super amara Bera Berak Lanzarotera hegan egin du gaur arratsaldean, eguraldiak eragozten ez badu, Guerreras Iberdrola Ligako 23. jardunaldia jokatze aldera, Cicar Lanzarote Ciudad Arrecife azken sailkatuaren aurka, matematikoki jaitsiera ziurta baitezakeena, baita partida hasi aurretik ere. Cristina Martinek –valentziarra- eta Libertad Martinezek –kataluniarra- epaileek zuzenduko dute partida Titerroy pabiloian jokatuko dena (19:30etan, bertako orduan; Donostian, 20,30etan, alegia).
Hala ere, Imanol Alvarezek zuhurtzia adierazi du. “Jokalari onak ditu, gure ligako mailako taldeetan aritu direnak”, hala nola Irene Sanchez atezaina, Leticia Cobo pibotea edo Carla Rivas, Alba Tort edo Celia Lopez lehen lerroak, besteak beste. super amara Bera Berako entrenatzaileak argitu duenez, “etxean, desabantaila handiena izan duten partidak lau golekoak baino ez dira izan”, hala nola Elcheren eta Guardesen kasuak, Beti Onakek bitik bakarrik irabazi zuen, eta La Riojak eta Granollersek, gol bakar batez.
Ondorioz, “partida zail bat jokatzeko prest” egoteko deia egin dio Alvarezek bere taldeari. Eta ez da harritzekoa atzean egingo den lanaren garrantzia nabarmentzen. “Defentsa aldetik partida menperatu behar dugu, jokoaren erritmoa markatu, abiadura handiz jokatzen ez utzi, eta kanpoko jaurtiketak zaintzen, horretan ari baitira orain”. Entrenatzaileak gogorarazi du Elda Prestigioren aurka “defentsak salbatu egin gintuela erasoan arazoak etorri zirenean”, eta atzean egindako lan on batek “korrika egiteko aukerak emango dizkigu”.
Kanarietako uhartedia astintzen ari den denboralea dela eta, super amara Bera Berak bidaia hasi du, partida jokatuko den ziurtasunik gabe. San Jose Obrero klubak atzo jakinarazi zuenez, Kanarietako Gobernuak aginduta, kirol instalazioak itxita geratuko lirateke, baina gaurko bileran Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak alerta aurreko egoerara jaitsi du, eta, beraz, litekeena da bihar, larunbata, partida jokatu ahal izatea. Berri horrek Barajasen hartu du taldea, Arreciferaino aireratu baino minutu batzuk lehenago.
Hiru punturekin sailkapenean, liga erregularra amaitzeko lau partidetara, Lanzarote Zonzamas zazpi puntura, Cicar Lanzarote Ciudad Arrecifek maila galduko luke Zonzamasek Valladoliden irabaziko balu (larunbatean, 19etan) edo bere partidan, super amararekin punturik lortuko ez balu.



































