super amara Bera Bera Guerreras Iberdrola Ligara itzuliko da Atletico Guardesi bisita eginez larunbatean, 19etan, zazpigarren jardunaldiari dagokion partidan, lidergoan jarraitzeko helburuarekin, eta, horretarako, bere entrenatzailearen arabera, “pazientzia izan behar dugu eta kontzentrazioari eutsi 60 minutuetan”.
selekzioen deiek eraginda kosta egiten dela Ligako erritmoa hartzea aitortu du Jon Begiristainek. “Jokalari internazionalak asko ditugu, lauzpabost bakarrik geratzen gara hemen entrenatzen, bigarren taldekoekin partekatzen dugu saioa, baina denak elkartzen garenean erritmo desberdinak ikusten ditugu” azaldu du. Hala ere, lehiaketaren zati erabakigarri horri begira, super amara Bera Bera taldeko entrenatzaileak “motibatuta” ikusten du taldea.
Atletico Guardes, lau jardunaldietan lídergoan partekatuta, bi partida daramatza irabazi gabe. Egun hauetan talde osoarekin lan egin ahal izan du. Entrenatzaile usurbildarrak defentsako lana azpimarratu du. “Josek (Prades) oso ondo entrenatzen ditu, defentsan serioak dira, 25 gol sartzen ez badizkiete irabazteko aukera asko dituztela esaten dute, lan ona egiten dute defentsan, kontaktuan indartsuak dira, eta, ondoriz, gure erasoa landu egin behar dugu eta arreta handia jarri behar dugu atzera begira, hegaleko azkarrak dituelako, hau da, oso partida zaila planteatuko dute”.
Begiristainek 14 jokalari eramango ditu A Guardara. Shunuren baja du, bizkarreko arazoekin, Fresco eta Krujiswijk berreskuratu ditu, baina holandarra zainduz. A Sangriña ere azpimarratu du usurbaildarrak. “Oso pista polita da, baina jokatzeko oso zaila, nahiz eta bostetik irabazita joan, badirudi galtzen ari zarela; beraz, ideia 60 minutuetan oso serio jokatzea da”. Entrenatzaileak jakinarazi du taldeak dagoeneko sumatzen duela Europako kanporaketa gertu dagoela, eta, beraz, “inoiz baino batuago eta kontzentratuago” egon behar dugu.
“Gure lanari gehiago begiratzen dugu, nahiz eta aurkariaren arabera xehetasun batzuk aldatzen ditugun” adierazi du entrenatzaileak, bere taldeari hainbat gauza eskatzeko “defentsan sendoak izatea, oso elkartuta egotea, gehiegi ez bereiztea, banakako jokoan oso trebeak direlako, eta erasoan, pazientzia izatea, gauzak argi izatea baloia min egin diezaiekegun guneetara eramateko eta 60 minutuak kontzentratuta egoteko”.
Lidergoari dagokionez, Begiristainek irabazitako sei partidak baloratu ditu, bajak eta minutu asko dituzten jokalariak daudela kontuan hartuta.


































