Bera Bera

Select your language

Larunbatean, Ohorezko B Mailako AVK Bera Bera taldearen lehen lagunarteko partida Iruñako La Única taldearen aurka eta, segidan, bi taldeen espoirsen artekoa. Igandean, Termas Bera Beraren txanda izango da, Ordiziaren aurka arituko dena etxean. Gainera, asteburuan errugbi eskola partidetara itzuliko da, luxuzko programazioa borobilduz.

Osasun-egoerak hobera egiten du egunetik egunera eta, ondorioz, aste amaierako partidak bueltan dira. Horren erakusgarri da asteburu honetako agenda, seniorren taldeentzako lagunartekoez eta errugbi eskolako partidez betea, 14, 12 eta 10 urte azpikoentzako jardunaldiekin.

Gizonezkoen lehen talderako aurreikusita zeuden lehen bi lagunartekoak bertan behera utzi ondoren, azkenean, asteburu honetan, AVK Bera Berak denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa jokatuko du Iruñako La Única taldearen aurka. Bidaia aprobetxatuz, bi taldeetako espoirsek bigarren lagunartekoa jokatuko dute larunbat arratsaldeko programazioan, Kote Olaizola miniestadioan.

16:30etatik aurrera, Gorka Bueno eta Xabi Martinezen mutilek La Única izango dute aurkari: harrobi gazte, zorrotz eta kementsuz osatutako taldea. La Únicako emakumezkoen taldea Termas Bera Beraren aurkari zuzena izan zen aurreko denboraldiko Euskal Ligako txapeldun izateko. Jose Mari Isasak entrenatuta, Ohorezko B Mailako taldea direla argi uzten saiatuko dira iruñarrak, izan ere, iaz Santander mailaz jaisteak Ohorezko B Mailatik kanpo utzi zuen taldea, ez kirol demerituek. Bi talde gazteren arteko partida dinamikoa eta ikusgarria izatea espero da, non protagonista esku-jokoa izango den.

Jarraian, 18:00etan, arratsaldeko bigarren lagunartekoa jokatuko dute harrobiaren aldeko apustu garbia egiten duten bi taldeetako bigarren taldeek. Joan den astean Hernaniko S23 taldearen aurka hutsean berdindu ostean, Goicoechea eta Gomezen mutilek denboraldi-aurreko hirugarren partida jokatuko dute. Aukera ona bi taldeen harrobiak nola garatzen diren ikusteko.

Termas Bera Berak emakumezkoen liga prestatzen jarraitzen du. Igandean, 12:00etan, Ordizia Neskak taldearen aurka jokatuko dute. Inoiz baino fitxa gehiagorekin eta jokalari gazte askoren etorrerarekin, Jokinek, Laurak eta Ametsek jokalari hauek lantzen jarraitzeko aukera dute eta, gainera, beteranoenek lesio izurritea gainditu dute, denboraldi amaiera gogorra utzi zuena, igoera fasea barne. Ilusioak definitzen du taldea, igandean hazten jarraitzeko beste aukera bat baitute.

Euren parean, Arrasaterekin indarrak batu dituen Ordizia izango dute. Goierriko taldeak maila altuko jokalariak ditu, fruitu handiak eman dituen harrobi batetik etorriak, Erbinatarren saga aipagarrienetarikoa izanik. Beraz, partida parekatua eta jokalari gazteez betea aurreikusten da.

Klubeko txikienak ere zelaira itzuliko dira, urte eta erdi baino gehiago partidarik jokatu ezin izan ondoren. Hitzorduak Iruñan eta Plaiaundin izango dira. 14 urtez azpikoek seven modalitateko triangeluarra jokatuko dute igandean 11:00etatik aurrera La Única eta Iruñaren aurka. Txekok, Arratek eta Txufok federazioak denboraldi honetan ezarri duen modalitate olinpikoa probatuko dute gazteekin, jokalari berrienen prestakuntza integrala lortzeko helburuarekin. Entrenamenduetatik harago ondo pasatzeko eta talde aurkarien aurka berriro sentsazioak hartzeko aukera paregabea.

Txikienek, 12 urtez azpikoek eta 10 urtez azpikoek, errugbi jardunaldi betea izango dute igandean Plaiaundin, 10:30etik aurrera Txingudi, Hernani eta Atletico San Sebastianekin batera errugbian jokatuz. Egundoko plana gure errugbilariek disfruta dezaten, desira ikaragarria baitute beste taldeen aurka lehiatzeko. Errugbi festa handia bere bertsiorik txikienean.

Espero dugu bai handiak eta bai txikiak animatzen ikustea asteburuko agenda honetan, denok elkarrekin gozatuz gure kirol maiteaz.

Laguntzaileak / Colaboradores

  • AVK Valvulas

  • Grupo Bultz

  • Goi Recursos Humanos

Laguntzaileak/Colaboradores