Larunbat honetan, Guerreras Iberdrola Ligako 19. jardunaldiari dagokiona, Imanol Alvarezen 300. partida izango da super amara Bera Bera zuzentzen, Josean Gasca kiroldegian (18etan) Zonzamas Plus Car Lanzarote hartuz, alegia.
Entrenatzaile ermuarra bederatzigarren denboraldia betetzen ari da talde donostiarrean. 2012-13 denboraldian iritsi zena, urte bakarra zuzentzeko, lehen hirukoa lortu zuen, klubaren bigarrena. 2018-19an itzuli zen eta ordutik super amara Bera Beraren aulkian finkoa da.
Alvarezek 17 titulu lortu ditu, sei Liga, bost Kopa eta sei Superkopa, eta, horrez gain, 2013an Txapeldunen Liga jokatu zuen – Espainiako ligako txapelduna zuzenean sartzen zen–, eta 2018-19ko EHF Cupeko multzoen faseak eta joan den denboraldian European League historiko bat, taldea final-laurdenetako kanporaketaraino eraman zuena. Bitxikeria gisa, Alvarezek bi partida galdu zituen Covid 21 pandemiaren garaian konfinatuta egotearen ondorioz.
Zuzendutako 299 partidetatik 219 ligan izan dira; 44 Europan, 24 Kopan eta 12 Superkopan. Guztira, lau partidatik hiru irabazi ditu Álvarezek, hau da, 178 Ligan; 21 Kopan, 17 Europan eta bederatzi Superkopan. Aldiz, jokatutako partiden % 18 galdu ditu; 24na Ligan eta Europan, eta hiruna Kopan eta Superkopan.
Ibilbide honetan ez da bakarrik egon, laguntzaile lanak egin dituzten lau pertsona izan ditu: Martin Larrañaga, 2012-13 denboraldian Reyes Carrererekin lan egitetik zetorrena; Eider Rubio, hiru urtez Montse Pucheren bigarrena, 2018-19 denboraldian; Alex Nogués, 2019-20tik 22-23ra, eta Jon Begiristain, azken bi denboraldietan.
Imanol Alvarezek Reyes Carrere du oraindik aurretik, taldea partida gehien zuzendu dituen entrenatzailea, 347 partida, hamaika denboralditan, hiru etapatan, eta 1998-99 denboraldiaren amaiera. Alvarezen atzetik, partida gehien zuzendu dituen hurrengo entrenatzailea Montse Puche da (109).


































