Lucia Pradesen deialdian sartzea da super amara Bera Beraren nobedadea, Mecalia Atletico Guardesen aurkako lagunartekoan, Juan Rodriguez Perezen oroimenez antolatu den partida (larunbatean, 20,30etan).
super amara Bera Beraren laugarren lagunartekoa izango da, Lekunberrin eta Egian Replasa Beti Onaken aurka eta Grafometal Errioxaren aurka Donostiako txapelketan lortutako hiru garaipenen ondoren. Beraz, duela astebete eskas sortu zen partida honekin (ez zegoen aurreikusita), exijentzia handitu du, joan den denboraldian liga erregularra aise irabazi zuen taldearen aurka neurtuko baititu indarrak.
Mecalia Atletico Guardesek bere taldea berritu du zazpi fitxaketekin: Sabina Minguez eta Amadine Balzinc atezainak, Lorena Tellez eta Anouk Nieuwenweg nederlandarra (Lublin) albokoak, Ariana Portillo hegalekoa eta Rosane Serrano eta Nerea Gil lehen lerroko jokalariak. Aldiz, Sempere atezaina, Itziar Martínez, Pauli Fernández, Elena Amores, África Sempere -erretiratua- ez dira aurten taldean izango eta Estela Carrerak, berriz, amatasun baja du.
super amara Bera Berarentzat aste honetako hirugarren partida izango da. Hori dela eta, Imanol Alvarezek minutuak banatu zituen Egiako bigarren norgehiagokan. Elba Alvarezi eta Carmen Arroyori atseden eman zien, eta protagonismoa eman lehen taldearekin entrenatzen ari diren Zabala, Vazquez, Urretabizkaia eta Murgiondo gazteei. Micaela Rodriguesek ere bidaiatuko du, Egian kolpe handia hartu baitzuen eskuin belaunean eroriko batean.