Bera Bera

Select your language

Eguerdian Federazioan egindako zozketak super amara Bera Berari hasiera gogorra utzi dio etxetik kanpo batez ere, halere liga erregularra Gascan ireki eta itxiko du. Lehen partida abuztuaren 30ean jokatuko du, larunbata, Conservas Orbe Zendal Porriñoren aurka, iraila bi irteera zailekin iritsiko da Elxera (hilak 3) eta A Guardara (hilak 27), eta Caja Rural Aula Valladolid izango da play-offetara sartzeko ligaxkako azken aurkaria, 2026ko apirilaren 18an, alegia.

Beraz, Iberiar Superkopak ezartzen dituen bi partidak jokatu aurretik (irailaren 6an eta 7an), super amara Bera Berak Atticgo Elx bisitatuko du irailaren 3an, asteazkena, Esperanza Lag pistan. Superkoparen ondoren, non lehen aurkaria, iaz bezala, Madeira izango den (beste finalerdia Benficak eta Beti Onakek jokatuko dute), super amara Bera Berak Rocasa hartuko du irailaren 13an, selekzioen arteko lehen geldialdira iritsi aurretik.

Jarraian, A Guardara joango da, ziurrenik astean zehar Europako datak tarteko, eta urriaren 4an Morvedre hartuko du. Lanzarotera egingo den lehen bidaia urriaren 11n izango da, Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife taldearen aurka. Selekzioek beste geldialdi bat egin ondoren, Granollers Gascan izango da urriaren 25ean eta jarraian gipuzkoarrek bi partida jokatuko dituzte etxetik kanpo, Logroñon urriaren 29an eta Eldan, hiru egun geroago.

Azaroan, ustez Europako datetan, super amara Bera Berak Zonzamas Plus Car Lanzarote hartuko du eta zorionez jarraian Atarrabiara joango da. Abenduan, Munduko Txapelketaren ondoren, Costa del Sol Malagak Gasca bisitatuko du abenduaren 17an, asteazkena. Donostiako taldeak Valladoliden itxiko du lehen itzulia, abenduaren 20an.

Beraz, European Leagueko multzoen faserik ezean, super amara Bera Berak O Porriñon hasiko du urtea (2026ko urtarrilaren 10ean), Atticgo Elche Gascan izango da urtarrilaren 17an, Telden urtarrilaren 23an, Guardes urtarrilaren 31n agertuko da Gascan; Saguntora joango dira gipuzkoarrak otsailaren 7an; Zonzamasek Donostia bisitatuko du otsailaren 14an; super amarak Granollers otsailaren 21ean, donostiarrek Grafometal La Rioja hartuko dute etxean (otsailaren 28an) eta beste geldialdi baten ondoren, Elda Prestigioren zain egongo da Gascan (martxoaren 14an). Lanzaroterako bigarren bidaia martxoaren 21ean izango da; Replasa Beti Onak, Gascan martxoaren 28an, liga erregularreko azken bidaia Malagara (apirilaren 4an), eta etxean itxiko da Caja Rural Aula Valladoliden aurka (apirilaren 18an).

Nahiz eta hasiera gogorra izan etxetik kanpo, super amara Bera Berak positibotzat jotzen du zozketa, batez ere Gascan hasi eta amaitzeagatik eta, bereziki, azaroko Europako kanporaketa aurreikusten denean, ez duelako bidai luzerik egin behar. Eragozpen bakarrak dira Superkopa Iberikoaren (oraindik egoitzarik gabe) aurretik Elxera joatea eta urriaren amaierako aste berean Logroño eta Elda lotzea.

Kopa eta Play-offak

Kopa 2026ko maiatzaren 8tik 10era jokatuko da Illunben, eta play-offetako datak hauek dira: final-laurdenak, apirilaren 25a eta maiatzaren 3a; finalerdiak, Koparen ondoren, maiatzaren 16an eta 23an, eta finaleko hiru partidak, maiatzaren 27an eta 30-31ean eta ekainaren 3an.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores