Santiago Oliverak eta Aitana Lazcanok errugbiarekiko duten zaletasuna baino askoz gehiago partekatzen dute. Biak Bera Berako jokalariak dira, eta gaur egun euren klubeko entrenamenduetatik eta partidetatik harago doan esperientzia bizitzen ari dira: Espainiako M18 selekzioan aritzea.
Santik XVan jokatzen du, eta Aitanak Sevenean. Biek nazioarteko kontzentrazioei aurre egin behar diete euren bizitzako etapa garrantzitsu batean, kirola ikasketekin, lagunekin eta nerabezaroak dakartzan erronkekin uztartzen duten bitartean. Deialdi bakoitzaren atzean dagoen esfortzuaz, zelai barruan zein kanpoan ikasten ari direnaz eta Bera Bera euren etxea izaten jarraitzeak zer esan nahi duen galdetu diegu.
1. Nola ari zarete bizitzen kontzentrazioko egun hauek emozionalki? Nola daramazue etxetik kanpo egotea, lan-erritmoa eta egun hauetako intentsitatea?
Aitana: Egun intentsoak eta gogorrak dira, entrenamenduak ondo egiteko presioarekin, baina aldi berean zirraragarriak, entrenatzaileekin eta taldekideekin gauza asko partekatzen ditugulako.
Etxetik kanpoko lehen egunak ondo eramaten dira, baina egunak pasa ahala, etxea, familia, lagunak eta zureekin egiten dituzun entrenamenduak faltan botatzen dituzu.
Santi: Egun hauek gogorrak izaten ari dira. Azkenean, entrenamendu asko daude. Asteazkenean adibidez gorri koloreko egun bat izan genuen; horrek esan nahi du entrenamendu mailan oso saio indartsua eta gogorra dela. Eta bueno, etxetik kanpo egotea zaila da, azkenean beti botatzen baitituzu gurasoak faltan, baina hemen nire lagunak ditut.
Ikasketengatik ere zaila da, nire ikaskideek klasera joaten eta azterketak egiten jarraitzen dutelako, baina nik ez. Baina, hala ere, ez naiz ezertaz damutzen eta une honetaz asko gozatzen ari naiz.
2. Nola jaso zenuten Espainiako selekzioaren lehen deialdia? Zein izan zen burutik pasatu zitzaizuen lehen gauza edo nori kontatu zenioten lehenengo?
Aitana: Federaziotik nire gurasoei deitu zieten eta, esan zidatenean, ezin nuen sinetsi. Nigan gustuko izan zuten zerbait ikusi zutela pentsatu nuen. Noski, nire inguruko familiartekoei kontatu nien berria: amonei, osabei, lehengusuei...
Santi: Lehen aldiz selekziorako deitu zidatenean oso pozik jarri nintzen, eta gurasoei kontatu nien lehenengo, beraiek babesten nautelako inork baino gehiago.
3. Nolakoa izaten da selekzioarekin egun arrunt bat? Zer da esperientzia honetako gauzarik onena eta zer da zailena?
Aitana: Egunero planning bat dugu. Mugikortasun ariketekin hasten gara, gosaria, gimnasioa, ikasteko ordua, bazkaria, atsedena eta zelaira pare bat orduz. Ondoren, afaldu eta ohera, nekatuta.
Pozgarriena zein ondo sentitzen naizen eta guztion artean dagoen giro ona da. Zailena etxetik kanpo egotea da.
Santi: Kontzentrazioko egun arrunt batean goizean esnatzen gara, gosaldu, gero denbora libre pixka bat izan, gimnasiora joan eta ondoren hiru laurdenekoak eta aurrelariak banatzen gara. Gauza batzuk bereizita egiten ditugu eta gero denok batera entrenatzen dugu. Ondoren, bueltatu, dutxatu, bazkaldu eta pixka bat deskantsatzen dugu, normalean siesta eginez.
Arratsaldean beste entrenamendu bat izaten dugu, hori ere nahiko gogorra. Gero bueltatu, afaldu eta ohera. Oso ondo dago, eta onena entrenamenduak amaitzean ondo egin duzula jakitea da, horrela eguna ondo bukatzeko.
4. Santi, orain XVarekin zaude, baina Sevenean ere aritu zara; hain zuzen ere, uztailean M18 Europako txapeldunorde izan zinen modalitate horretan. Aitana, zu Dakarreko Seveneko esperientzia bizitzen ari zara. Zer ematen dizue modalitate bakoitzak eta zer ikasten ari zarete kirol mailan?
