako finalera iritsi zirelako eta jota etorri”. “Ligan gorenean egotea merezi dutelako zaleei babesa ematera etor dadila eskatzen diegu eta eskubaloiarekin gozatzea; guk, ordainean, ikuskizuna emango diegu”.
Partidaren nondik norakoaz galdeturik, Puchek ohartarazi du “Aulak gauzak zailak jarriko dizkigu”. Joanekoan SUPER AMARA Bera Berak Huerta del Rey pistan (34-32) galdu zuen eta Kopako final-laurdenetan kanpoan gelditzen zorian. “Egoera aldatu da, azaroan líder zen taldetik lau puntura gelditu ginen baina orain gure menpe dago Liga eta ezin diogu ihes egiten utzi, denboraldiko lan osoa gauzatu dezakegu” adierazi du.
Puchek argi du “zer nolako defentsa egin behar dugu dituzten dohainak saihesteko”. “Taldeak jakin badaki aurrean zer dugun –jarraitzen du entrenatzaileak- guztia ematera aterako da, ongi hornituta”. Onartu du “Kopa kolpe latza izan zen baina orain egoera honek indarra eman digu”.