12 hilabete irabazten eta beste bi errekor
Larunbatean Bidebietan Base Villaverde talde madrildarra gaindituturik, lehiaketako lider bakarra izateaz gain, Bera Berak 26 norgehiagoka jarraian eskuratu ditu Liga Loteríasen, iazko denboraldiko azken 19 partidak irabazi zituelako eta aurtengo aurreneko zazpiak ere bereganatu dituelarik, hortaz, esan daiteke txapelketa oso bat igaro duela bi puntuak lortzen etengabe.
Gipuzkoarrek txarra ohi izan den urria gainetik kendu dute. Azken porrota A Guardan izan baitzen urriaren 31an Mecalia Atlético Guardésekin (25-20), Bidebietan Rocasarekin (26-27) galdu eta handik astebeterara. Ondorioz, Pucheren taldeak 19 garaipen erresakadan lortu behar izan zituen laugarren Liga eskuratzeko, Telden maiatzean (18-23) gol average delakoa ere bereganatu zuelako.
26 garaipen hauek klubean errekorra suposatzen dute. Iaz irabazitako 19 partidekin 17 garaipenak gainditu zituen Puchek, Reyes Carrere 12-13 amaieran lorturiko sei norgehiagoka eta Imanol Álvarez, 13-14ean hasierako hamaika partidek osatu zutena.
Bi denboraldiko norgehiagokak izanda, egutegiak zeresan handia du. 2015eko azarotik gaur egun arte, donostiarrek behin bakarrik izan dute aurrean Guardés nahiz Rocasa. Super Amara Bera Berak Galizako bi taldeen aurka amaituko du ligako lehen fasea, Bidebietan Guardés hartuko du azaroaren 9an (asteazkena, 19etan) eta O Porriñon, azaroaren 16an jokatuko du, biak aurreratuta Brest Bretagne taldearen aurkako kanporaketa dela eta. Rocasa urtarrilaren hasieran hartuko du Bidebietan.
2016. urtean, porrot bakarra
Gainontzeko lehiaketei erreparatuz gero, gipuzkoarren bolada 31 garaipenetara luzatuko litzateke. Ligako partidaz gain, Kopako lau (Zarautzen finalzortzirenak) eta Porriñoko hirurak (Helvetia Alcobendas, Mecalia Atlético Guardés eta Prosetecnisa Zuazo) eta Iruñeako Superkopa bizkaitarren aurka.
Hortaz, 2016an jokaturiko 30 partidetatik, guztiak bat ezik irabazi ditu Bera Berak, ligako 23 irabazi ditu, Kopako lau, Superkopa eta Europako bat, Champions Leagueko sailkatze faseko hirugarren izateko lehia Bielorrusiako HC Gomel taldearen aurka. Gascan irailaren 7ko norgehiagoka baino ez dute galdu donostiarrek, Austriako Hypo NÖ taldearen aurka jokatu zuena (25-21).
Bi denboraldi hauetan taldean eman diren aldaketak ere kontutan hartu behar dira, izan ere, 15-16 denboraldi hasieran defentsan oreka lortzea kostata izan zen, Núñez eta Elorza galduta, aurten ere Pinedo, Ziarsolo, Fernández eta Yáñez bezalako eskarmentu handiko jokalariak ere ordezkatzen ari da.
Lehenengo aldiz 48 gol
Bera Berak 46 goleko marka finkatuta zuen, 1994ean Disnorte Bilbao taldeari egin zizkionan –Juan Carlos Elorzaren datua) eta 2013ko apirilean Cleba Leon sartutakoak, hortaz atzoko partidako emaitzak (48-13) langa hori gainditzeaz gain beste bat ere apurtu zuen, bi taldeen arteko golen aldea, orain 35 goletan ezarri duena (lehen Elorzak jasota, 28).