Aitana: Rugby 7ak abiadura, erresistentzia, talde-lana eta entrenamendu oso biziak ematen ditu.
Santi: Sevenarekin eta XVarekin asko ikasi dut. Gauza asko eman dizkidate eta hori iruditzen zait onena. Gero deialdian sartzen ez banaute ere, egunero nire ondoan jende onarekin jokatzen egoteak asko ikastea ahalbidetzen dizu.
5. Goi-mailako kirolak ateak ireki ditzake ikasketa arloan, eta kirolariek ikasten jarraitu ahal izateko laguntza-bideak daude. Ezagutzen dituzue aukera horiek? Pentsatu duzue etorkizunean nola lagun diezazueketen?
Aitana: Bai, azkenaldian aukera horiei buruzko informazioa iritsi zait eta, etorkizunean aukera badut, erabiliko ditut.
Santi: Bai, ezagutzen ditut aukerak. Badakit goi-mailako kirolaria izateak ikasketetan lagundu diezadakeela DAN eta DAR programen bidez (goi-mailako kirola eta errendimendu handiko kirola). Ez da beharrezkoa Batxilergoko eta EBAUko hain nota altua izatea; gainditzea nahikoa dut karrera askotan sartzeko.
6. Imajinatzen duzue errugbian maila gorenean aritzea? Kontuan izanda errugbia oraindik kirol minoritarioa dela, uste duzue aukera errealista dela ala zaila da kirol honetan etorkizun profesional bat planteatzea?
Aitana: Bai, zergatik ez? Baina pausoz pauso joan behar da. Gaur egun, uste dut zaila dela errugbian profesionalki aritzea.
Santi: Oraindik ez dut nire burua errugbian profesionalki jokatzen irudikatu, baina argi dago asko gustatuko litzaidakeela. Azkenean, asko gustatzen zaidan kirola da, jokatzeak oso zoriontsu egiten nau eta horretan aritzea gustatuko litzaidake. Zaila izango litzateke, egunero lan asko egin beharko nukeelako eta oso gogorra izango litzatekeelako, baina asko gustatuko litzaidake.
7. Nola eta noiz hasi zineten errugbian jokatzen? Gogoratzen duzue zerk eraman zintuzten kirol hau probatzera?
Aitana: 10 urte beteko ditut errugbian jokatzen eta eskolako lagun batzuk partida batean ikustera joan nintzelako hasi nintzen. Asko erakarri ninduen, probatu egin nuen eta gaur arte.
Santi: Errugbian Sub-14ko bigarren urtean hasi nintzen. Gogoratzen dut lehen futbolean aritzen nintzela, baina ez zitzaidan asko gustatzen, eta nire osaba errugbian ikusten nuen, nik futbolean jokatzen nuen zelai berean. Beraz, ate irekien egun batean probatzera joan nintzen, gustatu egin zitzaidan eta futbola utzi nuen. Ordutik, hor nabil errugbian, topera.
8. Selekzioarekin entrenatu eta lehiatu ondoren, Bera Berarekin jokatzera itzultzen zarete. Zer esan nahi du zuentzat zuen klubarekin eta betiko taldekideekin errugbiaz gozatzen jarraitzeak?
Aitana: Bera Bera nire etxea da. Entrenatzaile eta taldekide guztiak nire erreferente dira eta izango dira. Haiek gabe ez nintzateke gaur naizena izango.
Santi: Horrelako kontzentrazio luze baten edo txapelketa baten ondoren, beti gustatzen zait nire taldera itzultzea, hasieratik nire taldekide izan direnekin, Bera Berakoekin, jokatzea. Gehien gustatzen zaidan gauzetako bat da, betidanik ezagutzen ditudan taldekideekin jokatzea eta oso ondo pasatzea.
Aitana Dakarren (Senegal) dago, Espainiako M18 Seven selekzioa Gazteriaren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari den kontzentrazioan, azaroaren 5era arte. Santi, bere aldetik, XVeko M18 selekzioarekin lanean ari da Europako Txapelketa prestatzeko.
Selekzioa Valladoliden dago kontzentratuta azaroaren 5era arte. Ondoren, Pragara joango dira azaroaren 7an Belgikaren aurka final-laurdenetako partida jokatzeko. Hasieran deitutako 35 jokalarietatik 26k osatuko dute espedizioa. Oraindik ez dago argi Santi haien artean egongo den.
Bi bide desberdin, errugbiarekiko pasio bera eta ikasteko asko aurretik Bera Berako harrobiko bi jokalari hauentzat.











