Gipuzkoako kirol kazetarien elkarteak berriro ere Bera Bera Eskubaloiak egindako lana aitortu du urtero egiten duen galan. Bera Bera RTko presidente Fernando Diez Mintegik jaso zuen garaikurra, Matxalen Ziarsolok ere errekonozimentua jaso zuen eta, besteak beste, Maialen Chourraut Gipuzkoako kirolarik onena izendatu zuten, Rioko Joku Olinpikoetan Urrea lortu eta gero.
Aste honetan itxiko dugun urtea historikoa izango da Bera Bera Eskubaloiarentzat arrazoi batzu medio. Kirol arloan laugarren Liga eskuratu zuen, bosgarren Kopa –eta garaikurra jabegoan-, seigarren Superkopa eta aipagarri gisa, estatuko lehiaketatako jokaturiko 31 partidak irabazi zituen eta Errealari esker, Txapeldunen ligara itzuli zen. Era berean, Matxalen Ziarsolo eta Eli Pinedo ikurrek erretiroa hartu dute eta bestetik, babesle berriak lortu ditu, Super Amarak izena jarri dio taldeari, Euskadi-Basque Country eta Gesalaga berretsi dute apustua eta Spyro eta Autocares David enpresen inplikazioa lortu du Bera Bera Eskubaloiak.