2017-18 denboraldirako osatu duen taldea aurkeztu zuen atzo SUPER AMARA Bera Berak Zuloaga plazan, gainera, bi aldiz, izan ere senior mailako jokalariak bertan egonik beraien irudiekin egindako serio jarrita indar handiko argazkia ere erakutsi zuten.
Aurkezpenean, harrobiko jokalariak eta babesleaz gain, Kultura eta Kiroletako foru diputatu Denis Itxaso eta Donostiako alkate Eneko Goia izan ziren. Foru diputatuak bere departamentuak “talentua detektatzeko eta hemen gelditzeko” egiten duen lana aipatu zuen, alkateak berriz “osasuna” opa dio plantillari eta “talde honen anbizioa” azpimarratu zuen. Fernando Diez Mintegi, Bera Bera RTko presidenteak, aldiz, “emakumezkoen eskubaloia kirol estrategiko” gisa ulertzea eskatu zuen.
Agurra ostean aurreneko sorpresarekin hasi zen ekitaldia, izan ere, Bidebietan eta Gascan zalegoak animatuko dituen maskota aurkeztu zen. Gerlari modukoa, aste honetan sare sozialei bidez jarriko zaio izena eta larunbateko partidan egongo da Gascan.
Tituluen bila
Lesioak eta bajak izan arren, SUPER AMARA Bera Berak Loterías Liga eta Kopa irabazteko gaitasuna eta gogoa erakutsi zituen eta Europan EHFko multzoen fasera iristeko nahia. Ligan asteazkenean egingo dute debuta gipuzkoarren Castellon (20etan) eta etxean egingo dute debuta EHFn Portugaleko Colegio de Gaia taldearen aurka Gascan (18,30etan).
SUPER AMARA Bera Berak plantilla zabala osatu du 19 jokalariekin, izan ere, Arrojeria eta Ausàs oraindik baja dira, Karsten argentinarrari egun batzu gelditzen zaizkio eta Zugarrondok perikardia du, asten honetan medikuarengana joango da baina oraindik jokatzeko moduan ez da izango. Horregatik, Silvia Lladró atezaina fitxatu du.
Zortzi jokalari berri: Lladró eta Castellanos atezain; Cardoso eskuin hegalekoa, , Arderíus central moduan, Azurmendi –Alcobendasetik bueltan-, Karsten, Ausàs eta Guarieiro alboko jokalari gisa. 24 urteko bataz beste, plantilla gaztetu da eta bertan zortzi gipuzkoar daude: Menéndez, Arrojeria, Ezkurdia, Etxeberria, Zaldua, Berasategi, Encina eta Azurmendi, eta Lizarbe Suedian da Erasmusen.
Udan emandako mugimenduak kontutan hartuta, Mecalia Atlético Guardés, SUPER AMARA Bera Bera eta Rocasa Ace Gran Canaria - Superkopa irabazi zion Ligako txapeldunari Vigon (26-28)- taldeei, HGB Zuazo eta Rincón Fertilidad gehitu zaie, nahiz eta orain tituluak lortzeko lehian egoteko gaitasuna frogatu behar duten. Bestetik, Mavi Nuevas Tecnologías, Aula Valladolid edo Elche Mustang etxean talde arriskutsuak izango dira.