Bera Bera

Select your language

Partidua galdu arren irudi ona eta duintasuna eskaini du gure taldeak.

                Multzoko aurkari gogorrena jaso dugu gaurkoan eta esan daiteke markagailuak hori isladatu duela; hala ere esan behar da joko aldetik ikusi dugunak ez duela errealitatea isladatzen markagailuan.

                Lehen laurdena betiko legez ondo hasi dugu; partiduari aurpegia emanaz eta aurkariei hortzak erakutsiz. 5.minuturarte berdindua joan da gauza baina beraiek hiru hiruko jarraian sartu dizkigute eta gora etorri dira, oso goran presionatu digute eta baloi ugari galdu ditugu laurdena 5-24 amaitu delarik.

                Bigarren laurdena hildo beretik joan da; beraiek oso goran presionatzen eta gu itota, paseekin ez genuen asmatzen eta botea ez dugu gogor erabili, honela baloi ugari galdu ditugu eta beraiek sarrera errazak sartu dizkigute. Erasoan baloia ondo mugitzen zuten, hiruko asko sartu dituzte eta ezin izan diogu tanteo erritmo horri eutsi. Markagailua atsedenaldian: 10-47.

                Bigarren zatia ordea beste kontu bat izan da; defentsan aldaketa batzuk egin ondoren ez dute lortu baloia eroso mugitzea eta urruneko jaurtiketen bidez eta presioan lapurtutako baloiekin saskiratze besterik ez dute lortu. Guk aldiz presioa oldarkorrago erasotu dugu eta gure jokoa egiteko gai izan gara; estatikoan 5-5en aurka beraien mailan egon gara eta saskiratze onak lortu ditugu, detalle politak ikusi dira eta joku aldetik maila altuan haritu gara nahiz eta beraien presioak gauzak zailtzen zizkigun.

                Azken laurdena 21-61ekoarekin hasi gara; partidua erabakia zegoen baina taldeak duin jardun du amaierararte, baloiak borrokatuz eta uneoro aurpegia emanaz. Defentsan hainbat jokamolde ezberdin erabili ditugu, hauek entrenatzeko balio izan digu eta datozen partiduetarako lagungarria izango zaigu. Arrasatek aldiz berdin jarraitu du; lehen minututik azkeneko segundurarte zelai osoko presioa eginaz. Honela markagailua bukaeran 29-82 izan da.

Nahiz eta markagailuan aldea izan ez gara sentsazio txarrekin joan etxera; izan ere beraiek presioan baloi asko lapurtu dizkigute eta saskiratze oso errazak lortu dituzte. Horrez gain, 10 hiruko sartu dituzte. Hala ere, estatikoan 5-5 aurka lehiakor jardun gara eta dinamismoa eta sosegua falta izan zaigun arren beraien mailan jardun gara. Alde nabaria fisikoan egon da; atletikoagoak eta handiagoak ziren eta ezin izan dugu eroso jolastu.

Partidu oso duina egin dugu, pozik egoteko modukoa eta horrekin geratu behar gara. Ona neskak!

                Bukatzeko; hausnarketa moduan esan nahiko partidua joan den moduan 40 minutuak zelai osoan presionatuz eta 2 minutu faltan “zona tranpa” eta trap egoerak azkenerarte bilatuz jardutea ez zaigu zuzena iruditu. Maiz iruditu zaigu haien helburu bakarra gu zapaltzea izan dela eta ahalik eta alde handienaz irabaztea. Nire ustez ez da batere hezitzailea izan jarrera hau jakinda partaidetzan gaudela; baina tira klub eta entrenatzaile bakoitzak bere filosofia du, errespetatzen dut baina ez dugu konpartitzen. Zorionak Arrasate.

                Hurrengo jardunaldian Mutrikun jolastuko dugu, ostirala 19:30tan.

 

Luke (-), Eneritz (-), Oihane (5), Arrate (-), Maria (4), Inge (7), Nahia (4), June (9), Maddi (-), Natalia (2)

Laguntzaileak / Colaboradores

Laguntzaileak/Colaboradores