Txapeldunak lehen aldiz, duela hamar urte
Gaur bezalako egun batean, 2007ko martxoaren 29an Valentziako L’Eliana herrian Kopako XXVIII. edizioa jarri zen martxan zortzi taldeekin, horien artean Akaba Bera Bera.
L’Elianan izan ziren orduan: Michaela Ciobanu eta Llanos Trigueros atezainak, Esme López, Matxalen Ziarsolo, Verónica Valverde, hegaleko jokalariak; Zulai Agirre eta Izaskun Arruzazabala pibotean; Tati Garmendia, Patri Pinedo, Raphaelle Tervel, Ana Petrinja, Ixone Mínguez, Natasha Krnic eta Svetlana Obucina lehengo lerroan. Libe Altuna lesionaturik egon zen ia denboraldi osoan. Entrenatzaile moduan Tati Garmendia (entrenatzaile eta jokalaria), Ane Karrere eta Amaia Ramírez.
Final-laurdenetan, donostiarrek finalerdietarako txartela Itxakoren aurka jarri zuten jokoan. Akaba Bera Berak gol bakar batez irabazi zien nafarrei (29-28) Ziarsolok zortzi gol egin zuelarik, Esme López eta Tervel (egun Bessançoneko entrenatzailea) jokalariek seina, Patri Pinedok lau, Garmendiak hiru eta Zulai Agirrek, bi.
Hurrengo egunean atsedena hartu zuten baina Tati Garmendiak hotelean ohean gelditu behar izan zuen neumoniak jota, finalerdia eta finala galduz. Martxoaren 31n, Akaba Bera Berak partida bikaina jokatu zuen Eldaren aurka (28-34), orduan Eider Rubio eta Susana Fraile gipuzkoarrak bertan zirela, Federazioko egungo zuzendari teknikoa Ángel Sandoval entrenatzaile zela. Atsedenaldian 13-15 aurretik zen Akaba Bera Bera eta bigarren zati erdialdean tartea ireki zuen markagailuan. Patri Pinedo eta Tervel jokalariek zortzina gol egin zuten; Zulai Agirrek, sei; Ziarsolok, bost, Esme Lópezek, Verónica Valverdek eta Ana Petrinjak, bina eta Natasha Krnic jokalariak, bat.
Eta finalean, Ribarroja, orduko Ligako eta Kopako txapelduna, azken hau Leonen Akaba Bera Beraren aurka (26-27). Donostiarrentzat Kopako bosgarren finala zen: Pinton 1993an, Donostian 1996n, Eldan 1997an eta arestian aipaturiokoa, Leonen 2006an.
Akaba Bera Berak partida irauli egin behar izan zuen, atsedenaldiko 14-10, alegia. Eta Ciobanuren geldiketei esker egin zuen, izan ere, bigarren zati bikaianak burutu zuen atezainak, hiru penalti geldituz, besteak beste, eta finaleko MVPa lortuz. Horrez gain, Petrinja, Patri Pinedo eta Tervel eraginkorrak izan ziren sei metroetan, Agirre pivotean eta Esme López eta Ziarsolo, hegaletan.
45. minutuan, donostiarrek menperatzen zuten norgehiagoako (18-20), baina Ribarroja gerturatu zen 21. minutuan (20-21). Petrinjak penaltiz sartu zuen gola, ondoren Ziarsolok kontraerasoan; Patri Alonsok –egun Canyamelar Valencian- tartea murriztu zuen eta bi minutu baino gutxiago falta zela eta jokalari bat gutxiagorekin Esme Lópezek trebezi handiarekin gola sartu zuen (21-24). Finalak ezin zuen ihes egin Marta Manguek gola sartu arren, Esme Lópezek erantzuna eman ziona 22-25 markagailuan jarriz eta Kopan Valentziarren hegemonía apurtuz, bigarren ediziotik irauntzen zuena. Golegileak: Esme López, Tervel eta Petrinja (5), Agirre (4), Ziarsolo (3), Pinedo (2) eta Krnic (1).
2007ko apirilak 1: L’Elianak emakumezkoen eskubaloi talde onenen artean kokatu zuen Bera Bera, hamarkada liluragarria osatuz 16 tituluekin: lau Liga (2013, 2014, 2015 eta 2016), bost Kopa (2007, 2009, 2013, 2014 eta 2016) eta sei Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014, 2015 eta 2016), aurten ere jarraipena eman nahi diona.