SUPER AMARA Bera Berak urrezko bi puntuak lortu ditu Xixongo La Arena pista zailean Adriana Cardosok partida amaitzeko hamar segundu falta zirela penaltia gauzatuz (22-23, atsedenaldian 10-8).
Azken aurreko erasoan Arderíusek kanpora jaurti du asturiarrei partida irabazteko aukera emanez. Eta bat beharrean bi izan dituzte. Cobo piboteari emandako baloia gipuzkoarren defentsak moztu du baina Aramendiari bidalitako baloi luzeak Fariak moztu du eta hamabost segundu falta zirela Tellez albokoaren jaurtiketak defentsan jo du, baloia Arrojeriaren eskuetara iritsi da eta sei metrotan Farian penalti garbia egin dio. Cardosok baloia hartu du, Ruiz atezainak Ciobanu beteranari utzi dio lekua baina brasildarrak sareetara bidali du baloia. Partida ostean esan du bazekiela nondik bota behar zuen taldeari garaipena eman dio jaurtiketa. Ondorengo Lópezen jaurtiketak Castellanosek urrundu du.
Defentsen arteko lehia espero zen eta atezainena ere bihurtu dena, Castellanos eta Ruiz bikain aritu baitira. Partida ez da ondo hasi SUPER AMARA Bera Berarentzat, bertako atezainarekin topo egin duelako. 6-2 eta Puchek Arderíus sartu du. Madrildarren golei eta Castellanosen geldiketei esker gipuzkoarrak mantendu dira lehian, nahiz eta atsedenaldian 10-8 azpitik joan azken minutuan bi gol jasota.
Bigarren zatia bikain hasi zen Etxeberriak meritu handiko golak burutuz eskuin hegaletik. Halere bertakoen erreakzioa iritsi da Cobo pibotea eta Caño eta Lopes hegaleko jokalarien bidez. Arderíus eta Arrojeria batera jarri ditu Puchek, Aramendiak eta Usurbilgo zentralak asmatzen hasi dira eta hamar minutu falta zirela 5-1 defentsak oztopatu du Mavi Nuevas Tecnologías taldearen eginkizuna. Horri esker, Castellanosen geldiketei esker Aramendiak partida berdindu, Arrojeriak aurretik jarri baina astuariarrek eutsi diote norgehiagokari azken segunduen arte.
Ondorioz, beste partida zaila atera du SUPER AMARA Bera Berak, asko sufrituta baina orain Guerreras Iberdrola ligak dituen bi asteak aprobetxatu nahi ditu apirila eta maiatzari ondo heltzeko.
Fitxa: Mavi Nuevas Tecnologías 22, SUPER AMARA Bera Bera 23
Mavi Nuevas Tecnologías 22 (10+12): Ruiz, Nedelcu, Palicio (2), Faria (2), Cobo (3), Tellez (4) eta Caño (6, 2p) –titular- López, Campigli, Lopes (5, 1p) y Ciobanu (p.s.).
SUPER AMARA Bera Bera 23 (8+15): Castellanos, Etxeberria (5), Menéndez (1), Arrojeria (2), Berasategi (1), Azurmendi eta Aramendia (2) –titular- Ederra (2), Karsten (1), Cardoso (2), Arderíus (7), Ezkurdia, Guarieiro eta Zugarrondo (o.a.). Deialdian: Ausàs eta Zaldua.
Epaileak: Rosendo eta Rodríguez (galizarrak)
Kanporatuak: Cobo eta Faria Mavitik eta Menéndez, Karsten eta Arrojeria Super Amaratik.
Partzialak: 1-0, 3-2, 6-2, 6-5, 8-6, 10-8 –atsedenaldian- 10-11, 13-11, 15-13, 19-17, 20-21 eta 22-23