super amara Bera Berak salgai jarri ditu jada European Leagueko QR3ko joaneko partidarako sarrerak. Azaroaren 8an (larunbata, 18etan) Frantziako JDA Bourgogne Dijon hartuko baitu Gascan.
Horretarako, prezio hauek ezarri dira: 16 euro helduentzat eta zortzi euro gazteentzat (14 urte artekoak) eta jubilatuentzat. Beste urte batzuetan bezala, gutxienez 20 pertsonako multzoa osatzen duten taldeek % 20ko deskontua izango dute. Eta abonatutako pertsonek ez dute ezer egin behar, abonu txatelarekin sartu ohi bezala eta gero sarreraren zenbatekoaren % 50 pasatuko zaie kontu korrentetik.
European Leagueko multzoen fasea jokatzeko aukera ematen duen kanporaketa da, eta klubaren helburuetako bat da, are gehiago iaz super amara Bera Berak ligaxka bikaina osatu ondoren, final-laurdenetarako sailkapenarekin borobildu zena eta Blomberg-Lipperen aurkako penaltietan lauko finaletik soilik amore emanda. Baina JDA Bourgogne Dijonek ere fase bikaina burutu zuen, baita Grazeko (Austria) lauko finalera iritsi ere, non hirugarren postuan geratu zen.
Beraz, kanporaketa gogorra izango da bi taldeentzat. super amara Bera Berak Gascan Europako giro berezia sortzeko deia egiten die eskubaloi zaleei. Itzulerako partida Dijonen jokatuko da azaroaren 16an (igandean, 17etan).