Datorren larunbatean, maiatzaren 20an, SUPER AMARA Bera Bera eta Prosetecnisa Zuazo emakumezkoen Eskubaloiaren Ohorezko Mailako norgehiagokaren harira, Donostiako Bidebieta polikiroldegian Mobile Give Day izenekoa izango da.
Mobile Give Day delakoa telefono mugikor zaharrak jasotzeko ekimena da, eta ALBOAN GKEak martxan jarri duen Gatazkarik Gabeko Teknologia (http://www.tecnologialibredeconflicto.org/) izeneko kanpainaren parte da. Kongo EDn duela 20 urtetik baino gehiagotik bizi duten gatazka armatuak sorturiko giza eskubideen urraketa salatzea da kanpaina horren asmoa. Gerra hori hein batean lotuta dago gure teknologia funtzionatzeko ezinbestekoak diren mineral batzuk ustiapenarekin.
20an pertsona orok telefono zaharrak eramatea nahiko genuke, eta bertan jarritako kutxetan sartzea. Horrela, gailu horiek birziklatu ondoren ateratako etekinei esker Kongoko ekialdeko gatazkak eragindako errefuxiatuei lagunduko die ALBOAN GKEak.
Halaber, polikiroldegian postu bat jarriko da eta bertan kanpainari buruz informazio gehiago jaso, eta ALBOAN eta SUPER AMARA Bera Bera taldeko egutegiak, kamisetak eta abarrekoak erosi ahal izango dira.