super amara Bera Berak lidergoa berretsi nahi du larunbat honetan Gascan (18etan), Mecalia Atletico Guardes aurkari zuzenaren aurka, talde donostiarrarengandik bi puntura dagoena. Puntu bakarrera dagoen Rocasak lasaitasunez ikusiko du neurketa, igande eguerdian Arrecifen jokatuko duelako bere partida.
Izan ere, sailkapeneko hirugarrena eta laugarrenaren artean jauzi txiki bat dago. 21 punturekin, Costa del Sol Malagak atzo galdu egin zuen Valladoliden, eta Conservas Orbe Zendal Porriñok lau puntura dute Guardes. Gainera elkarren aurka jokatuko dute Málagan. Ondorez, Replasa Beti Onak eta Atticgo BM Elx taldeek ere elkarren aurka jokatzen dutenak, 20 eta 17 punturekin daude sailkapenean.
Ondorioz, aukera ona da lidergoari eusteko, eta lau puntu (gehi averagea) ateratzen saiatuko da super amara Bera Bera Miño Behereko taldeari. Hala ere, galduz gero, oso litekeena da gipuzkoarrek hirugarren amaitzea jardunaldia. Iaz ere ligako hiru partida jarraian galduta hartu zuten donostiarrak Guardes, baina Galiziako taldeak bermatuta zuen liga erregularreko lidergoa.
“Gure baitan dago”
Gaur goizean Anne Erauskinek komunikabideak artatu ditu Ammman. Kapitainak onartu duenez, “bi porrotak kolpe gogorra izan dira”, baina, aldi berean, ziurtatu du “taldea sentsazio positiboak berreskuratzen ari dela entrenamenduetan”. Erauskinek onartu du “funtsezko partida” dela, are gehiago Rocasaren aurka “tarte handia lortzea” alferrik galdu ondoren. Baina, hegalekoaren arabera, “gure baitan dago, larunbata partida bikaina izango da eta irabazteko guztia egingo dugu”.
“Hasieratik % 100ean atera behar dugu, eta oso kontzentratuta” eskatu dio bere taldeari. Bere ustez, “gakoetako bat une zailetan lasaitasuna izatea da, antsietateak baloi galera asko eragiten baitizkigu, eta hori da gure trabarik handiena”. Erauskinek bereziki baloratzen du Cachedak Guardesen erasoan egiten duen lana. “Banakakoa oso ona du eta baita ere 2x2koa Palomorekin”. “Elkarren ondoran egon behar dugu defentsan, eta atzera ondo egin, kontraerasoan abiadura handia baitute” adierazi du ermuarrak.
Average-ari buruz galdetuta – joaneko partida berdinketa eman zen–, Erauskinek onartu du “dena kontuan hartu behar da” baina batez ere “geure buruei leial izatea” espero du. Lesioa ahaztuta, ‘topera’ dagoela dio.


































