“Aurpegira ematera goaz, nire jokalariengan konfiantza dudalako”
Aurtengo Loterías Ligako partidarik erabakigarrienaren atarian, komunikabideen aurrean Montse Puche ez da bajetan babestu adieraziz “gauzak aldatu behar ditugu baina partidari helduko diogu”, Elorza eta Marta López azken orduko baja izan arren, lehenengoan zuntz haustura batekin eta bigarrenak Egia mutilen taldearen aurkako lagunartekoan.
SUPER AMARA Bera Berak Mecalia Atlético Guardések baino bi puntu gehiago ditu eta Bidebietan lorturiko sei goleko abantaila. Madrildarrak ez du ukatzen “egoera zailetan gaude, baina ahal dugu, aurpegia emango dugu lehian nire jokalariengan konfiantza dudalako”.
Puchek onartu du Arrojeria eta Fernández lesioen aurrean, “fitxaketa onena Ana Martínez da” baina era berean Elorza eta López gabe “hasieran egin nahi genuena aldatu behar dugu”, hori bai, “nire jokalariei adierazi diet non egongo den gakoa eta horretan jardun gara”. Halere, dio “nire jokalariek jakin badakite zein den filosofia eta larunbatean bera egingo da nahiz eta gauza batzuk aldatu behar izan”.
Bere ustez, “garbi izan behar dugu goian egon nahi badugu bidean ditugun edozein oztopo gainditu behar dugula”. Average delakoaz galdeturik, Puchek berretsi du “ez dugu emaitzarekin espekulatuko, puntuak nahi ditugu eta gogo handiarekin goaz”.
Partida defentsan ikusten du “giro beroa izango dugu baina norgehiagoka eramango du defentsan sendoen dagoen taldeak, horregatik, guk intentsitatea handia behar dugu”.
Bi puntuak lortzekotan, “sailkapenean lider sendoa garela adieraziko luke”.