Urte bukatu bezala hasi du Super Amara Bera Berak, garaipen garrantzitsu batekin, lan handia egin ostean eta tartea bigarren zatian lortuz. Partzialari begira, jokaturiko ligako hamaika partidetan donostiarrek bi berdinketa baino ez dute utzi atsedenaldian: Elxen eta Alcobendasen eta beste bat bigarren zatian, Bidebietan Aularen aurka, gainontzekoetan Super Amara Bera Bera nagusi izan da.
Puche entrenatzailearen taldeak partidak hasi baino hobeto bukatzen ditu. Izan ere, etxetik kanpo, Elxen eta Granollersen Super Amara Bera Bera 7-6 atzetik zihoan 15’ minutuan eta lehengo larunbatean Rocasarekin berdindu zuten partziala (6-6). Granollers izan zen tarte gehiena zabaldu duena donostiarrekiko, 10-6, lau goleko aldea 20. minutuan, halere, taldeak segituan irauli zuen egoera 2-7 partziala lortuz atsedenaldian.
Loterías Ligako partida guztietan, Super Amara Bera Bera 45. minutura abantailarekin iritsi da, gol bakar batez Aula eta Rocasarekin Bidebietan –lehen eta azken partidak- eta bi goleko aldea Elxen eta Alcobendasen. Azken minutuetan indarra izan du taldeak tartea irekitzeko, Elxen izan ezik, mantentzeko lanak izan zituelarik. Mecalia Atlético Guardés izan da azken 15 minutuetan Super Amara Bera Bera gainditzen bakarra, Bidebietan jokaturiko partidan 45. minutuan zortzi goleko aldea zuten gipuzkoarrek eta galizarren sei goletan utzi zuten amaieran, kontuan hartzeko datua.