Bera Bera

Select your language

super amara Bera Berak Bihotz Urdinari eskainiko dio Replasa Beti Onak taldearen aurka jokatuko duen partida, urriaren 21ean larunbatean Josean Gasca kiroldegian (18etan). Donostiako Aquariumaren eta Laboral Kutxaren ekimena da Bihotz Urdina, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) zabaltzea du helburu, zehazki 14. zenbakia, itsas ingurumenaren defentsari buruzkoa.

Ondorioz, ozeanoen zaintzari buruzko informazio-gunea izango da larunbatean Gasca, eta Aquariumeko kudeatzaile Esther Irigarayk gertaeraren testuingurua azaldu du. “Bera Bera balio proiektu bat lantzen ari denez kirolariekin eta zaleekin, Bihotz Urdina egitasmoarekin benetako lankidetza izateko aukerak ikusi ditugu”. Alfonso Cid ekimenean lan egiten duen pertsonak azaldu duenez, “gure proiektuari buruzko informazioa emango dugu eta atsedenaldian gaztetxoekin joko bat egingo dugu”.

Aurkezpenean super amara Bera Berako jokalari June Loidi eta Lyndie Tchaptchet izan dira, “era horretako lan solidarioak” zabaltzearen garrantzia azpimarratu dutenak. Loidik azaldu duenez, “Indar Urdina eta Bihotz Urdina batu dira norgehiagoka honen bitartez”.

Replasa Beti Onaken aurkako neurketaz galdetuta, Loidik ohartarazi du “denboraldi honetan argi geratu da ezin garela erlaxatu”. Horregatik, “partida zaila” jokatzea espero du, “kontzentratuta irtetea” eskatu du eta “gure bertsiorik onena ematen badugu, puntuak etxean geratuko dira”.

Bestalde, Lyndie Tchaptchetek aitortu du “oso partida berezia da niretzat, igoera lortu nuen eta iaz Liga jokatu nuen taldea da”. Junior internazioanal nafarrak Beti Onak “indartsua” ikusten du, “ezustekoa eman dezakeena, oinarria mantendu duena, defentsa ona duena eta gol gutxi jasotzen dituena”. Alde horretatik, Loidik adierazi du “eskubaloi joku gehiago du puntuak baino”, eta Atticgo Elcheren aurkako azken partidak “konfiantza eman digu” aitortu du.

Ezker hegalean izan duen kokapenaz galdetuta, elgoibartarra zintzo mintzatu da. “Imanoli edozein lekutan jartzeko esan diot, jokatu nahi dudalako, atezain ere”. “Gaztetan ere hor jokatu izan naiz, gutxiago parte hartzen duzu jokoan, baina baloia iristen zaizunean, sartzen saiatu behar duzu, eta ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz”.

Argazkian: Lyndie Tchaptchet, Alfonso Cid (Bihotz Urdina), June Loidi eta Esther Irigaray (Aquarium)  

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores