Gaur eguardian Donostiako udaletxeak hartu du Egiako XXII. Naziarteko txapelketaren aurkezpena, emakumezkoetan Super Amara Bera Bera, Prosetecnisa Zuazo Barakaldo, Helvetia Alcobendas eta Frantziako Celles sur Belle taldeen partaidetzarekin.
Bidebietan izango dira finalerdiak eta Egiak hartuko digu larunbateko partidak. Madrildarrak eta frantziarrak txapelketa irekiko dute Bidebietan 17etan eta 19etan Super Amara Bera Bera eta Prosetecnisa Zuazo Barakaldon txanda izango da. Irabazleek elkar ikusiko dute larunbatean Egiako kiroldegian 12,30etan. Bi ordu lehenago, 10,30etan leku berean, hirugarren eta laugarren postuak finkatzeko lehia jokatuko da.
Aurkezpenean, txapelketaren antolatzaile Álex Elezgarayk azpimarratu du “lortu dugun maila, urteetan gizonezkoen aurredenboraldiko txapelketarik onena izan da, jarraitzen du izaten eta aurten lortu duguna da emakumezkoena ere estatuko lagunartekorik onena, Bera Beraren inplikazioarekin”. Izan ere “bertan dira Liga eta Kopako txapeldunaz aparte, laugarren sailkatua Helvetia Alcobendas, Kopako finalista Prosetecnisa Zuazo eta goi mailara igo den Frantziako Celles sur Belle taldea”. Elezgarayk ezagutzera eman du osteguneko finalerdietarako salneurriak 5 euroetan daudela eta hamar eurotan larunbatekoak.
Gizonezkoetan azpimarragarria da Asobal ligako Bidasoa, Naturhouse La Rioja eta Helvetia Anaitasunaren eta Frantziako Nantes taldearen partaidetza. Nafarrek eta frantziarren irekiko dute Egian txapelketa ostiralean 18etan eta ondoren -20etan - Bidasoa eta Naturhousen txanda izango da.
Aurkezpenean izan da Super Amara Bera Berako Uxue Ezkurdia. Egiakoa izanik, eskuin hegaleko jokalariak onartu du “bertan jokatzeak niretzako berezia da, nire auzoa delako” eta era berean eskertu du “emakumezkoen txapelketari eman zaion bultzada”.
Bestetik, Donostiako kiroletako zinegotzi Martin Ibabek “arri bitxitzat” jo du txapelketa, zoriondu du antolakuntza “lortutako maila handiagatik” eta azpimarratu du “Bera Beran inplikazioa emakumezkoen txapelketa indartzeko”.