SUPER AMARA Bera Berak bihar asteartean Kopako final-zortzirenetako itzulera jokatuko du ANTS:BFIT Muchoticket Santa Eularia taldearen aurka gol bakar bat alde duela (21-22), Ibizan larunbatean lortutakoa. Bidebietan 19etan ospatuko den norgehiagoka Ansoleaga eta Izquierdo euskaldunek zuzenduko dute.
Gipuzkoarrak 1992tik daramate, hutsik egin gabe, txapelketa berezia den Kopako azken fasera joaten. Donostiarrak Kopako azken sei finaletara iritsi dira eta plantillak buru-belarri du erronka hori. 2014-15 denboraldian Zilarrezko taldeak sartu dira lehian eta Ohorezko mailakoek kanporaketak gainditu behar dituzte, lehendik zegoen sailkatze sistema ordezkatuz, lehenengo itzulian aurreneko zazpi edo zortzi taldeak eskuratzen zutena, hain zuzen. Eta aurten final-zortzirenetan joan etorria ezarriz.
Bihar, baina, hau guztia alde batera utzi beharko du SUPER AMARA Bera Berak eta ANTS:BFIT Muchoticket Santa Eularia taldea hartuko joaneko partida jokatu ez balitz bezala. Antza, Puchek prest du plantilla osoa, Silvia Arderíus ezik, bihar jasoko baititu eskuin orkatilan egindako erresonatziaren emaitzak. Halere, entrenatzaileak bihar arte ez du deialdirik emango.
SUPER AMARA Bera Bera ez da Ibizako taldearekin fio eta Bidebietari eutsi nahi dio garaipena lortzeko eta fase finala jokatzeko txartela, Málagan apirilaren 20tik 22ra bitartean burutuko dena. Zalegoa animatze aldera, abonatuek partida ikusteaz gain eskura izango dute dohainik sarrera bat.