super amara Bera Berak ziurrenik bere historiako urterik oparoenari amaiera ona eman nahi dio, Rocasa Gran Canariaren aurka garaipena lortuta, Teldeko Antonio Moreno pistan, Guerreras Iberdrola Ligako egungo klasikoa hartuko duena bihar, larunbata (15etan, 16etan penintsulan). Teledeportek zuzenean emango du norgehiagokoa, Victor Navarro eta Fernanda Espino kanariarrek zuzenduko dutena.
Horretarako, Imanol Alvarezek atzo Bidebietan entrenatu ziren lehen taldeko 15 jokalariak eraman ditu. Hala ere, bidaia eragozpenekin hasi da; izan ere, lainoaren ondorioz, hegazkina ezin izan zen bart Hondarribitik aireratu, taldeak Loiura joan behar izan zen eta Madrilen eman behar izan du gaua. Eguerdian Kanaria Handira abiatuko da.
Ondorioz, Telden bat egingo dute Guerreras Iberdrola ligan emaitza bolada onena daramaten bi taldeek. super amara Bera Berak bost garaipen jarraian lortu ditu eta Rocasak, bosgarren sailkatuak, zortzi puntu lortu ditu epe horretan, KH7 BM Granollersekin etxean jokatu duen partida bakarrik galduz. Carlos Herreraren taldea gol gutxien jaso dituen taldea da, 21,4 gol baino ez ditu jaso partidako. Halere, sartzea ere kosta zaie kanariarrei, izan ere partidako 22,7 gol baino ez darama, super amara Bera Berak, aldiz, 29,7 gol sartu ditu. Datu hauek partidaren norabidea erakusle izan daitezke. Rocasak Logroñon jokatu zuen azken partidan, Grafometal La Rioja 16-18 gainditu zuen.
Rocasak, Navarro eta Guerra tartean, sendo jarraitzen du atepean, eta lehen lerroa da atentzioa deitzen duena: Almudena Rodríguez, Larissa Nascimiento –golegile nagusiena-, Eider Poles edo Jhennifer Lopes zentrala, Sundholm edo Melania Falcón hegalekoak ahaztu gabe. Maria Zaldua baja izango da.
super amara Bera Berak bi puntuak behar ditu Guardés liderra eta Málaga estutzeko, kontutan hartuta gainera urtarrilaren 8tik otsailaren 23ra arte, donostiarrek 13 partida jokatuko dituztelako, Europako sei eta Ligako zazpi.