O Porriñon berragertuko da Patri Elorza (asteazkenea, 21etan)
Loterías Ligako lau partida eta Brest Bretagne taldearen aurka EHFko joanekoa galdu ostean, Patri Elorzak taldearekin bat egingo du bihar O Porriño kiroldegian, izan ere, aurreratuko den 10. Jardunaldian Super Amara Bera Berak Godoy Maceira taldea izango du aurrean 21etan (Andrés Rosendo eta Sergio Rodríguez, Galiza).
Hanketako eskuin bikian zuntz haustura gainditzen joan da arabarra, hortaz, Eider Lizarbe ordezkatuko du deialdian. Bidebietan entrenatu da taldea gaur arratsaldean eta bihar goizeko 10,30etan Loiutik abiatuko da Vigoruntz, atsedena hartuko du eta sailkapeneko goiko aldean dagoen taldea izango du zain. Izan ere, Godoy Maceira Porriñok aurreneko sei partida irabazi zituen eta aurkari zuzenen aurkako norgehiagoka guztiak galdu ditu: Mecalia Atlético Guardés, Rocasaren aurka etxean eta duela astebete Prosetecnisa Zuazorekin Lasesarren, hortaz, bostgarrena da sailkapenean 12 puntuekin.
Denboraldiko zati hau 10 garaipenekin itxi nahi du Super Amara Bera Berak, etenaldira lidergoan bakarrik joateko. Elorza egoteak berri ona da lehen lerroko jokalarientzat, Gascan hustuta bukatu baitzuten Pucheren jokalariek, Bretaniako Brest taldeak baliabide ugari erakutsi baizituen.
Super Amara Bera Bera ostegunean iritsiko da Donostiara, arratsaldean bideo ikusiko dute, saio arina burutuko dute ostean eta ostiral goizean Biarritzetik egin du bidaia Brest hirira Parisen geldituta. Arratsaldean entrenatuko dira, larunbatean 20,30etan izango du hitzordua itzulera partida jokatzeko, jakinda erronka oso zaila dela, Gascan 20-25 galdu baitzuen.