Larunbatean Bidebietan sarturiko bost golei esker, Alba Menéndez 500 goleko langa gainditu du Bera Bera Eskubaloiarekin.
Bigarren minutura iritsi gabe, kontraeraso batean kapitainak markagailua ireki zuen Ibizako ANTS:BFIT Muchoticket Santa Eulària taldearen aurrean 500. gola sartuz. 60 minutuak jokatu zituen Menéndezek beste lau jaurtiketa gauzatu zituen, 504 goletara iritsiz, alegia.
Azaroan 27 urte beteko dituen zarauztarra Bera Bera Eskubaloiako 2009-10 denboraldian iritsi zen herriko taldetik. Ligako aurreneko partidan bi gol egin zizkion Marina Park taldeari (31-21), 2009ko irailaren 12an (Juan Carlos Elorza kazetariak jaso zituen datuen arabera). Reyes Carrere entrenatzailearen gidaritzapean, orduko taldekideak ziren Eider Rubio, Tati Garmendia, Esme López, Zulai Agirre, Tervel, Verónica Valverde, Ziarsolo, Libe Altuna edo Aisa eta Bouveret atezainak. 33 gol sartu zituen denboraldi horretan, horietako hiru Errekopan.
Hurrengo urtean disko-hernia zela ez zuen jokatu eta 2011ko azaroan itzuli zen. 28 gol sartu zituen, Ligan 20 eta Europan, zortzi. Guztira, jokatu dituen zortzi denboraldietan –hau barne- Menéndezek ligan 380 gol sartu ditu, Kopan 39, Europan 70 eta Superkopan 15.
504 golekin, Bidebietako taldeko historiako bederatzigarren golegile nagusi da Menéndez. Zerrenda horretan aurretik dira Tati Garmendia 2.157 golekin; Ziarsolo, 1420; Esme López, 1.269; Eli Pinedo, 1.190; Patricia Pinedo, 983; Eider Rubio, 969; Zulai Agirre, 602 eta Reyes Carrere, 555.