Jokalari guztiak Bergarara (19etan)
Lehiaketa ofizialari datorren larunbatean Iruñan ekin aurretik, Super Amara Bera Berak aurredenboraldiari amaiera jarriko dio gaur arratsaldean. Urriaren 2an Bergaran ospatuko den Kilometroak 2016 egitasmoaren aldeko lagunartekoan, Labegaraieta kiroldegiak 19etatik aurrera hartuko du aurten zilarrezko mailan arituko den Aiala Zarautz eta Super Amara Bera Bera taldeen arteko partida.
Joku Olinpikoetan aritu diren Patri Elorza eta Marta López jokalariek astelehenean taldearekin bat eginda, Montse Puche entrenatzaileak plantilla osoa bere esanetara du denboraldiari hasiera emateko. Larunbatean izango da Iruñako Anaitasuna kiroldegian, Superkopa izango baitute jokoan Super Amara Bera Berak eta Prosetecnisa Zuazok, bizkaitarrak O Porriñoko Kopan finaleraino iritsi zirelako.
Ohorezko mailako 15 jokalariei Eider Lizarbe gehituko zaie. Aurredenboraldian zehar landutakoa berretsi nahi du Puchek eta Elorza eta Marta López sistemetara egokitu. Arabarrak hiru urte eman zituen Bera Beran, Pucherekin lan egitea badaki eta gainera, Judith Sans eta Ana Martínezekin aritu da selekzioan Rioko Joku Olinpikoak prestatzen. Eskuin hegaleko jokalariarentzat guztia izango da nobedade, halere, bere kalitatea eta eskarmentua lagun laster egokituko da jokura.