Leire Aramendia bere aurreneko denboraldia betetzen ari da Super Amara Bera Berarekin. Taldeko lehenengo fitxaketa izan zen ezker hegalekoa indartzeko eta aurrendoraldiari errepasoa jo dio, arlo fisikoak lehentasuna hartzen duen une honi. “Tokatzen zaiguna da, fisikoa landu korrika eta korrika egin behar dugu eta” dio nafarrak.
Leringo jokalariak halere “harrituta dago taldeak daraman erritmoarekin entrenatzen hain denbora gutxi eramanda. Hemen dena da azkarra, intentsitate handikoa eta egia esanda oso gustora nago entrenaldiekin”. Aramendiak “Madrilgo bero itogarria” aldatu du “hemengo hezetasun itogarriagatik” eta azaldu duen bezala “entrenaldiak ere ezberdinak dira, Alcobendasen denbora gehiago ematen genuen baina hemen gimnasio lana beste era batera lantzen da, teknika eta taknikaz aparte. Beste lan eredua da”.
Taldeari nola moldatu den galdetuta, “oso ondo” erantzun du, “batzuk ezagutzen nituen eta Unibertsitate mailako Mundialean ere batzuekin egon nintzen eta oso ondo hartu naute”. Izan ere, “lehenengo bidaian elkar egoteko irrikan nago”.
Super Amara Bera Berak atzo egin zuen bidaia Frantziara eta gaur bere lehenengo saioa burutu du Celles sur Bellen.
Ia hiru asteko “saio gogorrak pasatu ostean, entrenaldi karga handiarekin”, Aramendiak onartu du “lehiatzeko irrikan gaude”. Iaz bezala, Super Amara Bera Bera Celles sur Belleko txapelketan parte hartuko du Tourseko Chambray eta bertako taldearekin, Frantziako elite mailara igotzea lortu dutenak.
Nafarrak jakin badaki “lagunartekoak hasteko aurkari gogorrak dira”. Eta jakinaren gainean jarri dute taldekideek “esan didatenez oso talde fisikoak dira, intentsitate handiko partidak dira baina oso ondo datozkigunak aurredenboraldia osatzeko eta non gauden ikusteko”.
Taldeko jokuaz dio “oraingoz ondo, jokua ez da hain zaila eta batez ere arlo fisikoa lantzen ari gara”.